Total Pageviews

Monday, June 27, 2011

Adoro te devote, euskaraz


San Tomas Aquinokoa (1224-1974) izan zen otoitza eta olerki eder honen egilea, Eukaristiari eskainia. Euskarazko bertsioa interneten jasotzea oso zaila egin zait. Egizue proba. Baina euskaratuta dago otoitza hori, bai. Eta merezi du ezagutzea. Itzulpen hoberik egin daitekeela? Hobetzen ahal dela zerbait ere? Agian. Baina nik uste dut orain daukagun bertsioa nahiko ondo eginda dagoela eta Jaunaren Gorputz Sakratua ospatu berri dugun honetan, hortxe daukazu, irakurle dastatu eta gure Jaunarekin solasteko.


ADORO TE DEVOTE

Eraspenaz maite zaitut, Jainko ezkutua,

egiazki gordeta hauen irudipean.

Zure aurrean zeharo menperatuta dago nire bihotza,

oso-osorik gurtzen ziatu zu ikustean.


Zutaz epaitzerakoan okertzen dira ikusmena, ukimena, dastamena;

baina zinez sinesteko entzumena da nahikoa;

Jainko Semeak esan duen guztia sinesten dut;

ezer ez da benetako hitz hau baino egiagoa.


Gurutzean jainkotasuna estalia zegoen,

baina hemen gizatasuna ere da ezkutu;

sinesten ditut eta aitortzen biak,

ezer ez da benetako hitz hau baino egiagoa.


Zauriak ez ditut ikusten Tomasek so egin zien bezala,

baina aitortzen dut nire Jainkoa zarela;

egizu zuengan gero eta gehiago sinets dezadan,

Zuregan itxaron, maite zaitzadala.


Oh, Jaunaren heriotzaren oroigarri!

Gizonari bizitza ematen dion Ogia!

Emaiozu nire arimari zutaz bizi dadila,

zure eztitasuna beti dezala dasta.


Jesus Jauna, pelikano ona!

garbi nazazu, ni zikin hau, zeure odolaz,

mundu osoaren hobenak

garbi ditzakeen ttanta-odolaz.


Jesus, orain ezkutua dakusdana,

irrikaz nahi dudana eskatzen dizut bete dadila,

zure aurpegia agerturik begiratzean,

zure aintza ikusiz, zoriontsu izan nadila. Halaxe.

Monday, June 13, 2011

Elorrio, ulertzen ahalegindu




Egun batzuk pasa nituen Elorrixon. Deskontektatzen, atseden pixka bat hartzen. ANV zegoen udalean nagusi.
Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka da ezker abertzalearen helburu-izar horietako bat, hori gauza jakina da.
Bada ANVko zinegotziei eta alkateari "herri galdeketa" bat egin behar zutela otu zitzaien domeka batean, herriko frontoian. Aurreko hiruzpalau egunetan auto bat (gutxienez) ibili zen goiz eta arratsaldez gora ta behera herriko kale eta estarta guztietatik AHTren aurka herritarrak bozkatzera joan zitezen. Ni ez naiz ez bataren bestearen oso aldekoa, baina hori ikusi eta gero argi daukat fijazio ia patologikoa dutela ezker abertzaleko batzuek kontu horrekin. Kontua da hiruzpalau egunez, "bozkaketa" egunean barne, nik -elorriotar ez naizen honek- tortura psikologiko bat jasan behar izan nuela. Elorriok herrialde komunista amorratua ematen zuen, bere propaganda komunista adoktrinarioa eta guzti. Goiz eta arratsaldez: oihuak bozgorailuetatik, mehatxuak kasi.
Duela gutxi EAJko emakume bat izendatu dute alkate Elorrion: Ana Otaduy. Bilduk bozka gehiago lortu ditu EAJk baino, baina zinegotzietan berdinduta dago EAJrekin. PPk zinegotzi bat atera du Elorrion: Carlos García. Eta horrek EAJri eman dio botoa. Udaletxean zirkoa. PPko zinegotzi horri txakurkeriak esan dizkiote, EAJko alkatesa berriari ere bai. Ez diote berba egiten utzi zenbait momentutan.
Tira, bideoa ikusi besterik ez dago (klikatu izenburuan).
Urizarrek, Bilduko arduradunak dio oihu, irain eta jarrera horiek ulertu behar direla.
Kontu txiki bat soilik aipatu nahi dut: noren botoekin lortu du PPko zinegotzi horrek bere postua? Elorriotar batzuen botoekin. Horiek ere "faxista" kriminalak ere badira? Agian "herri galdeketaren" propaganda jasateko prest ez zeuden batzuk ere izango ziren. Ni PPren ideologiarekin inondik inora bat ez etorri arren, neurri batean ulertzen ditut elorrixotar horiek.

Euskal Herriko Unibertsitateak master europar berria abiatuko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzaz

Aurtengo irailean Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarriko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master berri bat. Holandako Groningengo Unibertsitatearekin batera antolatu du EHUk masterra eta burutzen duten ikasleek doktoregoa egiteko aukera izango dute. Masterrak eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile kualifikatuak bihurtuko ditu ikasleak eta pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko ditu.


Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master europarra (European Master in Multilingualism and Education - EMME) jarriko du abian 2011-2012 ikasturtean. Unibertsitateak jakinarazi duenez, masterrak irakaskuntza bikaina eta kalitate handiko ikerketa sustatzea du helburu eta programaren baitan pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko dira.

Masterreko ikasleek gaitasun hauek landuko dituzte eta helburu izango dute:

-Eleaniztasunaren alderdi psikolinguistiko, soziolinguistiko eta hezkuntzazkoei buruzko jarrera kritiko analitikoa garatzea
-Eleaniztasuna eta hezkuntzan goi mailako espezialista bihurtzea
-Eleaniztasuna eta heziketarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko gaitasuna lortzea
-Testuinguru soziolinguistikoarekin lotuta dauden hezkuntzako programa eleanitzak diseinatzeko gaitasuna lortzea
-Hezkuntza sisteman berrikuntza-prozesuak planifikatzeko eta ezartzeko gaitasuna lortzea
-Eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile trebea eta kualifikatu bihurtzea

Programak hiru arlo desberdin ditu: ikastaroa (60 ECTS), Practicum-a (30 ECTS) eta ikerketa lana (30 ECTS). Eskolak irailean abiatuko dira.

-Informazio gehiago eskuratzeko hona jo: www.multilingualeducation.eu

-Arduradunekin zuzenean hitz egin eta informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, harremanetan jar zaitezke Xabier Etxaguekin (xabier.etxague@ehu.es, tel: 0034943015612); Jasone Cenozekin (jasone.cenoz@ehu.es) edo Durk Gorterekin (d.gorter@ikerbasque.org)

Tuesday, June 07, 2011

Hiroshima: orain arte ikusi gabeko argazkiak


Duela 66 urte gertatu zen. Bonba nuklear batek 140.000 mila pertsona hil zituen gau batean. AEBek berehala egin zituzten ahaleginak beren sarraskiaren irudiak argitaratu ez zitezen. Orain, 66 urte geroago, orduan argia ikusi ez zuten zebait irudi argitaratu berri dira (KLIKATU artikulu honen izenburuan). 140.000 mila pertsona: erraz esaten da. Zaurituak eta gerora erradiazioaren ondorioz gaixotasunez (minbizia) hilko zirenak beste milaka eta milaka. Ameriketako Estatu Batuek botatako bonba izan zela gogoratu behar da, baten bati ahaztu egin bazaio ere.
Barkamena eskatu al dute inoiz?
Elizak, adibidez, barkamena eskatu du askotan (Joan Paolo II.a Aita Santuak behin baino gehiagotan) XVI eta ondorengo mendeetan zenbait klerigok parte hartu zutelako zenbait epaiketetan, zenbait pertsona sutara bidali zutenak. Mundu "zibilizatu" honetan, berriz, modu basatian di-da batean 140.000 pertsona akatzen badira, ez ei dago arrazoirik barkamena eskatzeko.
Ni ez naiz yankee-ren aurkako horietako bat, baina argi daukat nazio horren arduradunek ardura handia dutela oraindik duela zenbait hamarkada gizatasunaren kontra egin diren zenbait fetxoria direla bide. Haien barkamen-eskaeraren zain gaude: eska dakieken gutxiena delakoan nago.

Monday, June 06, 2011

Komentarioak...



Blog hau inork gutxik irakurtzen duenez, zilegi zait kontatzea. Nire urrutiko eta gertuko haurride batzuekin bazkaltzea tokatu zitzaidan. Urrutiko haurride horiek ez dira gaiztoak, ez. Gauza on asko dituzte, baina gabezitxo batzuk ere bai: tartean kristau fedearen “praktika” utzia dutela. Jakina, badute sarritan errepikatzen dituzten zenbait lelo, koartada bezala. Adibidez, honakoa: “Vatikanoko “aberastasunak” salgai jarriko balituzte, berehala amaituko litzateke munduko gosea”. Sarritan entzun izan dudan komentarioa. Ez dakit zer imajinatzen duten: klerigo koadrilla bat han Vatikanoan, luxuz inguraturik, atsegin patsetan. Eta, jakina, irudi hori onartezina da, “beraz” nola nik fedea praktikatu? Gainera, eurek Eliza, gehien jota ere, ONG soil bat bezala ikusten dute: agian horixe izan delako azken hamarkadetan zenbait klerigorengandik entzun duten mezua.

Tira, badago azaltzea Vatikanoan dauden “aberastasunak” arte lanak direla, gehien gehienak kristautasunari lotutakoak. Zentzuzkoa da Jainkoa gurtzekoak diren lan horiek Elizaren egoitza nagusian egotea. Hala begitantzen zait, behintzat. Gainera, “aberastasun” horiek gastuak dakartzate: zaindu behar dira, konpondu, eta abar. Ez dakit oso errentagarria den horiek guztiak edukitzea.

Baina, zertarako horrelako azalpenetan sartu? Haurride horiek horrelako komentarioak egiten dituztenean, telebistan Aita Santu baten beatifikazioari buruzko zerbait entzuten dutelarik, ez dute errealitate hori aztertu nahi. Aitzakia bat aireratzen dute, eurak sinismen-bizitzatik urruti daudela-eta, beren egoera zuritzeko.

Ingalaterrako errege-ezkontza ikusten aritu direla, hori bai, eta ez zaie bururatzen ezkontza horretan zenbat diru xahutu den: desfileak, prestakuntzak, hedapen mediatikoa, jantziak, bertaratutako kazetariak, munduko agintariek egindako bidaiak eta erreserbatutako hotelak... Zer esanik ez gerrarako erabiltzen diren tramankuluak aipatzen hasten bagara: punta-puntako hegazkinak, gerra-itsasontziak, misilak... Beraietan xahututakoaren hamarren bat (ehunen bat!) nahikoa izango zen Vatikanoko “aberastasun” guztiak erosteko eta dirudun horien etxeetara (jauregietara) eramateko. Zer polita, ezta? Michelangeloren Pietatea Berlusconiren txalet batean, edo Caravaggioren lan bat Sarkozyren jauregi batean... bitartean kristauok lan eder eta erlijiozko horiek bertatik bertara ikusi ezinik...

Baina azalpen hau luzeegia irudituko litzaieke, eta bigarren segundoan arreta galduko lukete, edota txisteratik beste aitzakia bat aterako lukete. Kontua da sinesmenarekiko errefraktantea izatea, kontua da gu maite gaituen Jesusengandik “babesteko” aitzakiazko oskola bat jartzea.

Tira, ez ditut epaitu nahi. Denok gara ahulak. Nik, haien alde errezatzen jarraitzen dut, eta ahalik eta ondoen (kariñoz, ahal bada) tratatzen ditut. Ea noiz edo noiz oskola hori gastatu eta permeable bilakatzen diren, Jesusen maitasuna noiz edo noiz dasta dezaten eta bere Pizkundeaz, haiek ere, poztu gaitezen.

Erabaki, ez geroko utzi



Apalategian neukan, hautsa biltzen. 2006an argitaratua izan zen eta 2007tik jada eskuratua neukan, baina gerotik gerora ibili naiz liburua irakurtzeko erabakia atzeratzen, aitor dut. Baina azkenean irakurri dut. Propóntelo, propónselo. Evitar el SIDA liburuaz ari naiz hiru osagilek egindako liburuaz hain zuzen. Jokin de Irala, Matthew Hanley eta Cristina López dira egileak. Garai bateko kanpaina baten parafrasia eginez, egileak ederki azaltzen dute gaixotasun latz hori zertan den. Gaixotasunaren prebentzioaz munduan zehar hartu diren erabakiak eta estrategiak aztertzen dituzte eta modu pragmatiko eta non izan duten arrakasta eta non ez azaltzen digute. Harrigarria da gaixotasun honen tasak non jaitsi diren nabarmenen, datuek erakusten dutenez: “A, B eta C” direlako pausoak kontuan hartu diren lekuetan hain zuzen.

Zeintzuk dira pauso horiek? Hona hemen, labur esanda: “A” pausoa, gaztetxoen artean sexu harremanak Atzeratzea edota, komeni den kasuetan “Abstenitzea” litzateke. Arrisku taldean ez sartzeko begien bistako erabakia da, prentsa txarra duena, baina eraginkorrena. “B” pausoa, berriz, honetan datza: bikoteak elkarrekiko fidelak izan behar dira: ez da osasungarria (ezta etikoa ere) maitasun kontuetan eta sexu kontuetan batzuekin eta besteekin esperimentatzen aritzea, jolas inofentsioboa izanen bailitzan. “C” pausoak, azkenik, honela dio: aurreko pausoak (eraginkorrenak) emateko prest ez bazaude, gutxienez zure bikotea(k) ez kutsatu (zeren zu zeu ziurrenera kutsatu egingo zara) eta horretarako neurri batean preserbatiboak lagunduko dizu. Neurri batean, jakina: ehuneko ehunean ez du beti funtzionatzen eta, gainera ziurtasun faltsu bat ematen dizu: “bera erabilita edozein gauza egin daitekeenarena”.

Estudio honek erakusten duenez, SIDA edo IHESAren aurkako kanpainak preserbatiboaren promozioan soilik oinarritu direnean (“C” pausoan soilik), gaixotasun horrekin kutsatu direnak izugarri handitu dira. Afrika eta beste kontinenteetako hainbat herrialdetan izandako eboluzioak erakusten dizkigute egileek, modu dibulgatibo ulerterrazean. Ostera, “A eta B” pausoak azpimarratu diren herrialdeetan –Uganda izan zen kasu horietako bat, batez ere 90ko hamarkadan– kutsatutakoen portzentajeak nabarmen egin zuen behera.

Hainbat osasun erakundek hiru pauso hauek (A, B eta C) azpimarratzen dituzte, behin eta berriz, nahiz eta sarritan “C” pausoa soilik bultzatzen den, interes jakin batzuek bultzatuta eta herritarrei usteldutako informazioa ematen zaien bitartean, hainbat uzta penagarri bilduz. Horretaz guztiaz mintzo da liburu irakurterraz hau, hamaika datu zehatz emanez.

Eta bitxia da –hara kasualitatea!–, hain zuzen ere Eliza da “A eta B” pausoetan Maisu: kastitatearen balioa eta edertasuna aldarrikatzen eta irakasten duelako (A) eta ezkontzaren fideltasunaren bultzatzaile onena delako (B). Elizaren irakaspenei kasu egin zaien herrialde eta giroetan gaitz izugarri horrek ez du zabalpenik izan. Horregatik are eta harrigarriagoa da zenbait sektoretik Elizari egin dizkioten kritikak, kritika manipulatuak, esanez Bera dela gaitz horren zabalpenaren erruduna. Hori guztia deuseztatu egiten da liburu sinpatiko hau irakurtzen baduzu, irakurle. Ez egin nik bezala, eta ez gerotik gerora ibili: irakurri lasai lehenbailehen eta gozatzeaz gain zure kriterioa edo irizpidea aberastuko duzu hain garrantzitsua den alor batean. Ni damu naiz lehenago irakurri ez izanaz... edo, modu positiboan esanda, poztu naiz irakurri izanaz!