Hirinet.net web-gunean aurkitutako artikulua. Gazteak eta politika. Binomio ez beti arrakastatsua. Betiere interesgarria da ezagutzea gazteek nola dakusaten panorama.
Alderdietako
gazteen ahotsa sendo entzunaraztea dute helburu Aitor Castañedak, Idoia
Ibarrolak eta Igor Salazarrek; euren alderdietako programak mahai
gainean jarri dituzte.
Lanak eta ikasketek uzten dieten tartean, politika dute zaletasun eta
buru-belarri ari dira euren alderdietako batzordeetan beharrean. Gazteen
ahotsa sendoa dela erakutsi nahi dute Aitor Castañedak (EAJ), Idoia
Ibarrolak (EH Bildu) eta Igor Salazarrek (PSE), hamaika proposamen
dituztela, eta lan egiteko gogoz datozela. Hauteskundeak nola bizi
dituzten jakiteko elkartu ditu aleak Gasteizko Udalean ordezkaritza
duten hiru alderdietako kideak mahaiaren bueltan –PPko kideek ez dute
parte hartu nahi izan–, hiriburuak eta lurraldeak hilaren 24tik aurrera
har dezakeen norabideaz solas egiteko.
Hiru alderdietako kideek uste dute "beharrezkoa" dela aldaketa politiko
bat izatea Araban eta hiriburuan, azken lau urteotan PPk egin duen
ibilbideak utzitakoaren ondotik. "Egia da bere proiektua duela alderdi
bakoitzak, baina lau urte hauetan PPk muga gorriak pasa dituela
iruditzen zait; Gasteiz inoiz ez da halako egoera larri batean egon",
aipatu du PSEko gazteen idazkari nagusi Igor Salazarrek. Javier Maroto
Gasteizko alkateak "enperadore" baten moduan jokatu duela uste du,
erabakiak nahi izan dituen moduan hartuta eta herritarren parte hartzea
alde batera utzita. Horregatik, hauteskundeetako zenbakiek emango
balute, hura kanporatzeko beharrezko babesa ematearen aldekoa dela
azaldu du. "Hauteskundeen ostean ikusi beharko dugu, baina zenbakiek
aukera ematen badute han egongo gara, gasteiztarrentzat hobea izango
den akordioa lortzeko".
Idoia Ibarrola, EH Bildu.
Aldaketa izan dadin "beharrezko sustengua" ematearen aldekoa da EH
Bilduko Idoia Ibarrola ere. "Beste alderdi batekin ez nuke gobernurik
osatuko, programak oso ezberdinak direlako, baina babesa bai, emango
nieke". PPk utzitako arrastoaren ostean, politika sozialak, feministak,
euskara arlokoak edota hezkuntzari dagozkionak "aldatzeko" adostasunak
beharrezkoak izango direla uste du: "Bizikidetza ona izateko akordioak
egon beharko dira gure artean, Gasteiz eta Araba anitza behar
dugulako".
Akordioez hitz egiteko "goiz" dela uste du Gasteizko Egiko kide Aitor
Castañedak, baina herritarrek EAJ hautatzen badute euren programa
betetzea lehentasuna izango dela azaldu du. "Eta horretarako beharrezkoa
izango da PP kentzea; dena den, herriak erabakiko du zer estrategia edo
zer paktu egin behar dugun". Canovas del Castillo izan du gogoan
akordioei buruz galdetuta: "Hark esaten zuen politika dela une
bakoitzean jakitea aplikatzen zure ideietatik posible den guztia, eta
beraz, egoeraren araberakoa izango da". Azkenaldian, dena dela, hainbat
alderdik bat egin dutela gogoratu du eta horien arteko akordioak
"posibleago" direla. "Ikusi dugu Trebiñuren aferarekin, adibidez, PSE,
Bildu, EAJ eta Ezker Batua ados jarri direla, probintziaren egiturari
dagokionean, eta, beste behin PP kanpoan geratu dela".
Aitor Castañeda, EAJ.
"Sutea itzali"
Salazarren ustez, "ezinbestekoa" da Marotok sortu duen "sutea"
itzaltzea, diru sarrerak bermatzeko errentaren iruzurra etorkinekin
lotzeko egin duen "kanpaina"-rekin amaitzeko. "Uste dut alderdi guztien
konpromisoa izan behar dela Maroto eta De Andres gobernuetan ez egoteko
ahalegina egitea, eta euren politikekin amaitzea". Hori du lehentasuna
PSEk herritar guztiei begira, baina gazteak kezkatzen dituzten beste
hainbat gai ere mahai gainean jarri ditu: "Garrantzitsua da enple gu
duina bermatzea, etxebizitza izateko erraztasunak jartzea eta maila
desberdinetan laguntzak bideratzea, gazteei eragiten dieten politika
sozialek azken batean herritar guztiei eragiten dietelako". Gazteria
atal zehatz bat izateari utzi eta alor guztietan landu beharreko gaia
dela uste du Salazarrek, "alor bakoitzerako politika zehatzak ezarrita".
Etxebizitzaren inguruko kezka ere EH Bildun landu duten gaietako bat
dela gogoratu du Ibarrolak. "Alokairu soziala ardatzetako bat izanik,
edadetuentzako eta gazteentzako aukerak eman behar dira, eta, bide
batez, hutsik dauden etxebizitzei erabilera eman". Prekarietatearen
aurrean, halaber, "alternatibak" bermatu behar direla azaldu du:
"Enplegua behar dugu, eta ez mini-enpleguak; horretan ere lan egingo
dugu". Proposamenak gazteen artean eraiki ahal izateko, euren parte
hartzea ere beharrezkoa dela azpimarratu du, eta eurek biltzeko
ahalegina egingo dutela: "Urtean batzar bat eginda ez dugu lortuko
gazteek parte hartzea, eta beharrezkoa da hori bultzatzea; euren
eremuetara joan behar gara: gazte asanbladetara, institutuetara, kalean
egon behar gara eta ikusi behar gaituzte".
EAJren kasuan, ildo beretik, lehentasuna enpleguak eta formakuntzak
dutela azaldu du Castañedak. "Formakuntza sustatzea da gazteon partetik
egiten dugun proposamenetako bat, horrekin batera industria Araban egon
dadin eta geratu dadin erraztasunak jarriz". Kultura ere lehentasunen
artean aipatu du ordezkari jeltzaleak, sormenari bide emateko espazioak
prestatu eta dinamizatuz. Horri lotuta, euskarari "txokoa" egin behar
zaiola uste du: "Azken asteetan ikusi dugu euskararekiko kutsu
kriminalizatzailea izan dela nagusi, ahaldun nagusiaren partetik,
'morralla' famatu horrekin, eta horri ere aurre egin behar diogu;
euskara mugitu egin behar da, eta erakutsi bizirik dagoela batez ere
gazteen artean". Kultura eta euskara bultzatuko dituen egitasmoei
"bultzada bat" eman behar zaiela nabarmendu du.
Igor Salazar, PSE.
Lanketa
Politikari gazteenen ahotsak alderdietan "leku garrantzitsua" duela
azpimarratu dute hiru kideek, eta euren proposamenak bideratzeko
hainbat bide dituztela. EH Bilduk, esaterako, Gasteizen auzoka batzar
ugari izaten dituela adierazi du Ibarrolak eta horietan parte
hartzearekin batera, hauteskundeei begira, gazteentzako mahai bat ere
antolatu dutela. "Gure buruan zer nolako hiria irudikatzen dugun eta
gazteok zer behar dugun landu dugu; prekarietatea izan da ardatz nagusia
oraingoan". Hauteskunde garaiarekin batera, urte guztiko lana egiten
dutela nabarmendu du, gazteen artean zein nagusiekin. Eta alderdiak
hartutako erabaki batekin ados ez daudenean ere, zuzendaritzara jotzeko
"bide arina" dutela aipatu du: "Harreman oso zuzena dugu zinegotziekin
eta kezkatzen gaituen konturen bat ikusi orduko eurengana jotzen dugu,
eurek azalduko diotelako kolektibo guztiari gure kezka; komunikazioari
dagokionez, beste alderdiekiko desberdintasun nabarmena dagoela uste
dut".
EAJn bidea pixka bat "estuagoa" dela aipatu du Castañedak, alderdiaren
arauei jarraituta. Alderdiaren barruan erakunde autonomo bat da
gazteria, lurraldeka antolatuta, eta bertatik plazaratzen dituzte
proposamenak. Azkenaldian, esaterako, Arabako estatutuak berritzen aritu
dira. "Emendakinak guri erakundetan proposatu daitezke eta hortik
lurralde mailara heltzen dira, ondoren; bertan erabakitzen da zer egin
proposamenekin, aurrera egin ala ez". Azken batean, alderdiko beste kide
baten moduan jokatzen dutela gogoratu du, "baina betiere ikuspuntu
lokal batetik".
PSEn ere Gazte Sozialistek autonomia dutela aipatu du Salazarrek,
Espainiako probintzia bakoitzean antolatutakoak. "Beti hitz egin dugu
eta entzun gaituzte; gure artean eztabaidatzeko mahai bat dugu eta
ponentziak antolatzeko". Gazteak oso "autokritikoak" direla adierazi du,
eta tarteka alderdiaren zuzendaritzarekin tira-birak izan dituztela:
"Kritika egin behar bada egiten dugu, baina nik uste dut ondo hartzen
dituztela, hobetzeko modua direlako". Akats politikoak egin dituztela
onartu du, eta horiek zuzentzera bideratutako kritikak: "Zapateroren
azken lau urteetan hartu ziren politikak gaizki hartu ziren, esaterako,
baina guk konpromisoa hartzen dugu hori aldatzeko".
Euren alderdiek izango duten emaitzaren zain, gertutik jarraitzen ari
dira hiru kideak, egunotan, hauteskunde kanpaina, alderdietako
egitasmoak mahai gainean jarri eta lagunak ere konbentzitzeko lanetan:
"Nire kuadrillan, esaterako, asko eztabaidatzen dugu askotariko ideia
politikoak daudelako; inguruan gure programarekin pedagogia egitea
tokatzen zaigu, eta ez hauteskunde garaian bakarrik". Salazarrek ere,
ilusioz bizi ditu hauteskundeak, alderdikideekin antolatzen dituzten
ekitaldi guztiengatik: "Polita eta interesgarria da niretzat herriz
herri ibili eta jendeak gure proiektuaren inguruan eztabaidan entzutea".
Euren alderdia ez ezik, besteek egiten dituzten mugimenduei adi daude
hirurak, batik bat, mapa politikoan lekua izan dezaketen alderdi berriei
begira. Aukera berriak egotea "aberatsa" dela uste du Castañedak,
baina zalantza du aurkeztu diren taldeekin: "Ez dakit euren estrategia
zein den, baina ez diot zentzu gehiegirik ikusten hainbeste
zatikatzeari; abertzale ez den ezkerreko botoa hainbeste sakabanatuko da
gutxi lortuko dutela, eta mesede egingo diela aurretik doazenei".
Hauteskunde gaua noiz helduko, Segiko kideak izateagatik atxilotutako
kideak ere gogoan izan dituzte. "Politika hutsa" egiteagatik gazteak
atxilotu ezin dituztela salatu du Ibarrolak. "Hemendik gure babesa
atxilotuei eta ezkutuan daudenei".
Egilea: Anakoz Amenabar,
Arabako ALEA