Total Pageviews
Thursday, June 22, 2006
The Da Vinci Code: zer dago atzean? (VI)
13. Zer nolako kalitate historikoa eta literarioa dauka The Da Vinci Code liburuak?
* Oso eskasa, literatur kritiko askok eta irakurle askok esan dutenez. Hona zer dioen Londoneko The Times aldizkariko kritiko batek:
“Ekintza-eleberri bezala ere ez dauka kalitate handirik, nahiz eta denetarako gustuak dauden. Filmearekin berdin gertatu da".
* Jakina, irakurle-alor handiarekin “konektatzen du”; izan ere, bere orrialdeetan askok eta askok bizi duten zalantza- eta susmo-egoera islatzen baitu.
* Brown-ek sortutako egitura literarioan abenturak eta Eliza edota Jesusi buruzko arrazoiketa mentalak nahasten dira, eta “goi-mailako azterketatzat” hartzen ditu.
* Honako mezua bidaltzen die bere irakurleei:
Jaun-andreok: zuen sinismena (batez ere, katolikotasuna) zalantzapean jartzen duzuen neurrian, konturatuko zarete Eliza Katoliko gezurtiak mendeetan zehar gordetako sekretuez.
* Eleberrian Jesusen irudia berrasmatzen da.
* Jesus muturreko feministatzat aurkezten da.
* Brown-en proposamenetako bat hauxe da: Eliza Katolikoak irakasten duen moralaz libratu behar omen garela.
(Bitxia ematen du, baina eleberri honetan katolikoak ez diren beste eliza kristauak ez dira agertzen; badirudi, ez direla existitzen)
Tuesday, June 13, 2006
Afektibitatea heztea (X)
Zenbait abestitan maitasunaren gako bat edo beste agertzen da, bere egoera puruan. Musikaz gain, gako horiek izaten dira arrakastaren eragile garrantzitsu bat. Eric Clapton-en “Wonderful tonight” da horietako bat, nire ustez. Horrela diotso bere maiteari: “I feel wonderful because I see the love light in your eyes”. Hala da, gure (zure, nire) Jauna pozik dago gure barnean Bera maite dugunean. Izan ere, horixe izango baita gure (zure, nire) zoriontasunaren oinarria, eta Jaunak zoriontsu nahi gaitu. Baina abestiak honela darrai: “And the wonder of it all is that you just don’t realize how much I love you”, hau da, “eta denetan harrigarriena da zu ez zarela konturatzen zenbat maite zaitudan”. Horixe bera gertatzen zaigu gizakioi, baita sinestunei ere, ez garela konturatzen Jaunak zenbat maite gaituen, zenbat maite nauen, zenbat maite zaituen; izan ere, Jaunak ez du plurala erabiltzen. Ni eta zu, gure akats eta guzti, errepikaezinak gara, eta Jaunak singulartasunez begiratu eta maite gaitu, uneoro.
Baina maitemina ez da maitasuna bere osotasunean. Maiteminak zerbait “goitiarra” dauka, izanen denaren aieru edo ilusioa da. Indar sutsua da, interesik gabeko maitasun batera bultzatzen gaituena. Baina euforia hori izatea eta benetan interesik gabe maitatzea ez dira gauza bera. Maitemina, beharrezkoa eta onuragarria izanik, maitasun eraikinaren %10 baino ez da. Bikote bat ezin da elikatu maiteminaz soilik. Eta maiteminaren sua desagertzeak ez du esan nahi maitasunik ez dagoenik. Maitasuna borondatearen eta ohituraren bidez iraunarazten dugu, baldin eta interesik gabe jokatzen badugu. Maiteminaren “eromena” ona izan daiteke: zenbait santu eta zenbait maitale on horrela agertu dira, eta gauza handiak egiteko kapazak izan dira horregatik. Baina badago “eromen” arriskutsu bat, egoera erreala ikusteko galarazten diguna: maitearen inkopatibilitateak (familia bat sortzeko, adibidez) ezkutatzen dizkiguna, edo “maitasun ezinezkoak” iraunaraztera (pertsona ezkondu bat bere ezkontidea ez den bertze batekin) eramango duena. C.S. Lewis-en “The Screwtape letters” liburuan honela aholkatzen dio deabruak bere biloba tentatzaileari: “Baliatu zaitez “maitasun” hitzaren anbiguotasunaz, maiteminduei utziezu pentsatzen arazoak konponduta dituztela, eta maiteminaren zoramenaz arazoak apartatu edo atzeratu baino ez dutela egin ez egiezu ager”. Atsotitzak dionez, etsaiarengandik aholkua. Kontuz, beraz, xaloa izatearekin.
Tuesday, June 06, 2006
Afektibitatea heztea (IX)
"Fried green tomatoes" edo “Tomates verdes fritos” pelikula ikusiz gero berehala konturatuko da bat protagonista nagusietako bat, erlezaina, nortasun handiko emakume gazte hori, coffee baten nagusia dena, hasiera baten, garratza iruditu arren, bihotz handiko emakumea dela. Formalismo guztitik at bizi da: erran-merranei ez die kasurik egiten, elizatik ez da agertzen, “gizarte bizitza” ez du egiten... baina bere herriko familia beltzei lana ematen die, pobreen artean janariak partitzen ditu, bere kafean agertu den pobre gizajo bat kontsolatzen du (bere bizitzaren tragediaz konturatu da eta).
Hala da, bihotza izateak bertzearen larrupean jartzeko gaitasuna ematen digu. Bihotzak, adimenak edo borondateak bezala, bere abantaila eta bere desabantailak ditu. Eskematikoki erranda, adimenari dagokionez abantaila hauxe da: adimena zorrozten du; eta desabantaila hauxe: batzuetan arrazoimena itsutzen du. Borondateari dagokionez, abantaila, hauxe: eskuzabaltasuna bultzatzen du; eta desabantaila: posesibitatea eta berenganatzeko grinak harrotzen ditu.
Boluntarista denak, ostera, gauzak ongi egin nahi ditu, bai, baina ez bertzea (Jainkoa, lagun hurkoa) zoriontsu egiteko, bere kontzientzia lasaitzeko baino. Mila gauzari arretatsu dagokio, baina berarekin daudenak batzuetan deseroso sentitzen dira, nahiz eta hamaika mesede jaso. Gauzak eman egiten ditu, baina ez du bere burua eskaintzen, eta gainera gogoz kontra egiten ditu horiek gauzok. Konturatu gabe, bere eginkizunak txukun burutzen ditu eta bertzei laguntza eskaintzen die interes bat bilatuz: gustura eta bertzeak baino hobea sentitzeko. Egia erran, oso zaila da % 100ean boluntarista izatea. Baina nago denok daukagula boluntarista baten portzentaitxo bat geure barnean.
Ezkontza bizitzan, erraterako, boluntarismoa ez da lagun ona. Maiteminaren lilura dagoen bitartean, dena ondo joan daiteke. Ezkontide biak maitatuak sentitzen dira, eta elkarrekiko eskaintza erraztu egiten da. Batez ere emakumea, bere senarraren maitasuna zalantzapean jartzen ez duen bitartean, izugarri ondo arituko da. Jakina, gizonok gauzak arrazoitzeko zaletasuna daukagu. Baina denok, eta emakumeak bereziki agian, maitatuak sentitzeko premia dugu, gure eskaintza bertzearen gogokoa izanen dela ziurtatzeko. Jainkoarekin hori “badakigu” gertatzen dela, eta gainera noiz edo noiz “sentitu” eta guzti egiten dugu (nahiz eta hori ez bilatu). Senarrak horren jakitun izan beharko lirateke beren maitasuna “agertzeko” –detaile ñimiñoetan bada ere–, eta ez “arrazoitzeko”. Eta emazteek senarren maitasun agerpen objetiboak baloratzen ere jakin beharko lukete (agerpen subjetiboetan eskasak izan arren).
Friday, June 02, 2006
Afektibitatea heztea (VIII)
Horrela zioen azken Gorte otomandarreko printzesa batek bere amari buruz: “gutxiago maitatuko banu, hain dorpea ez banintz, berari atsegin ematen ez banenbil, axolagabeagoa banintz... Orduan bai, orduan maiteko ninduke, ziur naiz”. Izan ere, zuzen eta gogor saiatzen zen bere ama -okerreko- heziketa afektiboa emanez. Hala da: zenbait giro aristokratikotan norbere onetik ez ateratzea da helbururik lehenena. Erreakzio gartsuak (maitasunezkoak, suminezkoak...) baztertu beharrekoak omen dira. Ondorioz, jatortasunik ez dago, dena da itxura. Baina naturak ez du barkatzen. Gizakiak maitatua behar du izan, bertzeak maitatu ahal izateko. Jainkoak soilik eman diezaguke guk behar dugun erabateko ziurtasun hori.
Mundu honetan zailena hauxe da: asko eta ondo maitatzea. Batzuk oso orekatuak dira, baina bihotza txikiagotua daukate. Objetibotasuna bilatzen dute: egitasmoak, helburuak, datak, epeak, arrakasta, baina giza-faktorea ahazten dute. Gaizki lotutako gorbata bati berehala erreparatzen diote, baina ez gorbata horren gainean dauden begi tristatuei. Gauza garrantzitsuak kontutan hartzen dituzte, noski, baina ez horrenbertze pertsonak. Bertze batzuk, berriz, bihotz handia bai, baina noraezean dabilen bihotza dute.
Askotan heziketa hau eskasa izan da. Zilegi bekit generalizazio bat: batzuetan mutilei sinestarazi zaigu afektibitatea zerbait femeninoa dela, gizontasunari kontrajartzen zaiona, eta ondorioz bihotza murriztu zaigu. Neskei, ostera, afektu eroen arriskuek begien bistatik ihes egiten diete. Eta leloa hauxe beharko luke izan: beti bihotzarekin, baina ez bihotzarekin soilik. Honela zioen Eduardo Ortiz de Landázuri medikuak (duela gutxi hasi da bere kanonizazio prozesua): “Nik neure bizitzan egin dudan guztia, arlo guztietan gainera, karinoan oinarrituta egin dut”.
Baina maitasuna garatzeko, sufritzeko beldurra gainditu behar da. Hala da, maitasunak zaurigarri bilakatzen gaitu. Zerbait edo norbait maitatuz gero, bulnerableak gara. Hori dela eta, batzuek nahiago dute ez maitatzea: beldur edo egoismoagatik. Batzuek, okerreko aurreiritzi sasierlijioso edo filosofikoetan oinarrituta errezeloz begiratzen diote afektuari: nolabaiteko moral kantiana edo estoikoen “apathia” dago hor nonbait.
Karinoak bertzeei lotzen gaitu. Berez ez da ez ona, ez txarra. Horrelakoak gara eta kito. Gure ahaleginak bide honetara jo behar du: maitasun posesibo batetik, interesik gabeko maitasun zintzo batera igarotzea. Hurrengoan jardungo dugu honetaz.
Subscribe to:
Posts (Atom)