Gaur Bardeetan tokatu da ospatzea, bertako mankomunitateko arduradun eta bolondresekin. Transhumantziari lotutako zenbait ikuskizun izan ditugu gozagai, goizeko 8etan! Izan ere, Erronkari eta Zaraitzu bailaretatik zenbait artalde etorri izan dira eta Bardeetako abelbide batetik igaro dira, saltoka eta bizkor-bizkor, tartean zenbait ahuntz ere bazirela. Ogi-mamiak eta basokada ardo bana hartzeko parada ere izan dugu, mankomunitateak gonbidatuta.
Bertan Josu Iztueta tolosarrarekin topatu naiz, alboko muino baten tontorrean, hain zuzen. Benetan gizon interesgarria, munduan barreneko bidaiari nekaezina, baina gertukoa baloratzen ere badakiena.
Bardeetan artzainari egindako estatuaren inguruan talde-argazkia egin dugu, elkartearen ereserkia abestuta.
Artzain-txakur batzuen erakustaldi laburtxoaren ostean gehienok Olivako monastegira abiatu gara mezatara. Mezazaleak ez direnek izan dute aukera "El Ferial" bisitatzeko, Kadreitatik gertu dagoena: hemen, gehienok kristauak garen arren, ez zaio inori deus inposatzen.
Monastegiko priorra, Isaak Totorika, izatez bizkaitarra da eta bere agurra helarazi digu beste apaiz zistertzienseren bitartez, Totorikak ezin izan duelako bertan egon (zistertarren bilera bat zeukalako). Bankako zenbait abeslari fin aritu dira mezan kantari guztien gozamenerako.
Mezaren ondorenean klaustroa bisitatzeko abagunea izan dugu eta handik Kadreitara hurreratu gara, herri hartan izan baita bazkaria, bostehun bazkaltiarrendako paratua, Bankako abeslarien abesti xarmangarriekin eta beste zenbait sorpresekin, Laura Igantzi eta bertzelako antolatzaileen ekimen eta sinpatiari esker.
No comments:
Post a Comment