Total Pageviews

Thursday, April 27, 2006

Afektibitatea heztea (V)




Haur eta nerabeen irakaskuntzan nengoelarik, lankide irakasle bat nuen, egun baten hauxe erran zidana: “Mutiko hori –hamaika urteko itxura oneko ikasle batez ari zen, oso bizkorra bera- benetan oso azkarra da. Baina ez du bihotz onik. Denetarako dohain bikainak ditu: nota onak ateratzen ditu, izugarri idazketa onak egiten ditu... baina hagitz berekoia da. Gainera, azkarra denez, bere egoismoa disimulatzen trebea da. Bertzeak liskarretan sartu eta berak ihes egiten du arriskutik. Badirudi bera baino makalagoak umilduz gozatzen duela. Ez du errukirik erakusten ikaskideen sufrimenduen aurrean. Bere adimenak harritzen nau baina bere bihotzak beldurtzen nau”. Nago, honelako haurrak gure artean ugaritxo direla eta gainera haien gurasoak, batzuetan, pozago agertzen dira emaitza akademikoekin, pertsona on bat heztearekin baino.
Hezkuntzak ezin dio erreparatu adimenaren garapenari edota borondateari soilik. Mutiko hori ederki zebilen arlo hauetan. Gainera, emozionalki oso orekatua zen. Jokaera morala ezin dugu baztertu. Baina jakina, jokaera zuzen baten erakargarritasuna agertzen jakin behar dugu. Bertzenaz lortu nahi duguna neketsua edota aspergarria irudituko zaie eta zaigu. Bistan da, ona egitea ez dela erraza, baina argi dago gauza onak egiten baditugu gure grina txarretatik askatuko garela eta hori oso pozgarria da. Gainera, bertutea lortuko dugu, hau da, gauza onak egiteko ohitura eta barne atsegina, eta honek erraztasuna emango digu kristau bidean jarraitzeko eta geure buruaren jabe izateko, askeagoak izateko azken finean.
Gure izaeran, badira “gogortutako” eta “ilundutako” zonalde edo alderdi batzuk. Batzutan ez gara ausartzen horretan sartzera. Noiz edo noiz horretaz konturatu eta guzti egiten gara, baina nahiago dugu jokaera erosoen epelean babestea, hau da, aldatzen ez saiatzea. Errate baterako, geure jenio txarra heztea, geure nagitasuna uxatzea, geure lotsak gainditzea, geure jarrera edo ohitura berekoi batzuk baztertzea kostagarria eta nekeza begitantzen zaigu. Borrokatzen ez bagara, gainera, ziurrenera gure grinak justifikatzeko arrazoiak etorriko zaizkigu. Bada bertzaldetik, eginkizun bat oso lagungarria suertatuko zaiguna: hobetzearen onurak PENTSATZEN JARTZEA. Balio on batzuk ezagutzeko eta estimatzeko pixka bat pentsatu behar dugu. Pentsatze horren ondorio bat hauxe izanen da: helburu hori lortzeko, zeintzuk dira jarriko ditudan baliabideak, emanen ditudan pausoak (txikiak izan arren)? Izan ere, Gizartearen Historian eta norbanakoen Historian, gauza handiak pauso txiki asko emanda gero lortu izan dira.

No comments: