Total Pageviews

Thursday, March 29, 2007

Erridikuluaz

Erridikulua benetan kaltegarria da.
Eta erridikulua egiten ari dira batzuk hemen.
Bakezko egoera batean, ez dago jada etsai monstruosorik, odoltsurik, errukigabekorik.
Eta asmatu behar dute.
Eta kondaira eraki behar dute. Epe motzean arrakasta izango du sasi-mamu horrek sortutako beldurrak. Gaurko ogia, biharko gosea baina.
Horregatik probokazioak: azken kartutxoak, Ibarretxeren deklarazio egunean, kasurako. Zoritxarrez zoro batek eman zien espero zutena.
Hala ere, aurkitzen dituzte gertaerak, aitzakiak horren erridikulu ez sentitzeko.
Errekontziliazioaren balioa ez dakit ahaztuxe samar ez ote dugun. Eta inoiz baino beharrezkoago dugu. Bestela, ez dago benetako bakerik. Azalekoa agian, baina hauskorra izaten da hori, denbora laburrekoa, zaurien zornea sendatzen ez duena.
Probokazioen kontuari berriz ere eutsiz, horretan ari direnak ere gure adietasunez domatu behar ditugu. Hitz ozpiduei, eztizko hitzekin erantzun. Hitz garratzei, hitz goxoekin iardetsi.
Orduan eurak ere erridikulua egiteari utziko diote. Eta agian ados jarriko gara zeozertan. Eta gurdiari tiraka egongo gara jada guztiok, erridikulukeriak albo batera lagata.

Tuesday, March 20, 2007

Adimena iraindu? Eta zer?

Txikitan kromoekin negoziatzen genuen, nork bere bilduma osatu ahal izateko.
Pasa den asteburuan, hilak 17, Iruñean manifestazio handi bat izan zen. Nafar izaera defendatzea zen bere helburuetako bat (gaztelera hutsean, ze kuriosoa!) eta Nafarroa ez zela negoziagai aldarrikatzea ere bai.
Zergatik lotu ditut gertakari hauek biak? Nik ere uste dudalako Nafarroa ez dela kromoekin bezala tratatu behar.
Baina uste dut ez dela hori "navarristen" benetako kezka. Antzina bati entzun nion: "Navarrista navarrero, que se te ve el plumero, que dices que eres navarro y español eres primero" (barka nire transkripzio eskasa).
Hori dela eta, manifestaziaren aurka egon diren batzuek esan izan dute antolatzaileen esanetan inteligentziari egindako irainak egon direla eta haien kontra itzuliko dela hau guztia.
Agian bai, agian ez.
"Gran Hermano", latinamerikar kulebroiak eta prentsa-arrosa kutsuko arratsaldeko txutxumutxu-saioak ere inteligentziari egindako irainak dira, irain garbi eta argiak... Hala eta guztiz ere, milioika pertsonek ikusten dituzte, audientzia itzela dute, urte batean bai eta hurrengoan ere bai...
Beraz, ez sobera fidatu inteligenteen matxinadarekin.
Hori bai, ziurrenera batzuk jaitsi dira propaganda hau guztia daroan trenbidetik. Bejondeiela.
Baina zuhurtasunez eta tinkotasunez lanean jarraitzeko unea da.
Zor zaiguna tinkotasunez eta era zibilizatuan eskatzen jarraitu behar dugu: Nafarroaren izaera defendatu nahi? Primeran. Bada defendatu egizu euskaraz ere. Lehenengoz aitortu, horretan behintzat, akats bat egin duzula. Bigarrenez: nola kitatuko duzu zor hori?
Hori da eman beharreko aurreneko pausoa, nire ustez.
Gure adimena iraindu dutela? Horretan errukia merezi dutelakoan gaude: ez dago itsutasun sendaezinagorik itsutasuna bilatzen duenarena baino. Gizajoak. Gure laguntza behar dute, ez gure mespretxua.