Total Pageviews

Saturday, September 19, 2009

Familiatik mundura (eta II)



Ez dakit nire uda emankorra izan den, baina zerbait irakurtzeko astia izan dut. Harritu nauen liburu bat hona: Milloitik mundura. Ume-denporako oihartzunak. Harritu eta gustatu, biak batera. Herri literaturen antologogian lekua eskatzen duen liburua dugu, zalantzarik gabe, Angel Ugarteburuk idatzia (Labayru Ikastegiak 2008an kaleratua).
Pasa den asteko artikulutxoan familia izan nuen aipagai telebistako eta zineko ekoizpenak aitzakiatzat hartuta. Hain urrutira ez da joan behar familiarien testigantza ganorazkoekin topatzeko. Horixe gertatu zait liburu honekin.
Familia ugarian jaio zen Angel; izan ere, aitaren hamabosgarrena zen bera, eta amaren hamabigarrena. Hau da, hamabost anaia-arreba. Lehenengo hirurak aitaren lehenengo emaztearengandik jaiotakoak. Emaztea, tamalez, hil zitzaion. Bigarrenez ezkondu zen eta bigarrenarengandik beste hamabi jaio ziren.
Konturatzen da Angel eta halaxe dio: garai haietan “plangintzarik izan balitz, nik neuk ez neukan jaiotzeko aukera handirik”. Zorionez, ez zen abortoren ideiarik sartzen bere gurasoen buruetan. Munduak galduko zuen testigantza honen altxorra hala izan balitz. Diruz ez ziren sekula ondo ibili, baina zoriontasunez (bizitzaren koxkor mingarriak gora-behera) aberatsak ziren eta dira.
Kontaera, deskripzio eta elkarrizketa-gazitsuak ez dira falta. Familia-argazkia atera behar zuten batean herrira jaitsi ziran guztiak. Dendan sartu, eta dendariaren eta amaren arteko hautua:

-Hauxe familiaren ederra, Agustina! Jaungoikoak bedeinkatuta! Zeuriak dozuz danak?
- Neuriak, bai, eta bat bera be ez daukat saltzeko.
- Jesus laztana! Koadrilla ederra, gero, zerurako!

Horrenbeste anaia-arrebekin, derrigorrez anekdota, gertaera eta jakingarri ugariko umezaroa eduki behar. Horixe kontatzen digu Angelek bere liburuan. Libururatu orduko, ostera, familiaren gogoan gorde eta behin eta berriro istoriook gogoratuz joan dira, familian elkartzen direnero. Horrelaxe garatu du Angelek bere kontatzeko gaitasuna. Holaxe estilizatu dira gertakizunok. Familia giroan.
Adinean sartuta ere, elkartzen jarraitzen dutela azaltzen digu Angel Ugarteburuk: “neba-arrebok pozik alkartzen gara, noiznahi, kontu eta kantu zaharren oihartzunera. Zekiten eta zeukaten guztia emon ziguten. Ez dago horri alderatzeko altxorrik”. Tartean bizitzaren kristau ikuspegia, jakina.
Mereludi da bere auzoaren izena (Lekeitiotik gertuko auzotxo bat). Eboluzio fonetikoak eraginda “Milloi” bilakatu da herritarren ahoskeran. Hargatik “Milloitik mundura”. Baina familia da istorio hauen benetako kabia. Ez al zaigu, bada, guztioi antzera gertatu? Hargatik “familiatik mundura”.

Familiatik mundura


Serieak asko ugaldu dira azken urteotan. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, arrakasta handia izan duten batzuk gurean ere sano ezagunak dira: Prision Break, Lost (Perdidos), FriendsBrothers and Sisters. Azken horretako kapitulu batzuen zati batzuk ikusi ahal izan nituen uda honetan.
Bi gauzez jabetu nintzen. Bata, amerikarren artean badagoela kontzientzia bat familia ezinbestekoa dela gizakiarentzat eta gizartearentzat. Eta Ameriketako gizarteak badu biziberritze baten beharra. Familia da gizarteko sentiarazten dizun (eta egiten zaituen) lehenengo “erakundea” (erakunde hitza hotzegia den arren familia izendatzeko). Familia da askotan bizitzaren enbateekiko babesten gaituena. Familia da, azken finean, zarenarengatik (eta ez duzunarengatik) maitatzen zaituena. Ohartu nintzen bigarren gauza hauxe da: serie horretako familiaren irudi edo ideologia hori ez dela izango Ameriketako gizartea sendatuko duena, tamalez.
Beste filma bati kusi ahal izan nuen uda honetan: Fireproof. Suzko proba edo. Ez dago izenburuaren gaztelerazko itzulpenik oraingoz. Bertan senar-emazte gazte biren gorabeherak ageri zaizkigu. Senarra suhiltzailea da. Emazteak ospitale batean egiten du lan. Baina beren ezkontza ez doa ondo. Komunikazioa ez da ona. Senarrak ez du bere emaztea ulertzen. Bere buruarekin ez da kritikoa; bai, ostera, bere emaztearekin. Horrela, senarrak ez ditu bere akatsak ikusten (beraz, ez da saiatzen horiek hobetzen). Emazteak, berriz, hutsune afektibo handia sentitzen du eta hori beteko duen beste “iturri” batzuetatik edeteari ekin dio. Dibortzioaren ertzeko egoera horretan, senarraren aitak 40 eguneko plan bat proposatu dio bere semeari, haren familia salbatzeko, berari ere plan horrek izugarri lagundu ziola-eta. Harek erronka onartu eta… ez dut gehiago kontatuko. Filma horrek badu gizarte oso batek biziberritzeko moduko mezua eta mamia bere baitan. Izugarria. Hunkigarria. Oso humanoa. Harrigarriro AEBtako 10 filma takilleroenen artean kokatu da. Benetako istorio argigarrien egarri gauden seinale. Gomendatzen dizut.