2024ko urrian jakin genuen Aralarko San Migelen santutegian gertatutakoak samina eta harridura eragin zigula askori: arimabako batzuek sua eman zieten santutegiko ateei. Goizaldeko hirurak aldera, likido erregaia bota eta su eman zioten egur zaharrari; goizeko zortziak arte iraun zuen suak, eta gutxigatik ez zen santutegia bera ere erre. Une hartan bertan zaintzan zebilen Curtis izeneko amerikar-nafartuak lortu zuen sua itzaltzea, ateak ia erabat kiskalita zeudenean.
Albistea zabaldu bezain pronto, isiltasun nahigabetu bat hedatu zen Sakana, Larraun, Nafarroa osoa eta Euskal Herri osora. Askok eta askok galdera bera egin genuen barru-barrutik: zergatik Aralarko Aingeruaren egoitza? Zergatik eraso koldar eta zentzugabe hori?
Zergatia ez dakigu, baina gertatutakoak bestelako bide bat ireki zuen. Izan ere, albistea ezagutu bezain laster, Xabier Agote Albaola itsas faktoriako zuzendariak konpromiso argia hartu zuen: San Migel Goiangeruaren “etxeko” ate berriak Albaolan bertan egingo zituzten. Horrela, nolabait, egindako kaltea sendatzeko aukera sortu zen, eta Gipuzkoako ontziolak Nafarroako arizti eta pagadiekin aspaldiko lotura sinboliko bat berritzeko aukera ere bai.
Esan eta egin. Albaola Fundazioko langileak Aralarrera igo ziren, erretako ateak aztertu, neurriak hartu eta hondakinak Pasai San Pedrora eramateko. Han hasi ziren lanean: egurra aukeratu, diseinua pentsatu, iltzeak bertako sutegian egin, mailukatu, itxuratu… Lanaren erritmoak berak ideia eder bat ekarri zuen: ate berriak amaitutakoan, Pasaiatik Aralarrera idi-gurdi batean eramatea.
Horrela jaio zen XXI. mendeko erromesaldi berezi hau. Albaola Fundazioak eta Aralarko San Migelen Kofradiak elkarrekin diseinatu zuten bidea, eta ekainean hasita, zazpi egunez, idi-gurdiak Euskal Herria zeharkatu zuen, herriz herri, ate berriak lagun.
Erromesaldia ez zen keinu sinboliko hutsa izan, baizik eta ongi antolatutako ibilbide herrikoia. Ekainaren 9tik 15era bitartean, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriatik abiatu eta Aralarko Santutegira iritsi zen, zazpi etapatan banatutako bidean. Ate berriak idi-gurdian eraman zituzten Gipuzkoako eta Nafarroako 86 kilometroetan barrena, guztira 21 herri zeharkatuz. Ibilbidea irekia eta jai-girokoa izan zen, txistularien doinuek, bertsolarien ahotsek eta herri-debozioaren adierazpenek lagunduta, antzinako erromesaldiak eta lurraldearekiko loturak gogora ekarriz.
Bidean harrera beroak izan ziren nonahi. Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritako udaltzainek laguntza eskaini zuten; eskoletako haurrak eta irakasleak, herritarrak, alkateak, txistulariak, musikariak, bertsolariak, langileak, erretiratuak, gazte eta zaharrak batu ziren tarte batez behintzat. Batzuk oinez, beste batzuk bizikletaz; batzuk egun batez, besteak bide osoan.
Irudi ederrak ikusi genituen: auzolanak eta elkartasunak eraso koldar bati erantzun zioten, alaitasun eta kolorez beteriko mugimendu bihurtuz. Iluntasunetik argira egindako bide bat izan zen, zentzu guztietan.
Ekainaren 15ean iritsi zen erromesaldia Aralarko San Migel Santutegira. Eguerdian ate berriak jarri ziren, eta ondoren Mikel Garciandia gotzaina buru izan zuen eukaristia ospatu zen, Iruñeko Katedraleko musika-kaperaren laguntzarekin. Jarraian, Trinitate Baseliza eta ate berriak bedeinkatu ziren, eta topaketa jai-giroan amaitu zen, pintxo-jatea eta dantza tradizionalekin. Santutegiko kapilau Alfonso Garciandiaren hitzetan, “baliotsuena ez da nola geratzen diren ateak, baizik eta zer irudikatzen duten: etortzen denari egindako besarkada bat, fede-keinua, eta komunitatean, San Migel gidari dela, gaitza garaitu egiten delako ziurtasuna”.
Hona hemen 2025eko ekainaren 16an idatzi nituen bertsoak:
ta gero bistatik kendu
hazaina hori egin zuenak
motiboren bat omen du
auzolanean hori konpontzen
nahi genuke zuzendu
laguntasunez ta maitasunez
gorroto beltza aldendun
iluntasunak lortu zuena
argiak gainditu_egin du.
Proiektu hontan Albaola da
idi-gurdian aingura
auzolanean aritzeko prest
hori da gure ohitura
nahiz ta beroak bi etapetan
ematen zigun ardura
San Migelekin hainbat alditan
uxatu gendun beldurra
elkar lagunduz herririk herri
iritsi gara helburura.
Poza_ematen du gure bidean
txistu doinua entzuteak
pozgarria da koruak eta
kantari hor otxoteak
kantuz sendatzen bidean goaz
erasoaren kalteak
ta ate biek hautsi dituzte
iluntasunen kateak
ta nahi genuke izan daitezen
mundu berrirako_ateak.





