Total Pageviews

Saturday, December 09, 2006

Juan Arana “Loramendi” (1907-1933): “Erri guziak emen balira!...”




Gabonak hurbil baino hurbilago ditugu eta une egokia da gure literaturan Jesus Haurraren jaiotzari eskainitako harribitxiren bat ahanzturatik erreskatatzeko.
Juan Arana, “Loramendi” ezizenez ezagutua, idazle fin eta ahaztu horietako bat dugu. Gipuzkoako Bedoña herri txikian jaio zen 1907an eta hamaika urte zituela kaputxino izateko ikasketak hasi zituen. 1925ean Zangozan jantzi zuen kaputxino jantzia eta apaiz ikasketei ere jarraipena eman zien. Baina apaiztu orduko Jaunak zerura eraman zuen. Bere bizitza laburrean (1933an hil baitzen) hainbat olerki idatzi zituen. Horietako bat Zeruko Argia aldizkarian argitaratua izan zen hauxe: "Belengo argi-lorea". Bertan Jesus Haurra bere olerkiaren “argi-lorea” dugu. Lau zati dituen konposizioa honek, egitura aldetik behintzat, antzerki lan baten nolabaiteko antzekotasuna dauka. Eduki narratiboa ere badu, nahiz eta oso estilizatua eta minimizatua den. Izan ere, handiusteko hitzak soberan daude (“Ixildu bitez itzak!... Mututu mingaiña!...”) kontenplaziorako eta gurtzarako (“auzpeztu nadin lenbailen!...”) egindako konposizio honetan. Jesus Haurraren aurrean giro lirikoa bere gailurrera ailegatzen da, oso gailur xamur, apal eta lasaia. Sentimendu gazi-gozoa dario kontenplazio horri; izan ere, faltan botatzen ditu Jainkoaren Semea jaio dela ez dakiten herriak eta jendeteria: “Erri guziak emen balira!...”.
Gabonetan lasai-lasai eta patxadaz dastatzeko moduko olerkia.