Dena nahiko ondo zihoan, ondoegi, Jainkoari eskerrak. 2023 urtea Ameriketan emateko aukera izan nuen (Hezkuntza Ministerioaren beka bati esker) eta Nevadan nengoen, Renon, University of Nevada delakoan. Gauzak ondo zihoazen... Baina bizitzak bere larrosak eta arantzak baditu. Hobeto esanda, bizialdi honek une gozoak baditu ere, gure Jainko onak ez dizkigu bere Gurutzea aurresten. Ziur gure onerako dela, baina horrek ez du mina gutxitzen.
Halaxe izan zen: abenduaren 2an, larunbata zen, lagun nafar bat etorri zitzaidan Californiatik nirekin pare bat egun ematera eta plan bat egitera Renon eta inguruko lekuetan. Bat-batean arrebak deitu zidan, ziplo esanez oso berri txar bat esan behar zidala. Gainontzekoa historia da. Arrebari eskertzen diot adorea hain berri txarra niri emateko, 8000 kilometrotara nengoen honi adierazteko. Hain azkar abisatuta, gutxienez izan nuen astia hegaldi bat hartu eta justu-justuan hileta elizkizunera ailegatzeko. Beste bi egun ere eman nituen ahal nuen neurrian familiarekin egoteko, pixka bat elkar kontsolatzeko behintzat.
Zer esanik ez, kolperik handiena nire anaiaren emaztearentzat izan da, Mariarentzat, eta bere alabentzat, Nerea eta Olatz-entzat. Nire anaia nagusiak, Javik, ere majo sufritu du, Aitorrek bihotzekoa izan zuenean aldamenean zegoelako, Burgosko zonalde menditsu batean izan zen, biok askotan ibilitako leku batean.
guk itzelezko egurra
Gure anaia Aitor joan zen
Hori da gure malurra
Ta orain hementxe gaude Aitorri
Eginez denok agurra
Anaia bati agur eitea
Ez da batere samurra.
Esaten ohi da gure bizitzak
duela hiltzea ordain
ta agur honek samintasuna
utzi egin digu gure gain
aita ta ama leheno joan ziran
eta Aitor joan da orain
hortxe zeruan aita ta amakin
Aitor daukagu gure zain.
Eta aurrera jarraitu behar
bizitza dugun bitarte
tabukaera besteok hemen
ez dugu oso aparte
ekaitza honen ostean dator
beste bizitzan ostarte
Aitor maitea beti gurekin
ta Egun Handira arte.