Asier Barandiaran Amarika (koordinatzailea/coordinador), Jon Abril Olaetxea, Xabier Etxaniz Erle, Jon Kortazar Uriarte, Jon Martin Etxebeste, Garazi Otxagabia Letamendia, Rosa Miren Pagola Petrirena, Javier Rojo Cobos, Aiora Sampedro Alegria, Eneko Zuloaga San Román.
Hona hemen Ane Eslavak prestaturiko testua:
Euskal literatura, nafarrek idatzia
Nafarroako
Gobernuak 'Egile nafarren euskal literaturaren antologia'-ren bigarren
atala argitaratu du. Lanak 1900etik 1975era arteko literatur uzta dakar,
eta hamar adituk idatzi dute. Beste bi liburukirekin osatuko dute
bilduma
«Hutsune bat betetzea». Helburu horrekin jaso dituzte hamar adituk
Nafarroako idazleek 1900etik 1975era bitartean euskal literaturari
egindako ekarpena,
Egile nafarren euskal literaturaren antologia-ren
bigarren liburukian. XVI. mendetik gaur egunera arteko literatur lanik
garrantzitsuenak jasoko dituzte bilduma osatuko duten lau liburuetan.
Lehenbizikoa iazko apirilean kaleratu zuten, eta Erdi Arotik
Errenazimentura arteko garaia jorratu zuen; bigarrena abenduan
argitaratu zuten, eta beste birekin osatuko dute sorta. Asier
Barandiaran euskal filologoak koordinatu ditu lanok, eta Nafarroako
Gobernuak argitaratu.
Antologiaren atal berrian ikus daitekeen
moduan, XX. mendeko euskarazko literatur lanen ekoizpena «oparoa» izan
zen Nafarroan. «1900etik 1975era bitarteko produkzioa aurreko
mendeetakoa baino handiagoa izan zen», zehaztu du Barandiaranek. «Horrek
erakusten du garai hartan euskal kulturan jazo zen pizkundeak
oihartzuna izan zuela Nafarroako azpisistema literarioan».
Nafarroan,
«hainbat mugimenduk» eragin zuten euskal literaturaren iratzartzea.
Barandiaranek, batetik, Nafarroako Euskal Elkargoa aipatu du: «XIX.
mendearen hondarrean, elkargo horren sorrera bultzada garrantzitsua izan
zen euskara eta euskal kulturarentzat, eta horrek eragina izan zuen XX.
mendean ere». Arturo Kanpionek elkargoaren barruan egindako lana
nabarmendu dute liburuan: «Gehienetan gaztelaniaz idazten bazuen ere,
nafar ikuspegitik euskararen eta euskal kulturaren aldeko diskurtso bat
garatu zuen».
Bestalde, XIX. mendearen amaieran, Bizkaian, Euzko
Alderdi Jeltzalea sortu zuten, eta horrek ere isla izan zuen Nafarroan,
Barandiaranen irudiko: «Alderdi horrek sustatu zuen euskarazko
komunikabide eta argitalpen batzuen sorrera». Horietako bat izan zen
La Voz de Navarra
egunkaria. 1923an hasi ziren argitaratzen egunkari hori, eta,
gaztelaniaz bazen ere, orri batzuk euskaraz eskaintzen zituen. Zenbait
idazle nafarrentzat euskaraz idazten hasteko bidea izan zen, eta
horietako batzuk sartu dituzte antologian: Rosa Miren Pagolak Enrike
Zubiri
Manezaundi-ri buruz idatzi du, Jon Kortazarrek Alexander Tapiari buruz, eta Aiora Sampedrok Jose Agerreri buruz.
Vianako
Printzea erakundeak egindako lana ere aitortu dute liburuan.
Barandiaranek «mugarritzat» hartu du erakunde horretako kideen lana:
«Saiatu ziren Nafarroako Erresumaren zenbait ezaugarri berreskuratzen,
eta horietako bat galzorian zegoen euskara zen». Adibide bat aipatu du:
«Beste lurraldeetan ez bezala, hemen hasi ziren saritzen euskaraz hitz
egiten zuten haurrak, diru pixka batekin, modu sinbolikoan». Era berean,
Principe de Viana aldizkariarekin batera, tarteka, euskarazko
gehigarri bat kaleratzen hasi ziren. Antologian sartu dituzte zenbait
idazle nafarrek gehigarri horretan argitaratutako testuak; Aingeru
Irigarai, Frantzisko Astiz eta Perpetua Saraguetarenak. Barandiaranek
berak jaso du horien lana.
Nafarroa Behereko idazleak
Hamahiru
kapituluk osatzen dute lana, eta idatzitako bertsolaritzari
eskainitakoak irekitzen du. XX. mende hasieran, Euskal Pizkundearen
ondorioz, bertsolaritza igaro zen «euskal kulturaren periferiatik
erdigunera», eta, Barandiaranek adierazi duen moduan, «Nafarroan
gainontzeko euskal lurraldeetan bezainbesteko bilakaera izan zuen».
Hortaz,
egileek beharrezkotzat jo dute antologian tokia ematea bertsolari
nafarrei, eta aipamen berezia egin diote baxenabartar bati: Fernando
Aire
Xalbador-i. «Haren bat-bateko bertsotarako gaitasuna
apartekoa zen, baina idatziz ere maisuki josten zituen bertsoak», irakur
daiteke lanean. Bizi zelarik, Xalbadorrek bi bertso bilduma argitaratu
zituen:
Ezin bertzean (1969, Auspoa) eta
Odolaren mintzoa (1976, Auspoa); eta beste bat hil ondoren:
Herria gogoan
(1981, Auspoa). Liburuaren egileek haren zazpi testu hautatu dituzte.
Xalbadorrez bestalde, beste lau bertsolariren biografia eta lana ere
jaso dute: Pedro Maria Etxarte, Jose Maritorena, Trinidad Urtasun eta
Andres Astizena.
Antologiaren arduradunen irizpideetako bat izan
da aintzat hartzea «Nafarroa osoko» sortzaileak; ez soilik Nafarroa
Garaikoak. Nafarroa Behereko hainbat idazle sartu dituzte: Eneko
Zuloagak Jean Barbier garaztarraren inguruan idatzi du;
Gure Herria aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Barbier, eta poesian eta antzerkigintzan ere nabarmendu zen.
Javier
Rojok, berriz, Jean Etxepareren biografia eta lana bildu du. Etxepare
Jatsun jaio zen, 1937an, eta, 24 urterekin hil bazen ere, ekarpen
nabarmena egin zion euskal literaturari, antzerkigintza, eleberrigintza
eta kazetaritzan. Azkenik, Barandiaranek kapitulu bana idatzi du Jules
Moulier
Oxobi eta Etienne Salaberriren inguruan. Oxobik olerkiak,
alegiak eta eduki erlijiosozko testuak idatzi zituen batik bat.
Salaberrik, berriz, hainbat hedabidetan idatzi zituen literatur lanak;
besteak beste,
Herria-n,
Jakin-en eta
Gure Herria-n.
Nafarroa
Behereko egileen ekarpenari amaiera emateko, emakumezko idazle bati
egin diote tartea: Marijane Minaberriri. Euskarazko haur eta gazte
literaturaren aitzindarietako bat izan zen Minaberri, eta olerkigintzan
ere aritu zen. Xabier Etxanizek jaso du haren biografia eta lana.
Minaberri eta Perpetua Saragueta dira
Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia-ren lehen bi liburukietan agertzen diren emakume bakarrak.
Aipatutako idazleez gain, atal bana eskaini diete Pablo Fermin Irigarai
Larreko,
Mariano Izeta eta Jose Mari Satrustegiri. Barandiaranek idatzi duen
moduan, Larreko mediku eta idazle auriztarrak literatur uzta oparoa utzi
zuen, eta artikulugintzaren arloan nabarmendu zen. Hain zuzen, haren
artikulu bat sartu dute lanean, eta, horrekin batera,
Euskaldun biozduna Mexicon narrazioa eta
Gerla urte gezur urte
liburuaren pasarte bat. Jon Abrilek, bestalde, Izetaren inguruko
tartean azpimarratu du haren ibilbidea hertsiki lotua egon zela Baztan
haranarekin. Haren sei testu sartu dituzte liburuan. Azkenik,
Barandiaranek Satrustegiren atalean idatzi du «arrasto handia» utzi
zuela antropologian, etnografian, historian, literaturan, kulturan eta
gizartean.
Aurreneko liburukiarekin alderatuta, bigarrena sortzea
«errazagoa» izan dela aitortu du koordinatzaileak, XX. mendeko
argitalpen gehienak «eskuragarri» daudelako, eta ortografia egungo
eredutik gertuago dagoelako. Beste bi libururekin itxiko dute antologia:
hirugarrenean, 1975etik 2000ra arteko produkzioa bilduko dute, eta
azkenekoan, XXI. mendekoa.