Total Pageviews

Tuesday, January 31, 2012

'Gatazka Nafarroako euskal literaturan' liburuan egile nafarren ikuspegiak indarkeriaren tratamendua zelan baldintzatzen dauen aztertu dabe

(Bizkaie aldizkarian atara daben artikulu bat nire azken liburuari buruz)

Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre, Castillo Suarez, Xabier Silveira edo Jesús Goñik, besteak beste, zer ikuspegi, zer jarrera hartzen eta zer eretxi daben jorratzen dau UPV/EHUk argitaratutako lanak. Euskal gatazkearen aurrean egile nafarrek izan daben jarrerea aztertu dau Asier Barandiaran UPV/EHUko Euskal Filologian doktoreak. Periferiaren ikuspegiak honen tratamendua zelan baldintzatzen dauen aztertu nahi izan dau ikertzaileak. Egile nafarrak –gitxik jarriko dabe hau dudan– euskal gune kulturalaren periferian dagoz, gustau zein ez gustau, nabarmendu dau idazleak.

ETA erakunde armatuaren jarduera, gizatasunaren kontrako hainbat ekintzakaz: hilketak, bahiketak, bonba-leherketak…, bestetik, tortura, bortizkeria, ekintza terroristen biktimak (alde bietakoak), presoen sakabanaketea eta, azken finean, gurean bizirik ei dagoan arazo politikoa, batzen ditu gatazkearen ideiak bere barruan ikertzailearen eretxiz.

Dagoeneko bada lanen bat edo beste gatazkearen inguruan, baina batez be erdigune kulturaleko autoreen idatziak kontuan hartuta, ondorioz, Barandiaranen eretxiz bere ikerketeak badauka garrantzia, Nafarroako egileen berbaldia egokia baita, ekarpena egiten deutsolako beste egileenei. Periferia geografiko eta kulturalean egoteak perspektibea emoten deutse. Izan be, gatazkeari modu kritikoan begiratzeko jarrera aitzindaria autortzen deutse horreetako batzuei Barandiaranek.

Azken hamarkadetako euskal literaturan baliabide erretoriko, aldarrikapen-iturri, testuinguru edo gai nagusia izan da hau sarri, Barandiaranek azaldu dauenez. Ikertzailearen esanetan, atxikimendu itsu batetik jarrera kritiko sendo batera doan espektroa erakutsi dabe egile nafarren lanek honen tratamenduari eta erabilereari jagokonez.

Azterketea generoka egin da liburuan; genero bakotxaren barruan egileen lanei erreparauta. Lehengoa eleberrigintzea da. Ondoren, poesia dau aztergai, eta, azkenik, bertsolaritzeari ekin deutso. Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre, Castillo Suarez, Xabier Silveira edo Jesús Goñik, besteak beste, gatazkearen inguruan, zer ikuspegi, zer jarrera hartzen edo zer eretxi daben aztertu eta argitu dau Barandiaranek 200 orrialdetan zehar. Ikertzailearen ustez egile horreetako batzuk, gorago aitatu lez, jarrera aitzindaria izan dabe indarkeriari modu kritikoan begiratzeko, beste batzuek, sormena erabili dabe gatazkea elikatzeko jarrera ideologiko jakin batetik eta badira, azkenik, iraultzearen amesa behera bota ostean nihilismo suntsitzaile bati oratu deutsienak.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratu dau Gatazka Nafarroako euskal literaturan, Euskal Literatura Sailaren barruan. Gaur egungo Euskal Literaturearen Historia egin nahi dauen proiektu handiago eta zabalago baten parte da, Jon Kortazar UPV/EHUko katedradun eta idazleak zuzentzen dauen bildumako hamargarren alea, hain zuzen be. Gidor Bilbao UPV/EHUko euskera erretoreordearen esanetan, ikertzaileak lan honetan garai bat (XX. mendeko azken hamarkadak eta XXI. mendea), eremu geografiko bat (Nafarroa) eta genero jakin batzuk (eleberria, poesia eta bertsolaritzea) hautatu ditu bere azterketearen corpusa egiteko, eta gai jakin bat (gatazkea edo euskal gatazkea deitu dana) corpus horretan non eta zelan agertzen dan erakutsi gura izan dau. Lan honek etorkizunean izango dauen garrantziari jagokonez, erretoreordearen eretxiz, ale bat gehiago izango da, ezinbesteko alea, nozonoz euskal literatura osoa euskeraz azalduko deuskun lanerako bidean.

Bizkaie!