Duela gutxira arte, Euskararen Kultur Elkargoak antolatuta Tafalla jauregian Manuel Lasarteri eskainitako erakusketa bat izan da. Oso erakusketa apaina, portzierto. "Bertsonan blai" izeneko erakusketa ere egoitza berean zegoen eta Lasarterena osatzera zetorren. Zorionak antolatzaileei.
Leitzan 1927an jaiotako bertsolari hau bertsolari dotore, apal eta gizalegetsua dugu. Bere bat-bateko bertso askok izugarrizko perfekzio formala dute. Ondo neurtutako berbalditxoak dira sarri askotan bere bertsoak, barne mundu harrigarriki aberatsa erakusten digutenak.
Hemen ezaugarri bat azpimarratu nahiko nuke: bere sinismena.
Milaka dira bere sinismenaren berri ematen diguten bertsoak, oso modu naturalean egindako aipamenei esker.
Hona hemen batzuk.
Hil zitzaion alaba bati eskainitako bertsoan honela zioen:
Jaunak zerutik billa
zaizulako jetxi,
lur tristean negarrez
bear nazu utzi;
zerura juan nai dezu
ta nik ezin eutsi,
ia an biltzen geran
bihar edo etzi!
Uztapide bertso-lagunari eskainitako beste bat:
Lagun on bati samin agurra
egin bearra daukagu,
Zeruko Aita egin zaitea
seme eder onen kargu,
zu, lur ontatik joan bearra
Euskal Erriak pena du,
agur, Manuel, zerura arte
Jainkoak ala nai badu.
Lore eder bati eskainitakoa:
Artean oso gaztea zan da
sendo zeukan osasuna,
xorroak intzez bustiak zeuzkan,
ura aren poztasuna,
eguzkiari erakutsiaz
barrengo ezkotasuna!
Jaunak zerutik bedeinkatu zun
aren berezkotasuna.
"Kale ertzeko itsua zara" jarri zioten gaia eta berak honela kanatu:
Zeruko Aita, al baldin badet,
zurekin nai nuke lagun,
amets bizitan nere burua
ibiltzen da gau ta egun.
Lau eguneko lurralde ontan
bistaz egon arren illun,
beste mundura bildutakoan
ia alkar ikusten degun!
Gaur egungo euskal kulturaren hainbat lekutan ez da "politikoki zuzena" gure aurrekoen eta gaur egungo hainbat euskaldunen "ezaugarri" hau gogoraraztea. Baina hor dago eta azkeneko gaiaren itsua baino itsuagoa izan behar da horretaz ez konturatzeko.
No comments:
Post a Comment