Izan ere, ama gazte asko, haurdun geratzean, bakarrik sentitzen dira, haurraren aitak erantzunkizunik hartu nahi ez duelako, gurasoen presioa dutelako, egoera ekonomiko gogorrean daudelako... edota hainbat arrazoirengatik. Nafarroako progresistek eta euren burua abertzaletzat duten batzuek, berriz, amaren sabelean dagoen haurra akatzea baizik ez dute proposatzen... hori eta "heziketa sexuala" areagotzea. "Heziketa sexuala" inoiz baino gehiago dugun garaiotan, hain zuzen, inoiz baino abortu gehiago praktikatzen dira, ordea. Konponbide "aurrerakoi" hori ez al da kale egiten ari?
Barkatu, ni abertzalea sentitzen naiz, eta ez dut maite seme-alaba nafarrak akatzea. Nafarroako eta Euskal Herriko balio eta inbertsiorik onenak gure seme-alabak ditugu.
Zenbait kasutan, kontzientea naiz, seme-alaba horiek ez dute aurkituko beren ama biologikoarengan aukerarik familia-giro bat izateko. Kasu horietan adopzioaren bidea ere badago, eta ekimen hau horri laguntzera ere bazetorren. Zenbat bikote ote daude Nafarroan eta Euskal Herrian semetxo edo alabatxo bat adoptatzeko esperantzetan? Haiek ere ez al dute merezi gure "aurrerakoien" laguntza?
Batzuk "eskandalizatu" egiten dira umeen abortuak Nafarroatik kanpo egin behar direlako (ordainduta, hori bai). Baina ez al da eskandalagarriagoa amen egoera lagundu nahi duten ekimen bat Nafarroako Parlamentuko PSN, NaBai eta EBren laguntza ez jasotzea?