Total Pageviews

Friday, November 04, 2005

ESTEBAN URKIAGA, LAUAXETA, EUSKAL POETA FEDEDUNA

ESTEBAN URKIAGA, LAUAXETA, EUSKAL POETA FEDEDUNA

Aurten Lauaxeta idazlearen jaiotzaren lehenengo mendeurrena bete da. Nafarroako hiriburuan, Udala, Nafar Ateneoa eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz zenbait ekitaldi burutu dira

Esteban Urkiagaren erretratua

Iruñako udaletxeak eta Ateneo Nafarrak omenaldi bat antolatu dute Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkariaren alde, jaio zela ehun urteurrena dela eta. Haren bizitza laburraren azalpen orokorra erakutsi nahi izan da. Hogeita hamabi urte baino ez zituela fusilatu zuten Gasteizen.

Esteban Urkiaga Laukizen (Bizkaia) jaio zen 1905ean. Umea zela Murgiara aldatu zen sendia, han ostalaritzako lan bat zutelako. Zazpi anai-arrebetatik, berak bakarrik izan zuen ikasketak egiteko aukera. Oñan eta Loiolan josulagunek zeuzkaten ikastetxeetan ikasi zuen.

Lauaxetak jesuita izateko ikasketak egin zituen, baina ez zen apaiztu, eta bertan piztu zitzaion euskaltzaletasuna. Giro horretan, autore klasikoak euskaratzeaz gain, europar literatura garaikidea sakontzeko aukera izan zuen.

1929an Orixek, Euzkadi egunkariko euskal ataleko arduradun zenak, Lauaxeta hartu zuen laguntzaile. Hala ere, 1931ko maiatzetik aurrera, Orixe Euskaldunak poema-liburua idazteari lotu zitzaionean, Urkiaga gelditu zen euskal ataleko erantzule bakarra, ia egunero Azalpenak zeritzan sailean zerbait idatziz.

Lauaxeta, hizlari aparta, herriz herri dabil garai honetan, emakumeei, baserritarrei eta langileei mitinak eta hitzaldiak emanez, pentsaera abertzalea zabalduz. Aldi berean, orduko zenbait elkartetako kidea da, hala nola Eusko Ikasle Batza, Asociación Social Cristiana.

Lauaxetaren olerki-lan ezagunenak Bide Barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) bildumetakoak dira. Urkiaga kristau sakon-sakona genuen. Zuzentasuna arrazoimenaren indarraz bakarrik defendatu behar zela sinetsita zegoen. Lauaxetarengan fede pertsonala eta gizartearen fedea bereiz litezke. Gizartearen fedea “euskaldun, fededun” bezala ulertzen du, hasiera batean (Urkiolako eguna). Topikoaren indarrak eragin nabaria dauka bere pentsaeran.

Manu Robles Aranguiz, Estepan Urkiaga Basaraz «Lauaxeta», Juan Careaga eta José Antonio de Aguirre. 1932an Euskaldun pilotalekuan ospatu zen ekitaldian.

Fede pertsonala askoz ere bitxia da, originalagoa delako. Fedea existentzialismoarekin loturik agertzen du Lauaxetak; sinismena heriotzarekin. Ikuspegia berezia izanik, bere lan poetikoan garrantzia izango duenez, hobeto ikertzeko geratzen den lana da. Hilezkortasun nahiak sendotzen du sinismenean.

Gai erlijiosoei buruzko editorialak ugaritxo idatzi zituen. Lauaxetarengan joera existentzialista xelebrea da, modernotzat eduki liteke. Unamunoren eragina nabaria da. Bilbotarrak Euskal Herriaren kontra esandakoak ez dizkio Lauaxetak inoiz barkatuko; hala eta guztiz ere, irakurtzen zuela ziurra da.

Fede arazoak sorreratik bertatik izan zuen indarra EAJ alderdian. Baina 1931. urtearen alderantz aldakuntza batzuk izango ditu. Alderdia erlijioaren agindu sozialetaz konturatu eta arduratuko da. Eta sindikalismoaz ez ezik beste edozein arlo sozialetan parte hartzera bultzatzen ditu militanteak.

«Komunisten bildurra» artikulua joera berri honen oihartzuna baino ez da: «Kristok munduko arazoak zelan erabagiten ebazan azaldurik... komunistek eskatuten dabena baino andiagoak dira Kristoren irakasbideak eskatuten daben guztia». Gorago aipaturiko sindikalismo lana eta langileenganako hurbilketa dira filosofia honen ondorioak. Baina ez bakarrik hori. Karitatea ere alkartasun-tresna bezala erabiliko dute. Urtero gabonetan karitate kanpaina bereziak eginaz, edo greban diren ELAkoentzako poltsak antolatuz.

Bertan behera gelditzen da dena, 36ko gerra pizten denean. Gernikako bonbardaketatik hiru egunera atxilotu zituzten Lauaxeta eta Gasteizko espetxera eraman, Karmeldarren Komentu-Presondegira. Urkiagak beste bandoko zenbait laguni bizia salbatu izana erabili zuen bere defentsaren oinarri. Hala ere, heriotza zigorra ezarri zioten. Kartzelan, heriotzaren zain zegoela zenbait erlijiozko poema idatzi zituen. San Juanen ebanjelioa hausnartzeari ekin zion. “Agur Euzkadi” poema ezaguna ere idatzi zuen, non bere aberriari beti Jaunaren legea betetzea opa dion, besteak beste. Kristau ikuspegia beti dago bere lanetan. Gasteizko kanposantuan izan zen fusilatua, 1937ko ekainaren 25ean, eskuan gurutziltzatu bat zuela.

GURUTZE-ALDERA

Gurutz-ondora eldu gurarik

bidia billa nabil neketan.

Zidor gustijak arantzez dagoz,

sartuten yataz oñetan.

Nekezko bide esturik baño

orra eltzeko, Jauna, eztago?

Elorri punten bildurrez beti

gurutzatik at bai-nago.

Odolez daukot neure gorputza,

urratu nabe sasi zorrotzak.

Baña enabe orra zuzentzen

nekezko bide mingotsak

—Ezin Neugana eldu al-zara

samin arteko zidor aldetik?

Arantza orreik mintzen bazabez,

zatorz maitasun-bidetik!

(Gasteiz'ko espetxean, 1937)

AGUR, EUZKADI!

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa

Aberri eder argira.

Neure negarrak jarion neuzan

zeure mendiai begira.

Seme bat zeukan, baña etsayak

kendu eutsoen biotza;

soin ederrera ixuri yakon

mayetz bateko goiz otza.

Gurutz Deunari mosu egiñaz

aldegin eutson mundutik,

Kistoren gentza abo ganean

loratu yakon gastetik.

Jaunaren maitez, aberri maitez,

ez eban euki bildurrik,

eta zeuretzat zorion utsa

opaldu eutson gogotik.

Euzkadi ona, zagoz betiko

Kistoren fede betean;

olan zoruna billauko dozu

emen ezpada zeruan.

Eriotz deuna aurrean daukot,

ziñistu bada, euzkoa:

Euzkadi azke izan daitean

zaindu Josu'ren legea.

Eder yatazan euzko bazterrak,

eder itxaso zabala;

baña oraintxe ederrago yat

eriotz onen itzala!

Gaztea nozu bizitz onetan

t'ez yatan palta gauzarik.

Jauna!, gogorra aldi onetan

iges eitea lurretik.

Ezpedi egin neure oldea,

zeure naia bai, ostera.

Gogoa boa zeru argira,

gorputza lur illunera.

1937

Lauaxetaren azken uneko idazkiak.

No comments: