Total Pageviews

Wednesday, December 19, 2018

Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia: 2. liburukia atera da

1900etik 1975era arte

Atera da jada 2. liburukia, Vianako Printzea erakundearen argitalpen zerbitzuak jakitera eman duenez. Liburu hau koordinatzea egokitu zait eta sarrera gehi bost kapitulu atondu ditut. Nitaz gain, beste 8 kolaboratzaile edo antologiagile izan dira 2. ale honetan, geroago aurkibidean ikusten denez. Eskerrik beroenak haiei.

http://www.culturanavarra.es/imagenes/contenidos/egile-nafarren-euskal-literaturaren-antologia-1-1580.jpg
EGILE NAFARREN EUSKAL LITERATURAREN ANTOLOGIA bilaketarekin bat datozen irudiak




Egile nafarren euskal literaturaren antologiak bigarren geltoki bat topatu du bere ibilbidean: 1900 urtetik 1975 urtera artekoa, hain zuzen. Denbora-tarte hau aukeratzearen arrazoiak hitzaurrean aurkituko ditu irakurleak baina, hirurogeita hamabost urteotan aurreneko ehundaka urteetan ekoiztutakoren parekoa (edo gehiago) izateak adierazten digu Nafarroan egiten den euskal literatura indartu egin zela XX. mendean zehar eta ekarpen garrantzitsu eta orijinalak egin zizkiola euskal literaturaren sistemari.
Antologiaren 2. liburuki honetan irakurleak hainbat generotako testu bertatik bertara dastatzeko aukera izanen du, egile nafarrek testu mota desberdinetara egokitzen asmatu dutela erakutsiz. Azkenik, euskal literaturak nolabaiteko nafar estilo bat (ez soilik linguistikoa) baduela antzematen hasteko lana da honako hau, hamar antologiagile bildu dituena.

Egileak honako hauek dira:
Asier Barandiaran Amarika (koordinatzailea/coordinador), Jon Abril Olaetxea, Xabier Etxaniz Erle, Jon Kortazar Uriarte, Jon Martin Etxebeste, Garazi Otxagabia Letamendia, Rosa Miren Pagola Petrirena, Javier Rojo Cobos, Aiora Sampedro Alegria, Eneko Zuloaga San Román.

Aurkibidea, berriz, ondorengoa:

Hitzaurrea. Asier Barandiaran
1. Bertsolaritza, 1900. urtetik 1975.era 
1.1. Bertsolari eta bertso-jartzaile nafarrak. Asier Barandiaran 
1.2. Fernando Aire «Xalbador» (1920-1976) Jon Martin
2. Jean Barbier (1875-1931). Eneko Zuloaga 
3. Etienne Salaberri (1903-1981). Asier Barandiaran
4. Enrike Zubiri «Manezaundi» (1868-1943) Rosa Miren Pagola 
5. Alexander Tapia Perurena (1899-1957) Jon Kortazar
6. Jose Agerre Santesteban (1889-1962). Aiora Sampedro
7. Jean Etxepare Landerretxe (Jatsu, N. Beherea, 1937- Hazparne, Lapurdi, 1961). Javier Rojo
8. Jules Moulier «Oxobi» (Bidarrai, N. Beherea, 1888 - Hiriburu, Lapudi, 1958). Asier Barandiaran 
9. Pablo Fermin Irigarai «Larreko» (1869-1949) Asier Barandiaran 
10. Mariano Izeta (1915-2000). Jon Abril
11. Jose Maria Satrustegi (1930-2003) Garazi Otxagabia
12. Príncipe de Vianaren ingurukoak. Asier Barandiaran
12.1. Aingeru Irigaray (1899-1986), Apat-Etxebarne
12.2. Frantzisko Astiz (1908-1986) 
12.3. Perpetua Saragueta (1905-1986) 

Durangoko Azokan bazegoen, Nafarroako Gobernuaren standean. Bertara joan ginen Joseba Arregi lankidea eta biok, argazkian ikus daitekeenez. 




Diario de Navarra egunkarian, abenduaren 31an atera zuten notizia. Eskerrik asko euskarazko orriaren arduradunei, Nerea Alejos eta Ion Stegmeierri. 




Berria egunkarian ere atera da notizia, Ane Eslava kazetari prestuak prestatua.

Hona hemen Ane Eslavak prestaturiko testua:




Euskal literatura, nafarrek idatzia

Nafarroako Gobernuak 'Egile nafarren euskal literaturaren antologia'-ren bigarren atala argitaratu du. Lanak 1900etik 1975era arteko literatur uzta dakar, eta hamar adituk idatzi dute. Beste bi liburukirekin osatuko dute bilduma

«Hutsune bat betetzea». Helburu horrekin jaso dituzte hamar adituk Nafarroako idazleek 1900etik 1975era bitartean euskal literaturari egindako ekarpena, Egile nafarren euskal literaturaren antologia-ren bigarren liburukian. XVI. mendetik gaur egunera arteko literatur lanik garrantzitsuenak jasoko dituzte bilduma osatuko duten lau liburuetan. Lehenbizikoa iazko apirilean kaleratu zuten, eta Erdi Arotik Errenazimentura arteko garaia jorratu zuen; bigarrena abenduan argitaratu zuten, eta beste birekin osatuko dute sorta. Asier Barandiaran euskal filologoak koordinatu ditu lanok, eta Nafarroako Gobernuak argitaratu.

Antologiaren atal berrian ikus daitekeen moduan, XX. mendeko euskarazko literatur lanen ekoizpena «oparoa» izan zen Nafarroan. «1900etik 1975era bitarteko produkzioa aurreko mendeetakoa baino handiagoa izan zen», zehaztu du Barandiaranek. «Horrek erakusten du garai hartan euskal kulturan jazo zen pizkundeak oihartzuna izan zuela Nafarroako azpisistema literarioan».

Nafarroan, «hainbat mugimenduk» eragin zuten euskal literaturaren iratzartzea. Barandiaranek, batetik, Nafarroako Euskal Elkargoa aipatu du: «XIX. mendearen hondarrean, elkargo horren sorrera bultzada garrantzitsua izan zen euskara eta euskal kulturarentzat, eta horrek eragina izan zuen XX. mendean ere». Arturo Kanpionek elkargoaren barruan egindako lana nabarmendu dute liburuan: «Gehienetan gaztelaniaz idazten bazuen ere, nafar ikuspegitik euskararen eta euskal kulturaren aldeko diskurtso bat garatu zuen».

Bestalde, XIX. mendearen amaieran, Bizkaian, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuten, eta horrek ere isla izan zuen Nafarroan, Barandiaranen irudiko: «Alderdi horrek sustatu zuen euskarazko komunikabide eta argitalpen batzuen sorrera». Horietako bat izan zen La Voz de Navarra egunkaria. 1923an hasi ziren argitaratzen egunkari hori, eta, gaztelaniaz bazen ere, orri batzuk euskaraz eskaintzen zituen. Zenbait idazle nafarrentzat euskaraz idazten hasteko bidea izan zen, eta horietako batzuk sartu dituzte antologian: Rosa Miren Pagolak Enrike Zubiri Manezaundi-ri buruz idatzi du, Jon Kortazarrek Alexander Tapiari buruz, eta Aiora Sampedrok Jose Agerreri buruz.

Vianako Printzea erakundeak egindako lana ere aitortu dute liburuan. Barandiaranek «mugarritzat» hartu du erakunde horretako kideen lana: «Saiatu ziren Nafarroako Erresumaren zenbait ezaugarri berreskuratzen, eta horietako bat galzorian zegoen euskara zen». Adibide bat aipatu du: «Beste lurraldeetan ez bezala, hemen hasi ziren saritzen euskaraz hitz egiten zuten haurrak, diru pixka batekin, modu sinbolikoan». Era berean, Principe de Viana aldizkariarekin batera, tarteka, euskarazko gehigarri bat kaleratzen hasi ziren. Antologian sartu dituzte zenbait idazle nafarrek gehigarri horretan argitaratutako testuak; Aingeru Irigarai, Frantzisko Astiz eta Perpetua Saraguetarenak. Barandiaranek berak jaso du horien lana.

Nafarroa Behereko idazleak

Hamahiru kapituluk osatzen dute lana, eta idatzitako bertsolaritzari eskainitakoak irekitzen du. XX. mende hasieran, Euskal Pizkundearen ondorioz, bertsolaritza igaro zen «euskal kulturaren periferiatik erdigunera», eta, Barandiaranek adierazi duen moduan, «Nafarroan gainontzeko euskal lurraldeetan bezainbesteko bilakaera izan zuen».

Hortaz, egileek beharrezkotzat jo dute antologian tokia ematea bertsolari nafarrei, eta aipamen berezia egin diote baxenabartar bati: Fernando Aire Xalbador-i. «Haren bat-bateko bertsotarako gaitasuna apartekoa zen, baina idatziz ere maisuki josten zituen bertsoak», irakur daiteke lanean. Bizi zelarik, Xalbadorrek bi bertso bilduma argitaratu zituen: Ezin bertzean (1969, Auspoa) eta Odolaren mintzoa (1976, Auspoa); eta beste bat hil ondoren: Herria gogoan (1981, Auspoa). Liburuaren egileek haren zazpi testu hautatu dituzte. Xalbadorrez bestalde, beste lau bertsolariren biografia eta lana ere jaso dute: Pedro Maria Etxarte, Jose Maritorena, Trinidad Urtasun eta Andres Astizena.

Antologiaren arduradunen irizpideetako bat izan da aintzat hartzea «Nafarroa osoko» sortzaileak; ez soilik Nafarroa Garaikoak. Nafarroa Behereko hainbat idazle sartu dituzte: Eneko Zuloagak Jean Barbier garaztarraren inguruan idatzi du; Gure Herria aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Barbier, eta poesian eta antzerkigintzan ere nabarmendu zen.

Javier Rojok, berriz, Jean Etxepareren biografia eta lana bildu du. Etxepare Jatsun jaio zen, 1937an, eta, 24 urterekin hil bazen ere, ekarpen nabarmena egin zion euskal literaturari, antzerkigintza, eleberrigintza eta kazetaritzan. Azkenik, Barandiaranek kapitulu bana idatzi du Jules Moulier Oxobi eta Etienne Salaberriren inguruan. Oxobik olerkiak, alegiak eta eduki erlijiosozko testuak idatzi zituen batik bat. Salaberrik, berriz, hainbat hedabidetan idatzi zituen literatur lanak; besteak beste, Herria-n, Jakin-en eta Gure Herria-n.

Nafarroa Behereko egileen ekarpenari amaiera emateko, emakumezko idazle bati egin diote tartea: Marijane Minaberriri. Euskarazko haur eta gazte literaturaren aitzindarietako bat izan zen Minaberri, eta olerkigintzan ere aritu zen. Xabier Etxanizek jaso du haren biografia eta lana. Minaberri eta Perpetua Saragueta dira Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia-ren lehen bi liburukietan agertzen diren emakume bakarrak.

Aipatutako idazleez gain, atal bana eskaini diete Pablo Fermin Irigarai Larreko, Mariano Izeta eta Jose Mari Satrustegiri. Barandiaranek idatzi duen moduan, Larreko mediku eta idazle auriztarrak literatur uzta oparoa utzi zuen, eta artikulugintzaren arloan nabarmendu zen. Hain zuzen, haren artikulu bat sartu dute lanean, eta, horrekin batera, Euskaldun biozduna Mexicon narrazioa eta Gerla urte gezur urte liburuaren pasarte bat. Jon Abrilek, bestalde, Izetaren inguruko tartean azpimarratu du haren ibilbidea hertsiki lotua egon zela Baztan haranarekin. Haren sei testu sartu dituzte liburuan. Azkenik, Barandiaranek Satrustegiren atalean idatzi du «arrasto handia» utzi zuela antropologian, etnografian, historian, literaturan, kulturan eta gizartean.

Aurreneko liburukiarekin alderatuta, bigarrena sortzea «errazagoa» izan dela aitortu du koordinatzaileak, XX. mendeko argitalpen gehienak «eskuragarri» daudelako, eta ortografia egungo eredutik gertuago dagoelako. Beste bi libururekin itxiko dute antologia: hirugarrenean, 1975etik 2000ra arteko produkzioa bilduko dute, eta azkenekoan, XXI. mendekoa.

No comments: