Total Pageviews
Tuesday, January 17, 2006
Mezatara, zer dela eta? (X)
— Tira, aldez aurretik esaten dizut: Meza ospatu behar dudala eta gure elkarrizketa beste egun baterako utzi beharko dugu. Eta zuk, ez duzu gaur estudiatu behar?
— Ez, atzo amaitu nituen azterketak. Jarraitu, interesgarria da eta.
— Hala bada jarrai dezagun. Gero Ofertorio edo Eskaintza dator. Bertan Jainkoari ogia eta ardoa eskaintzen zaizkio, Sakramentua egikaritzeko erabiliko direnak. Agian sekula ez diozu detailetxo bati erreparatu. Ba al dakizu zergatik botatzen dizkion apaizak ur tantatxo batzuk ardoari, eskaintza egin aitzin?
— Ideiarik ere ez.
— Jesukristok horrela egin omen zuen azken afarian, israeldarrek ardoa mehetzeko halako ohitura baitzuten. Baina bakoitzak Mezatan zer egin behar dugunaren sinboloa da. Urak ez du ez zaporerik ez kolorerik, balio gutxi du ardoaren aldean. Ardoarekin nahastean diluitu egiten da, ardo bilakatzen bide da. Gure lan eta nekeek ere gutxi balio dute, baina Kristoren Sakrifizioarekin bat egitean amestu ezineko balioa hartzen dute; gure bizitza antzaldatu egiten da, jainkotu. Bazoaz ulertzen zertan datzan gure Mezatan parte hartzea?
— Zerbait gehiago, bai. Eta zertarako pasatzen da saskitxoa, kandelak eta argia-indarra ordaintzeko?
— Bat ere ez duzu asmatzen. Antzinean, besteei elkartasuna adierazteko, batez ere pobreenei, jendeak ofertorioan edo eskaintzan bere gauzak eskaintzen zituen: animaliak, ogiak, kipulak, gaztak, eta abar, eta gehien behar zutenen artean partitzen ziren. Gaur egun horrelako gauzak bildu ordez, saskitxo bat pasatzen da helburu horrekin praktikoagoa baita. Izan ere, zer eginen dugu hemen hiru oilasko eta lau gaztarekin?
— Jan, jakina…; edo banatu.
— Bai, hori egun batean egiten ahal da, baina hobeki dago gaur egiten dena, horrela behar denerako errazago bideratzen da.
— Adibidez, kandelak erosteko, ez? Arrazoia neukan ba!
— Alde batetik bai, bestaldetik ez. Ba al dakizu zein den Elizaren bosgarren agindua?
— Ez duzu inor hilko.
— Ez horixe, hori Jainkoaren Legeko bosgarrena da. “Eliza bere behar izanetan laguntzea” da. Norberak, bere aukeren arabera, Elizari lagundu behar dio. Hori, normalean Mezatik kanpo egiten da, baina “saskitxoa pasatzen” denean ere egiten ahal da.
— Eta zenbat bota behar dut nik?
— Hara, begiratu zenbat gastatzen duzun hilean eta kontutan hartu Elizaren beharrak edo premiak, ez parrokiarenak soilik. Zure kasuan… hauxe proposatzen dizut: dibertitzeko gastatzen duzunaren ehuneko bost.
— Ummmm… agian gehiegitxo gastatzen dut…
— Nire proposamena ez zaizula gustatu ematen du.
— Tira, pentsatuko dut.
— Beste egunen baten parrokiaren gastu “handiak” zeintzuk diren esango dizut, jakinaren gainean egon zaitezen; eta Misioen gastuak eta seminarioarenak eta…
— Badiotsut, pentsatuko dut.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment