Total Pageviews

Sunday, January 08, 2012

“Euskal gatazkak erantzun etikoa behar du”

Diario de Navarra-n, 2012ko urtarrilaren 2an argitaratutako elkarrizketa bat, niri Nerea Alejos kazetariak egina. 27. orrialdean.


Urtetako lana izan da Asier Barandiaranentzat.
Idazle nafarrek euskal gatazkaren inguruan
sortutako ikuspegi literarioak aztertu ditu
liburu batean, oso lan sakona burutuz.



NEREA ALEJOS
Iruñea
Ez da erraza ‘gatazka’ hitzari neurria hartzea. Nolakoa izan da literaturaren ‘neurria’ euskal gatazka islatzean?

Noski, literaturan hedadura zabalagoa hartzen du gatazkaren kontzeptuak. Kontu aberatsagoa da literaturan politikagintzan baino, literaturan gizakiaren konplexutasuna eta aberastasuna bistaratzen direlako. Berbaldi politikoetan, berriz, sarritan gauzak sinplifikatzen dira, orokortu eta muturtu.

Baina ezin dugu ahaztu gatazka dela narrazio eta gai literario askoren motorra edo pizgarria. Gurean euskal gatazka delakoa izan da eta da narrazio askoren zeharkako edo zuzeneko gaia, eta hori normala da edo normala iruditzen zait. Jakina, izan dira kritiko batzuk esaten dutenak euskal gatazka gutxiegi jorratu dela euskal literaturan. Azkeneko urteotan baina, gorakada bat izan da gai hau tratatu duten lanen artean. Izan da, arlo politikoan, gatazkaren beraren existentzia ukatzen dutenak. Nik ez dut eztabaida horretan sartu nahi. Niri gai hau nola izan den jorratua aztertzea interesatzen zait, zer nolako baliabideak erabili diren, nolako enfokea eskaini zaion, sortzaile literarioaren jarrera etikoa zein den... hori guztia aztertzen saiatu naiz.



Ikuspegi nafarrari erreparatzen
diozu, hau da, ‘periferiatik’ eraikitakoa.
Nola baldintzatu du horrek
gatazkaren ikuspegi bera, beste
euskal egileen ekarpenarekin
konparatzen badugu?
Erdigunetik kanpoko begiradek perspektiba handiagoa izan ohi dute. Halaxe ikusten dut gertatu dela Nafarroan egiten den euskal literaturan. Euskal kulturan badago indar “goierritar” bat eta beste indar zentrifugo bat. Bigarren horren baitan dago ikuspegi nafarra. Zorionez euskal kultura erdigunekoa baino aberatsagoa da.

Nola aldatzen da gatazkaren tratamendua
genero literarioen arabera,
adibidez, eleberrigintza eta
poesiaren artean? Jarrera aldatzen
da?

Eleberrigintzan narrazioaren elementuak ditugu: pertsonaiak, narratzailearen berbaldia, denbora, lekua(k), fokua, eta abar. Hori guztia ez da zertan agertu poesian. Beraz euskal gatazkari eusteko modu desberdinak izan behar derrigor. Baina bietan egon daiteke euskal gatazka motibo gisa, terminologia gisa edota testuinguru gisa.
Euskal gatazkaren presentzia bereziki
bertsolaritzan nabarmendu
da, oso modu naturalean eta tabu
guztiak apurtuz. Esan genezake
bertsolaritzareneremua‘berezia’
dela?

Modu gordinean agertzen da askotan, gordinegian agian. Euskal Herri osoko bertsolaritzan hori geratu izan da oraintsura arte. Nafarroan, agian, modu muturrekoagoan agertzen da: sarritan bertsolari batzuen euren filiak eta fobiak erakutsi egin dituzte bertsotan aritzen direlarik, aurrean duten entzulegoaren zati bat minduz edota potentzialki bertsolaritzaren jarraitzailean izaten ahal direnak uxatuz. Nafarroako bertsolaritzaren suspertzaileei asko zor zaie, baina politikoki lerratuta egon direnez, bertsolaritza nafarraren monopolizazioa eta instrumentalizazioa ere leporatu behar zaie. Zorionez, hori pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da, gero eta ikuspegi askotarikoagoak ikusten ari gara azken urteotan.

Sarritan esaten da literatura ‘terapia
kolektibo’ moduan har daitekeela.
Euskal gatazkaren kasuan,
horrela iruditzen zaizu?
Horrelako zerbait gerta daitekeela, bai, iruditzen zait. Literaturak eta, horren barnean (batez ere), narraziogintzak erantzukizun etikoa dute gustatu ala ez gustatu. Eta euskal gatazkak erantzun etikoa behar du: ez da gai gaitzik gabekoa. Alde horretatik, iraganaren irakurketa kritikoa oso interesgarria iruditzen zait, eta hori literaturaren bidez oso modu erakargarri eta gizakoian egin daiteke: nire ustez, egile nafar batzuk horretaz konturatu dira eta emaitza oso kontutan hartzekoak lortu dituzte. Besteak beste, iragan horren irakurketa kritikoan badira lan batzuk, edota ikuspegi jakin batzuk, Aingeru Epaltzarenak, Jokin Muñozenak, Hasier Larretxearenak, Juanjo Olasagarrerenak eta beste batzuenak ekarpen handia egin diotenak euskal literaturari.

Nolako eragina izan du idazleen
jarrera gizartearentzat, errefe-rentzia modukoak har daiteke?

Badira zenbait idazle nafar ikuspegi kritiko argia erakutsi dutenak euskal gatazkarekiko hasiera hasieratik. Beren narrazioetan euskal gatazkaren alderdi militante (kastrense) eta indarkeriazkoa ezbaian jarri dute hainbat istoriotan. Jarrera hori kritikatu izan dute batzuek. Onarpenik eza nabaritu dute sarritan zenbait girotan (batez ere, ezker abertzaleko usaina duten zenbait girotan). Baina, eta hau da egile horien ekarpena, kikildu beharrean jarraitu dute literaturaren bidez, gizakiaren hainbat gatazka existentzial jorratzen, eta berbaldi politikoen gainetik jartzen.



‘GATAZKANAFARROAKO
EUSKALLITERATURAN’
Egilea: AsierBarandiaran Amarika
Argitaletxea:Euskal Herriko Unibertsitatea
Orrialde kopurua: 208
Salneurria: 10 euro

No comments: