Total Pageviews

Saturday, September 19, 2009

Familiatik mundura


Serieak asko ugaldu dira azken urteotan. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, arrakasta handia izan duten batzuk gurean ere sano ezagunak dira: Prision Break, Lost (Perdidos), FriendsBrothers and Sisters. Azken horretako kapitulu batzuen zati batzuk ikusi ahal izan nituen uda honetan.
Bi gauzez jabetu nintzen. Bata, amerikarren artean badagoela kontzientzia bat familia ezinbestekoa dela gizakiarentzat eta gizartearentzat. Eta Ameriketako gizarteak badu biziberritze baten beharra. Familia da gizarteko sentiarazten dizun (eta egiten zaituen) lehenengo “erakundea” (erakunde hitza hotzegia den arren familia izendatzeko). Familia da askotan bizitzaren enbateekiko babesten gaituena. Familia da, azken finean, zarenarengatik (eta ez duzunarengatik) maitatzen zaituena. Ohartu nintzen bigarren gauza hauxe da: serie horretako familiaren irudi edo ideologia hori ez dela izango Ameriketako gizartea sendatuko duena, tamalez.
Beste filma bati kusi ahal izan nuen uda honetan: Fireproof. Suzko proba edo. Ez dago izenburuaren gaztelerazko itzulpenik oraingoz. Bertan senar-emazte gazte biren gorabeherak ageri zaizkigu. Senarra suhiltzailea da. Emazteak ospitale batean egiten du lan. Baina beren ezkontza ez doa ondo. Komunikazioa ez da ona. Senarrak ez du bere emaztea ulertzen. Bere buruarekin ez da kritikoa; bai, ostera, bere emaztearekin. Horrela, senarrak ez ditu bere akatsak ikusten (beraz, ez da saiatzen horiek hobetzen). Emazteak, berriz, hutsune afektibo handia sentitzen du eta hori beteko duen beste “iturri” batzuetatik edeteari ekin dio. Dibortzioaren ertzeko egoera horretan, senarraren aitak 40 eguneko plan bat proposatu dio bere semeari, haren familia salbatzeko, berari ere plan horrek izugarri lagundu ziola-eta. Harek erronka onartu eta… ez dut gehiago kontatuko. Filma horrek badu gizarte oso batek biziberritzeko moduko mezua eta mamia bere baitan. Izugarria. Hunkigarria. Oso humanoa. Harrigarriro AEBtako 10 filma takilleroenen artean kokatu da. Benetako istorio argigarrien egarri gauden seinale. Gomendatzen dizut.

No comments: