2023ko martxoaren 3an Iñaki Zukaikak bertso bat argitaratu zuen (audioa eta guzti) Independentea.eus delako atarian. Bere artikuluan dago irakurgai eta entzungai:
Orain ikastera noa Donostira
poz sentsazio batekin;
senide arten sentitu nintzan,
inguruan errimekin.
Euskara, prentsa eta bertsoa
gure baluarteekin,
txikitasun ta duintasuna
badarzkigu gurekin.
Eta hurrengo bertso-saioarekin,
antolaketa lanetarako
kontazazue nerekin.
Izan ere, bertso afari "disidente" bat antolatu zen Goizuetan eta itzelezko bertsolariek hartu zuten parte:
Mikel Altzuart izan zen bertsolarietako bat kantuan eta berak, egun batzuk lehenago, saioaren berri emateko helburuz bertso batzuk paratu zituen, idatziz eta kantuz, bere zutabean:
Martxoaren 3an
izanen gituxu
gure kamisetakin,
ez Kukuxumuxu.
Kukua han entzuten
omen baita uxu,
bi masail dituenak
baditu bi muxu,
gure zain Goizuetan
dago Zubimuxu.
Elkartuko omen gara
hainbat jende xalo,
zer gertatu daitekeen
nork daki, auskalo!
Nahi baduzu oihu egin,
nahi baduzu txalo.
Gauak bihurtzen bazaitu
erdi txorimalo,
zer nahi duzu gehiago:
gelditu bertan lo.
Goizuetan ez baita
ezer logikoa,
elkartu eginen da
zoologikoa.
Hustu egin beharko dugu
lehenik lapikoa,
bertsoa bihurtzeko
antologikoa;
inoiz ahaztuko ez dugun
saio magikoa.
Bertsoen bidezko gogoeta hauek ez dira gaur-atzokoak... badira hilabeteak eta hilabeteak bertso-jartzaileak zenbait zalantza adierazten hasi zirenetik.
Mikel Altzuartek berak 2021eko otsailaren 21ean Julen Zulaikaren bertso batzuk ekarri zituen gogora, notizia honetan:
Julen Zulaika bertsolari zarauztarraren bertso sorta ederra ekarri dugu gaurkoan. Iragan otsailaren 8an kantatu zituen Arraio Irratiko Bapateko Unibertsoa saioan, Harkaitz Bastarrikak gitarraz lagunduta. Bertso hauetan bizi dugun egoerari buruzko hausnarketa emankorra egiten du Julenek. Hain beharrezko dugun hausnarketa, hain zuzen ere.
Entzun eta gozatu!
Doinua: Ai hori begi ederra
1.
Ez det esan nahi gaitzikan
ez dagoenik baizikan
ez al da beste gauzikan?
Non da kritika, hausnarketa non
jartzen duenik auzitan
hamarretik beatzitan
haize berririk gutxitan
albiste iturri guztitan.
2.
Milaka grafiko, datu
portzentai, tasa olatu
bada zeinek gogoratu
reality hau nolatan dugu
errealitateratu
psikosia da eratu
ta luzerako geratu
ez al zinen konturatu.
3.
Gel hidroalkoholikoak
musuko ta plastikoak
nonbait ez ziren nahikoak
mesiasen bat behar zuen hain
egoera tragikoak
bete asmoz poltsikoak
lobby farmazeutikoak
patente gosez itoak.
4.
Normaltasun berri hontan
ez al gaude erdi lotan
murgilduak behe lainotan
ertz askotako krisi bortitza
bizi dugun garaiotan
ez dezagun pentsa hortan
aritzen dira askotan
lotsak estali asmotan.
5.
Paradoxiko xamarra
ehuneko hogeitamarra
igo dela argindarra
denda txiki ta tabernak larri
joan zen kaleko aparra
ta Amazonek barra barra
saltzea hauxe earra!
falta zitzaigun bakarra!
6.
Ez al du aski garrantzi
noiz betaurrekoak jantzi
noiz datorrena irentsi
noiz da egi bat gezur erdi noiz,
zientzia da zientzi
mila galderen sintesi
beti dirua lehenetsi
dutenei zenbat sinetsi.
7.
Eurek omen dute kulpa
non nahi salaketak, multa
gazteengan dago lupa
lehen polizia gutxi zen nonbait
ta hara zenbat errekluta
lege betetzaile ultra
hiritartasun kondukta
bandera gisan hartuta.
8.
Argi berde, gorri, hori
atzo ondo gaur hiltzori
orain kendu, orain tori
gabonak dira kontsumoaren
sareetan lasai erori
ze adar jotze da hori
makina bat azal lori
gure bizkar dabil ongi.
9.
Txertaketaren kanpaina
gardena bezain bikaina
ia nork hartuko gaina
edozein taska zaharretan bada
protokoloa hor aina
ixten zaila den orbaina
akaso horren ordaina (hala ere horren ordaina)
ez dute jasoko baina (ezetz jaso behar adina).
10.
Ez al da lehen baldintza
beti bete ahal balitza
erdigunera bizitza
ospa beldurrak, gora bihotzak
negar egin, lasai mintza.
auzolana, herrigintza
elkar zaintzea da giltza
edo galdurik gabiltza.
Bestalde, Bertsolari aldizkariak, 2022ko udaberriko zenbakian, Joanes Illarregiren sorta bat dakar gure "gai izarra" bertsogai duena. "Pasa o aparta" izenburua jarri zion Joanesek sortari eta "Hauxen da gaia zelebrezkuat" doinuarekin kantatzekoak dira bertsook:
Hemen agian ez dira biltzen
guzti-guztien ahotsak
azken aldian alde denetan
entzun dira harrabotsak
bertso sorta bat galde egin dit
etsirik dudan bihotzak
egoera hau bizi beharraz
nekatuta gaudenontzat.
"Hartu txertoa, hartu txertoa"
eman duten garrotea
ia arnasa hartzeko ere
behar da pasaportea
garai hauetan nahasi dira
kontraesan bikotea
Covid-pasea izatea ta
osasuntsu egotea.
Antzerkiren bat edo filme bat
nornahik gomenda dizuna
bertso saio bat goi mailakoa
aspaldi partez entzuna
Bengoetxeak Labriten eman
behar dun ikuskizuna
OMSek ez dizu esango baina
hori bada osasuna.
Esperimentu bat ez ote den
duda egin dezakegu
limitea non ote daukagu?
honek muga non ote du?
aurrerantzean benetan kontuz
bizi beharrak gaude gu
gurekin zernahi egingo dute
hau onartzen badiegu.
Gogora ekarri nahi ditut hitzak
zentzuzkoak ta sakonak
Manuel Lasarte izan zenari
kantuz entzun nizkionak
askatasuna QR bati
erregalatzen dionak,
"bere garaian kenduko dio,
lenago eman zionak!".
Ia bi urte pasatu dira
guzti hau hasi zenetik
zentzu gabeko hamaika neurri
bat bestearen atzetik
badaezpada hobe litzake
denak kentzea kolpetik
birusetik ez, bania burutik
denok gaixotu aurretik.