Urriaren 16an euskaltzaleek bazuten zita bat Tafallan eta sinestunok izan dugu aukera bat egun seinalatu horretan, euskara ospatzeaz gain, gure fedea ospatzeko; izan ere, aurtengo Nafarroa Oinezen euskarazko Meza ospatu da bertako parrokian, Santa María Elizan. Meza 11:30etan ospatu zen eta meza-emaileak Mikel Garziandia, Xabier Irrigaray eta bertako parrokoa den José Manuel García de Eulate izan ziren.
Nafarroa Oineza doazen milaka euskaltzaleen artean badira kristau sentitzen direnak, noski, eta haientzat aukera bat da egun horretan ere euskarazko Meza izateko. Tafallan izanda, hango elizaren edertasuna eta artea dastatzeko abagune aparta izan zen, gainera.
Aurreko zenbait urtetan ospatu izan da meza euskaraz Nafarroa Oinezen inguruan. Aurtengoa aurreneko aldia da Tafallan egiten dena: hango parrokoa José Manuel bera poliki moldatu zen ebanjelioa euskaraz irakurtzen eta esker oneko agertu zen etorri zirenekin.
Esan izan da euskalgintza azken bolada honetan urrutiratu egin dela kristautasunetik. Hori horrela ez da izango baldin eta kristauok eta, batez ere, laikook errealitate horretan egoten jakiten badugu, bertara gure kristau izaera eramaten badugu, giro horiek Kristoren bakeaz eta poztasunaz kutsatzen baditugu. Egia esan, dagoeneko bagaude errealitate horrekin eguneroko harremanetan. Bakarrik falta zaigu kamuflajeak utzi eta normaltasunez gure kristautasuna nola bizi dugun agertzea, nola gure bizitza argituta dagoen ez ezkutatzea. Agian baten bat animatuko da gure bidea jarraitzera.
Datozen urteetan sendotuko ahal da ekimen hau!
1 comment:
Kaixo Birigarro!
Artikulu hau Egian irakurri dugu eta gero zure blog honetan. Gure blogan eskegi dugu. Arazorik baldin badago honekin esaiguzu mesedez. Zorionak zure blogarengatik. Agur!
Post a Comment