Total Pageviews

Thursday, November 03, 2005

Lauaxetaren jaiotzaren medeurrena, Iruñean ere bai






Aurten Lauaxeta (Esteban Urkiaga, Laukiz 1905 – Vitoria-Gateiz 1937) idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrena bete da eta, horren haritik, hainbat eta hainbat ekitaldi burutu dira, esate baterako, Mungian, Bilbaon, Donostian eta, azkenak, Iruñean.
Nafarroako hiriburuan, Udala, Nafar Ateneoa eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz zenbait ekitaldi burutu dira.

Urriaren 24an Jon Kortazar unibertsitateko katedratikoak hitzaldi bat eman zuen bere bizitzaren hainbat zertzelada berri eta bitxi agertuz. Biharamunean, Olite zinematokietan “Lauaxeta” izeneko filma ikusteko parada izan zen, 1987an egindako filma, hain zuzen. Urriaren 26an Antton Valverde eta bere taldearen eskutik Lauaxetaren poema musikatuekin gozatu zuten Gayarre Antzokira joan zirenak. Urriaren 27an, Gayarre Antzokian baita, “Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005” izeneko ikuskizuna eskaini zen, hainbat aktore eta musikariren parte hartzearekin.

Lauaxeta Laukizen (Bizkaia) jaio zen 1905ean. Gaztea zela jesuitekin ikasi zuen, nahiz eta ez zen jesuita egin.
Idaztea gustatzen zitzaion eta Errenterian ospatu zen I. Olerti Egunean saridun atera zen bere “Maitale kuttuna” poemarekin.
1931. urtean kazetari lanetan hasi zen Bilbon, Euzkadi egunkariaren euskarazko atalaren arduradun. Urte berean bere lehenengo poesia liburua argitaratu zuen: Bide barrijak. Handik lau urtetara bere bigarren poema liburua argitaratua izan zen: Arrats beran (1935ean).
Politikagintzan, mitingintzan, eta literaturgintzan aritu zen jo eta su urte hauetan, harik eta Gerra Zibila piztu zen arte. Berak idatzitako artikuluekin bi liburu argitaratu dira, bera hil ostean: Azalpenak eta beste, 1932 bata eta Azalpenak 1931-1935, bestea.


Ikuspegi kristaua beti egon da presente bere idazkietan. Ama Birjinari, edota Jaungoikoa gaia duten erlijio hutsezko poemak baditu. Bestalde, aberria eraikitzeari lotutako ikuspegi sinestuna ere presente da nonahi.


Gerra zibilean, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan intendentzia lanetan aritu zen eta Gudari izeneko aldizkarian ere parte hartzen.
Gernikako bonbardaketaren biharamunean hara joan zen Frantziatik etorri zen kazetari bat laguntzera eta bertan gertatu zena hari erakustera. Francoren ejerzitokoek bertan harrapatu, atxilotu eta Gasteizera eraman zuten. Heriotza zigorra ezarri zioten. Eusko Jaurlaritza saiatu zen bere bizitza salbatzen atxilotuen trukaketa bat proposatuz, baina ez zen ezer lortu.
Kartzelan, heriotzaren zain zegoela zenbait erlijiozko poema idatzi zituen. San Juanen ebanjelioa hausnartzeari ekin zion. “Agur Euzkadi” poema ezaguna ere idatzi zuen, non bere aberriari beti Jaunaren legea betetzea opa dion, besteak beste. Kristau ikuspegia beti dago bere lanetan.
Aita Moreno izeneko apaiz batek, gaztetako laguna bera, lagundu zuen hondarreko orduetan eta azken sakramentuak eman zizkion.
Bertako hiriko hilerrian fusilatu zuten 1937ko ekainaren 25ean.

Ama Birjinari eskainitako olerki bat, Bide Barrijak liburuan agerturikoa.

MIREN NESKUTZA'REN BASELEXA
(Ama Birjinaren baseliza)


Gogo itunak dakijen menditxu ganian
Neskutz samurra datza gexuai begira.
Alayak, andik urrun badabiltz ludijan,
Baña begi mindubak ara eltzen dira.

Artzañak otsein yakoz, argontzi ixarrak.
Goxa jeiki ezkero an dabil kedatza.
Usaintzen dabe leunki ormako bedarrak.
Uso baten antzean baselexoi datza.

Orra duaz auldubak otoi-egitera,
baita gexo-eztenak mindu dituzanak.
Gustijak ditxaroe maitasun-arrera.
Ur ori maite dabe gixonen espanak.

Orra gastien eta zarren ibildeunak;
Batzubek dakartzubez arantzezko oroyak,
eta bestiak barriz itxaropen leunak.
Entzun ume-ametsak ta zarren otoyak.

Orra duaz gastiak lorazko bidetik
onetsi dagixuzan maitasun-mosubak.
Zeru goiko argija Zeure txadonetik
Ikusi gura leuke atsotxu mindubak.

Gogoen batzuk baña ezin eldu dira
eta negar artetik gedar dagitzube.
Oinditik jeiki zaite gabeko argira
Ta gexo oi bidera urten eijezube.

Erririk erri zuaz mindubak poztuten:
Zeu onduan zarala, erijotz ordubak
Itun diran bijotzak eztauz bildurtuten.
Begijak itxi, arren, tolestu eskubak.

Mendiko Neskutz ori, zeure magalpera
Negar gustijak duaz, oñaze gustijak.
Baña zuk goi-aldetik Erregin antzera.
Aurreratuten dozuz geure lei-larrijak.

Ortik asetzen dozu labalde legorra,
Baita euri eskean daguan andana.
Zeuganuntz dator egaz lugin oron lorra
Eta odeyak datorz, busti da oyana.

Ortik ikusten dozu ixurri zakarra
Seintxubak amakandik aldendu gurarik.
Euren ganera baña bator zeure eskarra
Eta lurran eztago ailako lorarik.

Gaba datorrenian mendijen ganera
Zeure kanpak dalayez bijotz samindubak
Txerrenak pozik duaz oben egitera
Baña zainduten gabez zeure aingerubak.

Bakarrik mendi-goyan, Neskutz maitatijak
Umetxu zerutarra dager eskubetan.
Origaitik ameak eta sein txikijak
Pozik sartuten dira baseleiz orretan.

Zenbat alatz dagixan soñak osaturik:
Itxubak or dakuste eguzki-diztira:
Garbijak or badagoz bakez zoraturik,
Negarrez ogendijak auzpeztuten dira.

Zenbat oroigai datzan errukiz lotuta!
Itxasontzi politak, jantzitxu zurijak.
Txauno-bidazti legez onaño elduta,
Txindirik eztaukonak, damotzuz lilijak.

Miren'en basatxauno mendijan jarrija.
Gotillunak dakije orrako zidorra
Tolesgientzat zara maitasun abija,
Obendijentzat barriz babes-maitekorra.

No comments: