Total Pageviews

Friday, June 02, 2006

Afektibitatea heztea (VIII)



Horrela zioen azken Gorte otomandarreko printzesa batek bere amari buruz: “gutxiago maitatuko banu, hain dorpea ez banintz, berari atsegin ematen ez banenbil, axolagabeagoa banintz... Orduan bai, orduan maiteko ninduke, ziur naiz”. Izan ere, zuzen eta gogor saiatzen zen bere ama -okerreko- heziketa afektiboa emanez. Hala da: zenbait giro aristokratikotan norbere onetik ez ateratzea da helbururik lehenena. Erreakzio gartsuak (maitasunezkoak, suminezkoak...) baztertu beharrekoak omen dira. Ondorioz, jatortasunik ez dago, dena da itxura. Baina naturak ez du barkatzen. Gizakiak maitatua behar du izan, bertzeak maitatu ahal izateko. Jainkoak soilik eman diezaguke guk behar dugun erabateko ziurtasun hori.
Mundu honetan zailena hauxe da: asko eta ondo maitatzea. Batzuk oso orekatuak dira, baina bihotza txikiagotua daukate. Objetibotasuna bilatzen dute: egitasmoak, helburuak, datak, epeak, arrakasta, baina giza-faktorea ahazten dute. Gaizki lotutako gorbata bati berehala erreparatzen diote, baina ez gorbata horren gainean dauden begi tristatuei. Gauza garrantzitsuak kontutan hartzen dituzte, noski, baina ez horrenbertze pertsonak. Bertze batzuk, berriz, bihotz handia bai, baina noraezean dabilen bihotza dute.
Askotan heziketa hau eskasa izan da. Zilegi bekit generalizazio bat: batzuetan mutilei sinestarazi zaigu afektibitatea zerbait femeninoa dela, gizontasunari kontrajartzen zaiona, eta ondorioz bihotza murriztu zaigu. Neskei, ostera, afektu eroen arriskuek begien bistatik ihes egiten diete. Eta leloa hauxe beharko luke izan: beti bihotzarekin, baina ez bihotzarekin soilik. Honela zioen Eduardo Ortiz de Landázuri medikuak (duela gutxi hasi da bere kanonizazio prozesua): “Nik neure bizitzan egin dudan guztia, arlo guztietan gainera, karinoan oinarrituta egin dut”.
Baina maitasuna garatzeko, sufritzeko beldurra gainditu behar da. Hala da, maitasunak zaurigarri bilakatzen gaitu. Zerbait edo norbait maitatuz gero, bulnerableak gara. Hori dela eta, batzuek nahiago dute ez maitatzea: beldur edo egoismoagatik. Batzuek, okerreko aurreiritzi sasierlijioso edo filosofikoetan oinarrituta errezeloz begiratzen diote afektuari: nolabaiteko moral kantiana edo estoikoen “apathia” dago hor nonbait.
Karinoak bertzeei lotzen gaitu. Berez ez da ez ona, ez txarra. Horrelakoak gara eta kito. Gure ahaleginak bide honetara jo behar du: maitasun posesibo batetik, interesik gabeko maitasun zintzo batera igarotzea. Hurrengoan jardungo dugu honetaz.

No comments: