Total Pageviews
Friday, January 27, 2006
Deus caritas est, “Jainkoa Maitasuna da” Benedikto XVI.aren aurreneko entziklika
“Entziklika honetan, Jainko, Kristo eta Maitasunaren gaia bat eginik daude kristau sinismenaren iparrorratza bailitzan
Entziklikaren laburpena
Entziklika zati nagusi bitan artikulatuta dago. Lehenengoan “maitasunari” buruzko gogoeta aurkezten da, zenbait ikuspegiren arabera – “eros”, “philia”, “ágape”- Jainkoak gizakiari dion maitasunaren arlo oinarrizko batzuk zehaztuz, bai eta maitasun horrek giza maitasunarekin duen lotura agertuz. Bigarren zatiak hurkoarekiko maitasunaren agindua gauzatzeko ekintza zehatzaz dihardu.
LEHENENGO ZATIA: “Maitasunaren batasuna kreazioan eta salbamenaren historian”
“Maitasun” terminoak, hitzik erabili eta erosionatuenetako bat gaur egun, arlo semantiko zabala dauka. Esanahi ugari hauen artean, gizasemearen eta emakumearen arteko maitasuna gailentzen da bikaintasunaren eredu legez. Antzinako Grezian “eros” izenez definitzen zen. Biblian eta, batez ere, Testamentu Zaharrean, “maitasun” kontzeptuan sakontzen da: “eros” hitzetik aldendu eta “ágape” kontzeptura hurbiltzen da, oblazioa den maitasuna adieraztearren.
Kristau sinismenean, gizakia espirituz eta materiaz osaturiko izakia da eta bere baitan biak uztartzen dira noblezia berria erdietsiz. “Eros” delakoa, Kreatzaileak berak gizakiarengan ezarria, diziplina, purifikazioa eta heldutasunaren beharrean dago, hain zuzen ere bere jatorrizko duintasuna ez galtzeko eta “sexu” hutsa ez bilakatzeko, merkantzia hutsa ez bilakatzeko, azken finean.
“Eros” delakoa, hasiera batean desioa da batez ere, baina beste pertsonarengana hurbildu ahala, bere buruaz gutxiago galdetu eta bestearen zoriontasuna bilatuko du, bestearentzat “izatea” bilatuko du: horrela bere baitara bildu eta “agaperen” unea sendotzen da.
Jesukristorengan –Gizaki egindako Jainkoaren maitasuna bera- “eros”-“ágape” delakoak bere muina jadesten du. Gurutzean hiltzean, Jesusek, gizakia salbatu eta goratzearren bere burua eskainiz, modurik gorengoenean adierazten du bere maitasuna.
BIGARREN ZATIA: “Caritas, Elizaren maitasun-jarduna “maitasun-elkarte” legez”
Lagun hurkoarekiko maitasuna, Jainko-maitasunean sustraitua, sinestun bakoitzaren betebeharra izateaz gain, eliza-elkarte osoarena ere bada, bere maitasun jardunean maitasun trinitarioa islatu behar baitu. Betebehar honen kontzientziak garrantzi sortzaile bat izan du Elizan haren hasiera-hasieratik eta oso goizetik antolakuntza jakin baten beharrizana ikusi zen modu eraginkorragoan praktikan jartzeko.
Pontifize-irakaspenetan, Leon XIII.aren “Rerun novarun” (1891) entziklikatik hasita eta Joan Paulo II.aren “Laborem exercens" (1981), "Sollicitudo rei socialis" (1987), "Centesimus annus" (1991) trilogiara, gizartearen gaiari erreparatzen zaio behin eta berriz. Egoera arazotsu eta, beti, berrien aurrean oso gizarte-dotrina artikulatua garatu du, Eliza beraren mugetatik haratagoko orientazioak proposatuz.
Agi denez, garrantzitsua da oso Elizaren karitate-jardunak bere nortasuna ez galtzea, laguntza-erakunde hutsa bihurtuz edota berorren aldaera arrunta bilakatuz, ezpada bere argitasun osoari eutsi diezaiola, era berean kristau- eta eliza-karitateari eutsiz.
Beraz, otoitzaren garrantzia azpimarratu beharra dago. Kristorekin hartuemon biziak beharrizan handiak eta norberaren mugak egiaztatzean sortutako ideologia oker bat saihesten du. Ideologia oker horren arabera, oraintxe egin behar dira Jainkoak egin ezin bide dituen gauzak. Otoitz egiten duenak ez du denbora alferrik galtzen. Otoitza dagianak munduko iluntasuna eta egoismoa garaitzen dituen argia eta indarra lortzen ditu, Jainkoarengandik lortu ere.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment