Total Pageviews

Thursday, September 18, 2014

Euskal Artzainak Ameriketan: Bardeetako mugaz haraindi (II)

Bardeetan paisaia ia ia desertikoa da. Josu Iztuetak dioen moduan, gurean, ordubeteko auto-bidai batean baditugu paisaia atlantiar guztiz hezeak mutur batean eta Bardea bezalako paisaiak bestean. Zerbait badaki Josuk, Bidaiarien Txokoa izeneko liburutegiaren sustatzaileak. Nairobitarra izeneko autobus mitiko batekin hainbat bidaia egindakoa dugu tolosar hau eta Bardeetan berriro hunkitu da euskal artzainekin egonda. Gutxi dira berak bezain ongi euskal diaspora ezagutzen dutenak. Horregatik han egon beharra zuen, ekitaldi xume hartan.
Ekitaldian, nik neu behintzat, konturatu naiz Bardeen handiaz, giroaz, eremu zabalez. Euskal artzainak  beste behin eremu lehor haiek euren euskarazko txor-txorraz erein dituzte, apal bezain xarmangarri. 


Horrezaz  gainera, gaur, hilak 18, berrogeita hamar urte bete dira hiru euskal artzain ozeanoa zeharkatu zutela hegazkinez. Gaur bezalako egun batez ilusioz eta ikaraz egin zuten bidaia hura eta horren kariaz Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen izenean Laura Igantzik oparitxo bana egin die eguerdian egin den bazkalburuan.

Era berean, Ipar Ameriketatik ekitaldi honetarako propio etorritako beste zenbait euskal artzaineri egin zaie gorazarrea. Tartean hor zegoen Melchor Grajirena, bertso batzuk bat-batean bota dituena. 




Xalbador zenaren oiartzun halako bat ikusi dut bere estilo dotorean, jendeari amultsuki agur beroa egin diolarik.  Xalbador aipatuta, ez dut oroitu gabe utzi nahi gaurko mezaren ondorenean Xalbadorren abestia entzun dugla Olivako monastegian. 








Info + http://www.euskalkultura.com/english/news/basque-american-sheepherders-will-gather-at-the-last-trailing-off-the-sheep-in-the-desert-of-bardenas

Euskal Artzainak Ameriketan: Bardeetako mugaz haraindi

2014ko irailaren 14an ari naiz lerro hauek idazten, "Euskal Artzainak Ameriketan" elkarteak antolatutako urteroko besta bukatu berritan.
Gaur Bardeetan tokatu da ospatzea, bertako mankomunitateko arduradun eta bolondresekin. Transhumantziari lotutako zenbait ikuskizun izan ditugu gozagai, goizeko 8etan! Izan ere, Erronkari eta Zaraitzu bailaretatik zenbait artalde etorri izan dira eta Bardeetako abelbide batetik igaro dira, saltoka eta bizkor-bizkor, tartean zenbait ahuntz ere bazirela. Ogi-mamiak eta basokada ardo bana hartzeko parada ere izan dugu, mankomunitateak gonbidatuta.
Bertan Josu Iztueta tolosarrarekin topatu naiz, alboko muino baten tontorrean, hain zuzen. Benetan gizon interesgarria, munduan barreneko bidaiari nekaezina, baina gertukoa baloratzen ere badakiena.

Bardeetan artzainari egindako estatuaren inguruan talde-argazkia egin dugu, elkartearen ereserkia abestuta.

Artzain-txakur batzuen erakustaldi laburtxoaren ostean gehienok Olivako monastegira abiatu gara mezatara. Mezazaleak ez direnek izan dute aukera "El Ferial" bisitatzeko, Kadreitatik gertu dagoena: hemen, gehienok kristauak garen arren, ez zaio inori deus inposatzen.

Monastegiko priorra, Isaak Totorika, izatez bizkaitarra da eta bere agurra helarazi digu beste apaiz zistertzienseren bitartez, Totorikak ezin izan duelako bertan egon (zistertarren bilera bat zeukalako). Bankako zenbait abeslari fin aritu dira mezan kantari guztien gozamenerako.

Mezaren ondorenean klaustroa bisitatzeko abagunea izan dugu eta handik Kadreitara hurreratu gara, herri hartan izan baita bazkaria, bostehun bazkaltiarrendako paratua, Bankako abeslarien abesti xarmangarriekin eta beste zenbait sorpresekin, Laura Igantzi eta bertzelako antolatzaileen ekimen eta sinpatiari esker.