Txirrindulazea naiz, bai. Eta horregatik Gino Bartalliren istorio batek deitu zidan atentzioa. Han goitik itsasoa ikusten da izeneko eleberria irakurri nuen, Julen Gabiriarena. Datu historiko batzuetan oinarriturik eleberri bat asmatu du galdakaoztar honek. Gerora, Ander Izagirre kazetari finak bere Plomo en los bolsillos izeneko liburu apartan, G. Bartalliren balentriak ekartzen dizkigu gogora, ongi kontatutako balentriak ere (http://gentedigital.es/comunidad/anderiza/2012/03/26/el-ciclista-que-salvo-a-800-judios/).
Izan ere, Italia (eta Erroma ere bai) naziek okupatua izan zen eta egoera horretan judutarren kontrako jazarpen bat martxan jarri nahi izan zuten. Jazarpen horren kontra Eliza katolikoa izan zen nagusi, Pio XII.a buru zutela. Michael Tagliacozzo, Erromako nazien sarekadak ongien eta zabalenen aztertu dituen egilea dugu eta Aita Santu hura giltzarria izan zela judutar asko salbatzeko adierazten du. Hori dela eta, zenbait dokumentu nazietan ikusi denez, Hitler oso haserre zegoen Pio XII.arekin, judutarrak komentuetan eta elizetan ezkutatzen zituelako. Bere aginduz, eta hainbat apaiz katolikoren erantzunari esker, Erroman lau milatik gora judutar salbatu ziren naziek antolatutako deportazio ahalegin batetik.
Judutarrak salbatzeko sarean hainbat katoliko sartuta zeuden Italian. Giorgo Nissim Pisa hiriko judutarrak atera ditu hainbat datu, berak, hainbat oztopo gaindituta apaiz katoliko oblato batzuen laguntza jaso baitzuen judutar asko nazien hatzaparretatik salbatzeko. Gino Bartalli, txirrindulari katolikoa (Giro eta Tourraren irabazlea, besteak beste) sare horren kolaboratzailea zen. Bere bizikletaren tubo edo hodietan (sillinaren azpian) judutarren argazki eta datuak eramaten zituen elizgizon eta lekaimeen pean zeuden inprenta klandestinoetara. Horrela, judutarrentzako dokumentu faltsuak egiten zituzten, kontzentrazio zelaietara joan ez zitezen. Entrenatzen ari zelako itxura ematen zuen, baina, bere koadernoetan idatzita utzi zuenez, ongi prestatzen zituen bere ibilbideak dokumentu horiek entregatu eta jasotzeko; baita, judutarrei ihesbide seguruak erakusteko ere. 800 judutar salbatzea lortu zuten horrela.
Europako beste leku askotan ere, katolikoek hainbat judutar salbatu zituzten. Oso ezaguna da Oskar Schindler industrial katolikoa Spielberg-en pelikulari esker. Raoul Wallenber diplomatiko suediarra (sueco) ere ezaguna da Budapesten milaka eta milaka judutar salbatu baitzituen. Angelo Rotta Vatikanoko enbaxadorea Hungrian ere ezaguna da (jakina, ez Schindler bezain ezaguna) beste horrenbeste egin zuena.
Tradizio filosemita bati eusten dio egungo Aita Santuak eta tradizio filosemita horri eutsi zion lehengo Juan Paulo II.a Aita Santuak. 2005ean, Benedikto XVI.ak bere izendapeneko hitzaldian berean, judutarrak agurtu zituen, “haiekin elkartuta baikaude, oinordetza espiritual bat konpartitzen dugulako eta oinordetza espiritual hori Jainkoaren agindu irrebokableetan dago oinarrituta”.