Total Pageviews

Wednesday, January 15, 2014

Manifestazioa Bilbon eta koplak



Lehengo urtarrilaren 11an manifestazioa egin zen Bilbon "Giza eskubideak, konponbidea eta bakea" lelopean hainbat alderdik eta eragilek deituta. Horren gaineko kopla eta bertsorik izan de medioetan. 


 Post honetara Igor Elortzak biharamunean, urtarrilaren 12an, Berria egunkarian argitaratutakoak baizik ez ditut gogora ekarri nahi. Hona hemen:



Tantakanta
Igor Elortza

Eskubideak sorburu
Konponbidea helburu
Irabaziko dugun nork jakin,
Irribarre egin dugu.

Forumen ta Decathlonen
Atzo jenderik ez omen
Ketsuak eta Tiernuak Bilbon
Ginen eguerdi baino lehen.

Sardina lata barrenak
Autobusak eta trenak
Politikoak ta herritarrak
Politikan ginen denak.

Barrenkalen ta Someran
Ez ei zegoen zer edan
Prentsaurreko bat entzunda nahiko
Mozkortu ginen bezperan.

Tximadunak Batzokian
Zimur barik bekokian
Ta jende onak pegatinekin
Euskal Pielen berokian.

Seiak aitzin leku bila
Beterik zen La Casilla
Geldia ere bazen manifa
Ez zen bakarrik isila.

Pankartakoen atzean
Preso ohiak pasatzean
Nork ez zituen gogoan izan
Falta direnak etxean?

Piztu da behetik goranzko
Ilusio berri asko
Bakarrik antza ez ginen kapaz
Eskerrik asko Velasco!

Itzela da durangar hau. Zorroztasunez eta genio bereziaz heldu dio gaiari. Koplaka... Bizkaian edo Euskal Herriko Mendebalan sarriago egin izan dugun lez... bertsotan baino sarriago aritu izan dira Mendabaleko euskaldunak koplaka, zortzikotan baino eta neurri horretan garatu dute (dugu?) gure adierazpide berezia. Leku-izen, markeak eta kaleen aipamenak nahikoak dira entzulea edo irakurlea eszena batean paratzeko, testuinguru batean kokatzeko. Sinekdokearen erabilera behar-beharrezkoa da ahapaldi trinko honetan eta horretan maisu dugu Igor. Bestalde, Igorrek ez du izkutatzen ezker abertzalearen ikuspuntutik ari dela koplaka, nahiz eta "beste era bateko" abertzaleak (nazionalistak, hedabide batzuen arabera) era ozpinduan ez tratatu (gaur egungo bertsolari gehienek ohi duten lez). Ni ez naiz "korda" horretakoa, baina zilegitasun osoa aitortzen diot durangarrari jokaera hori hartu izana, jakina. Norberaren jarrerari eusteko, baina, badira moduak eta moduak... batzuk, ene ustez, gizalegetsuak ez direnak, gorrotoa eta herra dariola eginten direlako. Ez da kasu hau, zorionez.
Eta pozik ageri da, "bakarrik antza ez ginen kapaz" horri aurre egin diotelako "beste" abertzale batzuen parte-hartzearekin. Azken bertsolerroa inoizko egokiena bilakatzen du Igorrek  esaera zaharraren zatia: "Eskerrik asko Mari Velasco...". Eskerrik asko Velasco!, agian askoren oroimenean geratuko da bertsolari honen ateraldi gatzdun hau.