Total Pageviews

Monday, November 28, 2005

Mezatara, zer dela eta? (III)




Meza gurtza ekintza da.
—Inka tribukoek horregatik egiten al zituzten eskaileradun tenpluak, giza-sakrifizioak eskaintzeko? —Bai, horregatik. Gizaki orok Goi Izate baten existentzia onartzen dik, eta Berari dena zor diola baita ere. Izate horrekin erlazionatu behar dugula ulertu diagu eta gizakiok gure erara eman izan zioagu gurtza edo kultua, sarritan modu okerrekoan —inken kasua horren lekuko—. Hala ere, Jainkoak gizakioi hitz egin ziguk, eta gurtza nola eman esplikatu ere. —Eta norekin hitz egin du, ba? —Klaseetara etorri izan bahintz jakingo huke Israel herria zein zuan eta hari Jainkoak hitz egin ziola. Gurtza emateak lau alderdi ditik: gurtza ematea, eskerrak ematea, barkamena ematea, mesedeak eskatzea. Israeldar herriak sakrifizio mota desberdinak zitian: esker emate sakrifizioak, goramen sakrifizioak, eta abar. Baina arazo bat zegoan, ba al dakik zein? —Zein ba? —Ba, gizakiok bekatua egiten dugula. Bekatua ez duk zerbait teknikoki gaizki egitea, marrazki bat gaizki egitea bezala. Bekatua zerbait erlijiotsua duk, gure Jainkoarekiko harremanarekin zerikusia duen zerbait. Jainkoaren Aginduei kasurik ez egitea duk. Adan eta Evak Bekatua egin zitean eta gaur egun ere bekatu asko egiten dituk. Eta ulertuko duzunez, nahiz eta barazki eta animaliekin sakrifizioak egin, Jainkoarekin justizian egoteko ez zituan nahiko. Bekatuek egindako kaltea konpontzeko ez zituan nahiko. Orduan zer egin zezaketen haiek? —Haiek deus ez. Horregatik Jainkoak Mesias bat agindu zian, gizakiok bekatutik askatzeko eta Bere lagunak berriro izan ahal izateko. Hauxe duk Jesukristok egin zuena Gurutzean sufrituz eta bizitza emanez. Gizaki bezala, sufrimenduak jasan zitzakean eta Jainko bezala Jainko Aitaren pareko ekintza egiten zian. —Baina, zer ikustekorik dauka honek Mezarekin? —Utzidak amaitzen, Mikel. Ez al haiz konturatzen gurtza dela gizakiok Jainkoarekin dugun era dela? Kalbarioko Jesusen sakrifizioa gurtzarik osotuena eta Jainko Aitarentzat atseginena duk; izan ere, mundua Harekin lotu zuen berriz. Meza Santua, beraz, gurtza ekintza bikainena duk, Jainkoak Berak hala nahita. Oso ona duk hik heure etxean otoitz egitea baina Mezatara joatea ezinbestekoa duk, ez al haiz konturatzen? Jainkoak nahi duen gurtza ekintzarik garrantzitsuena horixe duk.

ABENDUALDIA DATOR


Sasoi honetan betiko otoitz hauek lagun gaitzakete gure barne bizitza hobeto prestatzen


Damu otoitza: Jesu Kristo nire Jaun, Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, nire Egile, Aita eta Salbatzaile hori; zarena zarelako, neurrigabe Ona, eta gauza guztiak baino maiteago zaitudalako, damu dut bihotz-bihotzez, damu dut Zu nahigabetua; baita ere damu dut infernuko oinazeetan zigortu nazakezulako. Asmo sendo hartzen dut ez gehiago bekaturik egiteko, aitortu eta bekatuen ordainak betetzeko. Amen.

Jesus, Zuk asko maite nauzu

eta barru-barrutik ezagutzen nauzu.

Barka iezadazu ondo egin

ez dudan guztia!

Emaidazu zeure besarkada!

Behar adinbat otoitz egiten

ez dudalako;

neure etxean beti ona izan

ez naizelako;

egoista naizelako eta neurea

bakarrik bilatzen dudalako;


besteekin lagun on bezala portatu ez naizelako;

barkatu ez dudalako eta bakeak egin nahi izan ez ditudalako;

beti egia esan ez dudalako;

ni baino txikiago eta ahulagoekinharro jokatu dudalako.

Barka Jesus! Lagun zaitudanez,

emaidazu zeure besarkada!

Aitortzen diot Jainko guztiz ahaltsuari,

eta zuei ere bai, nire senideoi, bekatu

egin dudala, gogapen, hitz eta egitez,

eta eginbeharrak ez eginez; bai,

bekatari naiz.

Horregatik eskatzen diet Andre Maria

beti Birjinari, aingeru eta santu guztiei,

eta zuei ere bai, nire senideoi, otoitz egin

diezaiozuela nire alde Jainko gure Jaunari.


Friday, November 18, 2005

Gure Mikel, Lezamako abade maitekor eta maitagarri batr

Gure Mikel
OJANGUREN, Iskander; GOIKOETXEA, Juan Luis; Iñaki Aretxabaleta: Gure Mikel. Lezama, Lezamako Udala & Bizkaiko Foru Aldundia, 2004.
(141 orrialde)



Liburu honetan Mikel Zarate (1933-79) apaizaren heriotzaren 25. urteurrenaren kariaz, haren omenezko lantxo bat argitaratu nahi izan dute egileek.
Mikel Zarate Lezaman jaio eta gazte koskorra zenean aparejadore ikasketak burutu zituen. Bere aitarekin batera etxegintzan aritu zen lanean. Neska-laguna ere bazeukan. Baina 21 urterekin abadetzarako bokazioa barruntatu eta apaizgaitegian sartu zen arestiko guztiak albo batera lagata.
Bere munduko ibilerak lorratz handia utzi du harekin harremanetan izan zirenengan. Karakter alaidun gizona, bromarako gertu, zabala, harrera ona egiten zekiena eta bihotzekoa. Kirolzale amorratua ere bazen: mendizalea, eskupilotan aritua, lasterketan, igeriketan… hainbat kiroletan sartzen zen bere lagunekin batera giro lehiakor eta laguntasunezkoa sortuz.
Euskalgintzan, zer esanik ez, lan dezente eginikoa zen Mikel. Hasi, liturgiako testuak euskaratzen hasi zen (jada apaiza zela). Nabarmendu, ipuingintzan nabarmendu zen (Ipuin antzeko alegi mingotsak, argitaratu zuen liburu horietako bat), nahiz eta poesia eta eleberriak ere idatzi. Bertsotan ere ibiltzen zen, baina lagunarteko jolastzat hartzen zuen hori.
Apaizgaitegian (seminarioan), Irakasle Eskolan, Labayru Ikastegian eta Deustuko Unibertsitatean aritu zen irakasle. Euskara eta Euskal Literatura irakasten zuen.
Liburu honetan bere ikasle izandakoei, bere langunei, apopilo hartu zutenei, familiakoei eta apaiz lagunei (Bizkaiko Elizbarrutiko apezpiku laguntzailea den Karmelo Etxenagusia tarteko) egindako elkarrizketak agertzen dira. Elkarrizketotan bizitasunez eta emozioz Mikelen alderdi eta anekdota asko kontatzen dira.
Apaiz hau benetako ahaleginak egin zituen bere kristau fedea herriarengana hurbiltzeko, euskara, kultura eta bihotzezko zein laguntasunezko tratuarekin. Mundu akademikoan aritzeko gaitasun handiak bazituen ere, sekula ez zuen alde batera laga bere ardura pastorala. Alderantziz, herritarrek bereziki gogoan daukate igandeko meza ospatzeko jartzen duen ahalegina eta berotasuna.

Tuesday, November 15, 2005

Gipuzkoako Foru Aldundia Zabalketaren Boliviarako proiektu bat onartzen du


Milaren bat indigena guaranik onura aterako du proiektu honetatik, 129.000 eurokin subentzionatuta dagoena

11 - XI - 2005

Gipuzkoako Foru Aldundiak garapen kooperazioko proiektu bat onartu dio Zabalketari, Foru deialdi honetara lehenengo aldiz aurkezten zelarik.


Zazpi erkidego indigenetan gauzatuko da, zeinetan milaren bat pertsona bizi den, 181 familia guaranietan banatuta. Txirotasun egoera larrian daude familia haiek, Boliviako eskualde behartsuenetako batean.


“Iguembeko Erkidego Indigena Guaranien Garapen Integrala” du proiektuak izen, eta Villa Vaca Guzmán boliviar udalean, Chuquisacako Departamenduan, gauzatuko dute.


Hona hemen proiektuaren onuradun diren zazpi komunitateak: Tartagalito, Karatindi, Itiroro, Los Naranjos, Pentirenda, Iticupe y Tentayapi.



Proiektuak Iguembeko organizazio indigena guaranien sendotze instituzionala lortu nahi du ekimen integral bat garatuz. Milurtekoaren Helburuak direlakoen testuinguruan, eskuartze hau populazio batera zuzentzen da, zein orain dela gutxi asentamendu berrietara desplazatu duten, erdi esklabotza eta bazterkeriako prozesu historiko luze bat igaro eta gero.


Proiektuaren kokalekua Luis Calvo probintzia da. Zabalketak bertan dihardu dagoeneko, abian jarri baitu hor proiektu bat Iti-Karaparirendako erkidego indigena guaraniak integralki garatzeko.

Nafarroako Unibertsitatean VI Moda Kongresua ospatu zen


Azaroaren 3 eta 4an ospatu den edizio honetako gaia "Moda komunikatu, kultura eraiki" izan da

11 - XI - 2005

Nafarroako Unibertsitateak VI Moda Kongresua antolatu zuen, moda ekoizpenak kulturan duen eraginaz haurnartzeko. Modaren dimentsio ugariei aurre egiteko asmoz, Unibertsitateak jakintzagaiarteko hausnarketa bultzatu nahi du. Honen helburua arlo ezberdinetako profesional eta akademikideen arteko eztabaida aberasgarria garatzea da.

Moda produktuek dimentsio adierazgarria dute eta giza elkarrakzio era berrien molduran eragin handia dute. Moda fenomenoak momentu kulturalaren agerpen gisa sortzen dira eta zenbait giza joera berrindartzen dituzte.


Monica Codina, Komunikabidetako Fakultateko irakaslea, eta Jaime Nubiola, errektoreordea
Moda artikuluen ekoizpen eta salmentak ondorio ezberdinak dituzte gizarte eta kulturan. Eragin hauek komunikabideen bidez zabaltzen dira; baita joera estetiko eta toki ezberdinen moldura arkitektonikoen bidez ere.

Merkataritzako komunikazioak eta gizartearen joerak bat egiten dutenean merkatu berriak sortzen dira. Marketing teknikak literaturaren salmentan edota zinemaren sustapenean erabiltzen dira. Arkitektura teknikak bizimodu aldaketen eta eraikuntzako gai berrien agerreraren arabera aldatzen dira. Bizimoduak aldatu egiten dira, bai gizakion beharrei erantzun egokia emateko eta atseden era berriak sortzeko; bai familia, gizarte eta lanbide bizitzaz bat egiteko.


“Unibertsitateak ezin dio utzi kultura berria egiteko modu berri bati behatzeari, eta egun, modak mundua aldatzen du”. Hitz hauek eman zioten hasiera Iruñean, azaroaren 3 eta 4an ospatutako Nafarroako Unibertsitateko VI Moda Kongresuari.

Ibiltokiaren munduko pentsalari, diseinatzaile, zein enpresaburuek hausnarketa komuna egin dute modak kultura munduan duen eraginaz: goi joskintzaren heriotza, pronto modaren agerpena eta pret a porter deritzonaren etorkizunaz.

Diego Vasili, Vogue Uomoko publiziteteko zuzendaria
Gugan ala gugandik at dago moda? ZARA fenomenoak irudiaren morroi bihurtzen gaitu ala, aldiz, eskura jartzen digu guztioi moda? Diseinatzaileak bere obra ala pertsona izan behar du kontuan? Iradokizun horiek guztiak izan dira hizpide, hainbat ikuspuntutik jorratu direlarik.

Izan diren mahai inguruetan, zeinetara 350 bat lagun abiatu diren, TOUS, Llongeras, El Corte Ingleseko Marketing Arduradunek parte hartu dute; modaren komunikazio arloko arduradunek, hots, Paco Caro - Gaudi ibiltokiaren antolatzailea-, Diego Valisi, Uomo Vogueren arduraduna Italian eta Espainia estatu osoko enpresaburuek, hala nola, Koldo Ayestaran – Kukusumusuko Kide Kofundatzailea -, Victor Serna, Loreak Mendiaren Kide Fundatzailea.


Gaiak zabalak izan dira eta hitzaldi bakoitzak aukera berriak ireki izan ditu.

Hona hemen gure irakurleentzat jaso ditugun parte hartze interesgarrienetako batzuk:
Juan Miguel Otxotorena, arkitektoa


“ZARA iraultzak irudiaren bilaketa egotzi du aurreranzko ihesa balitz bezala. Modaren gehiegizko sonak goi joskintzari bukaera eman dio, horrela irudiarekiko morrontza agertu delarik. Asaldatzeko obsesioa dago. Modaren eta bildumen dinamismoak, etengabeko asegabekerira generaman. Gaur zer jantziko dudan nor naizen bilakatzen da.”

Juan Miguel Otxotorena, arkitektoa eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Zuzendaria


“Agerian dagoenetik at modak zer egiten duen ikusi behar dugu. Ikur bat baino gehiago da, ez baitaude berdin jantzitako bi pertsona. Moda ez da sistema bat ekosistema bat baino. Ederraren zientzia bilatu behar dugu, baina ba al dago horrelako zientziarik? Non bizi da moda hori? Gugan ala gugandik kanpo?

Alfons Puigamau. Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatea


“Komunikatzea gauzen egoera aldatzea da. Moda eragin handiko komunikabidea da. Komunikazio elementutzat hartuta, arropa hizkuntza gaitasun dinamikoa dugu. Gaurko kontsumitzailea gero eta aktiboagoa da. Garapen arineko giza testuinguru honetan, pret a porter deritzonak goi joskintzaren desagertzea dakar, kaleak arteari lekua hartzen dio. Kokapen aldaketa hori dela eta, moda sortzaileak ez du jada bere lana sorkuntzat hartzen soilik, komunikaziotzat baizik, kalera abiatzen da, beste lagunen bizitzan parte hartzen du.”

Paolo Volonté Bolzanoko Unibertsitatea


Ezkerretik eskuinera: Juan Miguel Otxotorena, Mónica Codina, Ángel José Gómez Montoro eta Emanuela Mora
“Moda aldizkarien eragina garrantzi handikoa da. Merkatuan posizio nabarmena duten nazioarteko zenbait goiburuk, joerak markatzeko beharra dute, nahiz eta marka ospetsuek erabaki jarraitzen dituztenentz. Voguek urte bateko aurrea hartzen die dendetan eskuratu daitezkeen produktuei”

Diego Valisi, Vogue Uomo (Milan) Conde Nast Taldea


Koldo Aiestaranek, Kukuxumuxu sorrera nola izan zen adierazi zuen. Dena 1989 hasi zen bere lagun Gonzalo, Koldo eta Mikelekin birra batzuk hartzera elkartzen zirenean. Sanfermineko kamisetak aldatzeko nahia zuten. Bereak kamisetei buruz ez zekien mauka motza eta luzea baino gehiago baina bai margotu. Orain 77 pertxon dira, Espainia guztian 20 denda daukate eta on-line saltzeko kanal ireki dute.

Friday, November 04, 2005

ESTEBAN URKIAGA, LAUAXETA, EUSKAL POETA FEDEDUNA

ESTEBAN URKIAGA, LAUAXETA, EUSKAL POETA FEDEDUNA

Aurten Lauaxeta idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrena bete da. Nafarroako hiriburuan, Udala, Nafar Ateneoa eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz zenbait ekitaldi burutu dira

Esteban Urkiagaren erretratua

Iruñako udaletxeak eta Ateneo Nafarrak omenaldi bat antolatu dute Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkariaren alde, jaio zela ehun urteurrena dela eta. Haren bizitza laburraren azalpen orokorra erakutsi nahi izan da. Hogeita hamabi urte baino ez zituela fusilatu zuten Gasteizen.

Esteban Urkiaga Laukizen (Bizkaia) jaio zen 1905ean. Umea zela Murgiara aldatu zen sendia, han ostalaritzako lan bat zutelako. Zazpi anai-arrebetatik, berak bakarrik izan zuen ikasketak egiteko aukera. Oñan eta Loiolan josulagunek zeuzkaten ikastetxeetan ikasi zuen.

Lauaxetak jesuita izateko ikasketak egin zituen, baina ez zen apaiztu, eta bertan piztu zitzaion euskaltzaletasuna. Giro horretan, autore klasikoak euskaratzeaz gain, europar literatura garaikidea sakontzeko aukera izan zuen.

1929an Orixek, Euzkadi egunkariko euskal ataleko arduradun zenak, Lauaxeta hartu zuen laguntzaile. Hala ere, 1931ko maiatzetik aurrera, Orixe Euskaldunak poema-liburua idazteari lotu zitzaionean, Urkiaga gelditu zen euskal ataleko erantzule bakarra, ia egunero Azalpenak zeritzan sailean zerbait idatziz.

Lauaxeta, hizlari aparta, herriz herri dabil garai honetan, emakumeei, baserritarrei eta langileei mitinak eta hitzaldiak emanez, pentsaera abertzalea zabalduz. Aldi berean, orduko zenbait elkartetako kidea da, hala nola Eusko Ikasle Batza, Asociación Social Cristiana.

Lauaxetaren olerki-lan ezagunenak Bide Barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) bildumetakoak dira. Urkiaga kristau sakon-sakona genuen. Zuzentasuna arrazoimenaren indarraz bakarrik defendatu behar zela sinetsita zegoen. Lauaxetarengan fede pertsonala eta gizartearen fedea bereiz litezke. Gizartearen fedea “euskaldun, fededun” bezala ulertzen du, hasiera batean (Urkiolako eguna). Topikoaren indarrak eragin nabaria dauka bere pentsaeran.

Manu Robles Aranguiz, Estepan Urkiaga Basaraz «Lauaxeta», Juan Careaga eta José Antonio de Aguirre. 1932an Euskaldun pilotalekuan ospatu zen ekitaldian.

Fede pertsonala askoz ere bitxia da, originalagoa delako. Fedea existentzialismoarekin loturik agertzen du Lauaxetak; sinismena heriotzarekin. Ikuspegia berezia izanik, bere lan poetikoan garrantzia izango duenez, hobeto ikertzeko geratzen den lana da. Hilezkortasun nahiak sendotzen du sinismenean.

Gai erlijiosoei buruzko editorialak ugaritxo idatzi zituen. Lauaxetarengan joera existentzialista xelebrea da, modernotzat eduki liteke. Unamunoren eragina nabaria da. Bilbotarrak Euskal Herriaren kontra esandakoak ez dizkio Lauaxetak inoiz barkatuko; hala eta guztiz ere, irakurtzen zuela ziurra da.

Fede arazoak sorreratik bertatik izan zuen indarra EAJ alderdian. Baina 1931. urtearen alderantz aldakuntza batzuk izango ditu. Alderdia erlijioaren agindu sozialetaz konturatu eta arduratuko da. Eta sindikalismoaz ez ezik beste edozein arlo sozialetan parte hartzera bultzatzen ditu militanteak.

«Komunisten bildurra» artikulua joera berri honen oihartzuna baino ez da: «Kristok munduko arazoak zelan erabagiten ebazan azaldurik... komunistek eskatuten dabena baino andiagoak dira Kristoren irakasbideak eskatuten daben guztia». Gorago aipaturiko sindikalismo lana eta langileenganako hurbilketa dira filosofia honen ondorioak. Baina ez bakarrik hori. Karitatea ere alkartasun-tresna bezala erabiliko dute. Urtero gabonetan karitate kanpaina bereziak eginaz, edo greban diren ELAkoentzako poltsak antolatuz.

Bertan behera gelditzen da dena, 36ko gerra pizten denean. Gernikako bonbardaketatik hiru egunera atxilotu zituzten Lauaxeta eta Gasteizko espetxera eraman, Karmeldarren Komentu-Presondegira. Urkiagak beste bandoko zenbait laguni bizia salbatu izana erabili zuen bere defentsaren oinarri. Hala ere, heriotza zigorra ezarri zioten. Kartzelan, heriotzaren zain zegoela zenbait erlijiozko poema idatzi zituen. San Juanen ebanjelioa hausnartzeari ekin zion. “Agur Euzkadi” poema ezaguna ere idatzi zuen, non bere aberriari beti Jaunaren legea betetzea opa dion, besteak beste. Kristau ikuspegia beti dago bere lanetan. Gasteizko kanposantuan izan zen fusilatua, 1937ko ekainaren 25ean, eskuan gurutziltzatu bat zuela.

GURUTZE-ALDERA

Gurutz-ondora eldu gurarik

bidia billa nabil neketan.

Zidor gustijak arantzez dagoz,

sartuten yataz oñetan.

Nekezko bide esturik baño

orra eltzeko, Jauna, eztago?

Elorri punten bildurrez beti

gurutzatik at bai-nago.

Odolez daukot neure gorputza,

urratu nabe sasi zorrotzak.

Baña enabe orra zuzentzen

nekezko bide mingotsak

—Ezin Neugana eldu al-zara

samin arteko zidor aldetik?

Arantza orreik mintzen bazabez,

zatorz maitasun-bidetik!

(Gasteiz'ko espetxean, 1937)

AGUR, EUZKADI!

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa

Aberri eder argira.

Neure negarrak jarion neuzan

zeure mendiai begira.

Seme bat zeukan, baña etsayak

kendu eutsoen biotza;

soin ederrera ixuri yakon

mayetz bateko goiz otza.

Gurutz Deunari mosu egiñaz

aldegin eutson mundutik,

Kistoren gentza abo ganean

loratu yakon gastetik.

Jaunaren maitez, aberri maitez,

ez eban euki bildurrik,

eta zeuretzat zorion utsa

opaldu eutson gogotik.

Euzkadi ona, zagoz betiko

Kistoren fede betean;

olan zoruna billauko dozu

emen ezpada zeruan.

Eriotz deuna aurrean daukot,

ziñistu bada, euzkoa:

Euzkadi azke izan daitean

zaindu Josu'ren legea.

Eder yatazan euzko bazterrak,

eder itxaso zabala;

baña oraintxe ederrago yat

eriotz onen itzala!

Gaztea nozu bizitz onetan

t'ez yatan palta gauzarik.

Jauna!, gogorra aldi onetan

iges eitea lurretik.

Ezpedi egin neure oldea,

zeure naia bai, ostera.

Gogoa boa zeru argira,

gorputza lur illunera.

1937

Lauaxetaren azken uneko idazkiak.

Thursday, November 03, 2005

Lauaxetaren jaiotzaren medeurrena, Iruñean ere bai






Aurten Lauaxeta (Esteban Urkiaga, Laukiz 1905 – Vitoria-Gateiz 1937) idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrena bete da eta, horren haritik, hainbat eta hainbat ekitaldi burutu dira, esate baterako, Mungian, Bilbaon, Donostian eta, azkenak, Iruñean.
Nafarroako hiriburuan, Udala, Nafar Ateneoa eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz zenbait ekitaldi burutu dira.

Urriaren 24an Jon Kortazar unibertsitateko katedratikoak hitzaldi bat eman zuen bere bizitzaren hainbat zertzelada berri eta bitxi agertuz. Biharamunean, Olite zinematokietan “Lauaxeta” izeneko filma ikusteko parada izan zen, 1987an egindako filma, hain zuzen. Urriaren 26an Antton Valverde eta bere taldearen eskutik Lauaxetaren poema musikatuekin gozatu zuten Gayarre Antzokira joan zirenak. Urriaren 27an, Gayarre Antzokian baita, “Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005” izeneko ikuskizuna eskaini zen, hainbat aktore eta musikariren parte hartzearekin.

Lauaxeta Laukizen (Bizkaia) jaio zen 1905ean. Gaztea zela jesuitekin ikasi zuen, nahiz eta ez zen jesuita egin.
Idaztea gustatzen zitzaion eta Errenterian ospatu zen I. Olerti Egunean saridun atera zen bere “Maitale kuttuna” poemarekin.
1931. urtean kazetari lanetan hasi zen Bilbon, Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun. Urte berean bere lehenengo poesia liburua argitaratu zuen: Bide barrijak. Handik lau urtetara bere bigarren poema liburua argitaratua izan zen: Arrats beran (1935ean).
Politikagintzan, mitingintzan, eta literaturgintzan aritu zen jo eta su urte hauetan, harik eta Gerra Zibila piztu zen arte. Berak idatzitako artikuluekin bi liburu argitaratu dira, bera hil ostean: Azalpenak eta beste, 1932 bata eta Azalpenak 1931-1935, bestea.


Ikuspegi kristaua beti egon da presente bere idazkietan. Ama Birjinari, edota Jaungoikoa gaia duten erlijio hutsezko poemak baditu. Bestalde, aberria eraikitzeari lotutako ikuspegi sinestuna ere presente da nonahi.


Gerra zibilean, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan intendentzia lanetan aritu zen eta Gudari izeneko aldizkarian ere parte hartzen.
Gernikako bonbardaketaren biharamunean hara joan zen Frantziatik etorri zen kazetari bat laguntzera eta bertan gertatu zena hari erakustera. Francoren ejerzitokoek bertan harrapatu, atxilotu eta Gasteizera eraman zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten. Eusko Jaurlaritza saiatu zen bere bizitza salbatzen atxilotuen trukaketa bat proposatuz, baina ez zen ezer lortu.
Kartzelan, heriotzaren zain zegoela zenbait erlijiozko poema idatzi zituen. San Juanen ebanjelioa hausnartzeari ekin zion. “Agur Euzkadi” poema ezaguna ere idatzi zuen, non bere aberriari beti Jaunaren legea betetzea opa dion, besteak beste. Kristau ikuspegia beti dago bere lanetan.
Aita Moreno izeneko apaiz batek, gaztetako laguna bera, lagundu zuen hondarreko orduetan eta azken sakramentuak eman zizkion.
Bertako hiriko hilerrian fusilatu zuten 1937ko ekainaren 25ean.

Ama Birjinari eskainitako olerki bat, Bide Barrijak liburuan agerturikoa.

MIREN NESKUTZA'REN BASELEXA
(Ama Birjinaren baseliza)


Gogo itunak dakijen menditxu ganian
Neskutz samurra datza gexuai begira.
Alayak, andik urrun badabiltz ludijan,
Baña begi mindubak ara eltzen dira.

Artzañak otsein yakoz, argontzi ixarrak.
Goxa jeiki ezkero an dabil kedatza.
Usaintzen dabe leunki ormako bedarrak.
Uso baten antzean baselexoi datza.

Orra duaz auldubak otoi-egitera,
baita gexo-eztenak mindu dituzanak.
Gustijak ditxaroe maitasun-arrera.
Ur ori maite dabe gixonen espanak.

Orra gastien eta zarren ibildeunak;
Batzubek dakartzubez arantzezko oroyak,
eta bestiak barriz itxaropen leunak.
Entzun ume-ametsak ta zarren otoyak.

Orra duaz gastiak lorazko bidetik
onetsi dagixuzan maitasun-mosubak.
Zeru goiko argija Zeure txadonetik
Ikusi gura leuke atsotxu mindubak.

Gogoen batzuk baña ezin eldu dira
eta negar artetik gedar dagitzube.
Oinditik jeiki zaite gabeko argira
Ta gexo oi bidera urten eijezube.

Erririk erri zuaz mindubak poztuten:
Zeu onduan zarala, erijotz ordubak
Itun diran bijotzak eztauz bildurtuten.
Begijak itxi, arren, tolestu eskubak.

Mendiko Neskutz ori, zeure magalpera
Negar gustijak duaz, oñaze gustijak.
Baña zuk goi-aldetik Erregin antzera.
Aurreratuten dozuz geure lei-larrijak.

Ortik asetzen dozu labalde legorra,
Baita euri eskean daguan andana.
Zeuganuntz dator egaz lugin oron lorra
Eta odeyak datorz, busti da oyana.

Ortik ikusten dozu ixurri zakarra
Seintxubak amakandik aldendu gurarik.
Euren ganera baña bator zeure eskarra
Eta lurran eztago ailako lorarik.

Gaba datorrenian mendijen ganera
Zeure kanpak dalayez bijotz samindubak
Txerrenak pozik duaz oben egitera
Baña zainduten gabez zeure aingerubak.

Bakarrik mendi-goyan, Neskutz maitatijak
Umetxu zerutarra dager eskubetan.
Origaitik ameak eta sein txikijak
Pozik sartuten dira baseleiz orretan.

Zenbat alatz dagixan soñak osaturik:
Itxubak or dakuste eguzki-diztira:
Garbijak or badagoz bakez zoraturik,
Negarrez ogendijak auzpeztuten dira.

Zenbat oroigai datzan errukiz lotuta!
Itxasontzi politak, jantzitxu zurijak.
Txauno-bidazti legez onaño elduta,
Txindirik eztaukonak, damotzuz lilijak.

Miren'en basatxauno mendijan jarrija.
Gotillunak dakije orrako zidorra
Tolesgientzat zara maitasun abija,
Obendijentzat barriz babes-maitekorra.