Total Pageviews
Thursday, November 25, 2010
Lainoak uxatzen hasi dira
“Ohitura hartuz gero, ezin laga”. Halaxe dio esaera zahar batek. Hainbat urtetan ohituta egon gara normala izan behar zena gabe bizitzen. Eta daukagunean harritu egiten gara. Azalduko naiz. Hainbat urtetan bizi izan gara “apaiz katolikoak” faltan botatzen. Nortzuk dira apaiz katolikoak? Ez naiz teologoa, baina honako hauek direlakoan nago: Eliza defendatzen dutenak, Aita Santuaren mezua zabaltzen dutenak, errezatzen dutenak, sakramentuak maitekiro administratzen dituztenak... Jesukristoz hitz egiten digutenak. Zorionez apaizaren irudi hori, berreskuratu egin dugu hainbat lekutan. Tartean gure elizbarrutian. Ez diot orain arte elizbarrutietan izan ditugunak hori ez direnik. Alderantziz: apaiz santu eta eredugarri asko eta asko izan ditugu azken hamarkadetan. Baina, zenbaitetan apaizaren irudi hori lausotuta agertu zaigu, katolikotasun hura lausotu egin denean.
Zertara sarrera luze hau? Noan harira. Pasa den azaroaren 6an eta 7an Elizbarrutiak antolaturiko bidai batera joan nintzen. Nora? Bartzelonara, Aita Santuarekin egotera. Antolatzaileen artean, zenbait apaiz gazte zeuden. Eta sinplea bezain ohoragarria da haiei buruz esango dudana: apaiz katolikoak dira. Sentzilloak, otoitz zaleak, umoretsuak, Aita Santuari maitasuna diotenak, Elizaren dotrina irakasten dutenak. Gaur egun ia-ia normaltzat hartzen ditugu batzuetan ezaugarri hauek, baina urte batzuk ditugun laikook ez dugu soslai hau hainbat lekutan ikusi oraintsura arte. Ez borondate txarra egon delako, ez: ideien nahasketa arraro batzuk egon direlako zenbait urtetan eta hortik etorri da lausotasun hori. Ez dagokit, gainera, hori epaitzea edota aztertzea. Esan dezadan, pozarren, hori aldatzen hasia dela eta hori ospatzekoa dela. Nola? Hasteko apaiz guztien alde egunero otoitz egiten... Eta, karitatea ordenatua izan behar denez: has gaitezen gure gertukoen alde errezatzen, gure elizbarrutikoen alde eskatzen.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment