Total Pageviews

Friday, April 28, 2006

Afektibitatea heztea (VI)



Badira ama (eta aita) batzuk beren erruak onartu eta akatsetatik irakaspenak ateratzen dituztenak. Testigantzen web-gune batean hauxe aitortzen zigun Silvia izeneko ama batek: “Nire lehenengo semeari gutizia guztiak asetzen nizkion. Negarño txikienera ere korrika joaten nintzaion zer zuen ikustera. Orain, lau urte dituela, jauntxo hutsa da, tirano txiki bat, eta izugarri kostatzen ari zait bere izaera aldatzea. Keinu ñimiñoena eginda denok berari adi egon behar dugu.
Hurrengo alaba izan nuenean, ostera, lezioa ikasita neukan. Haren nebarekin ez bezala, negar guztiei ez nien horrenbeste erreparatzen. Nahi nion irakatsi bertzeok ez dugula zertan haren gutizien txotxongiloak izan. Bertzeak ere badirela pentsarazi nahi nion. Errate baterako, berak botatzen dituen gauzak berak bildu behar ditu, ez neuk. Nahi dut pazientzia eta autokontrol pixka bat izan dezan. Eta emaitzaren hobekuntzarekin arras pozik nago”.
Testigantza honek ez du komentarioen beharrik. Ama honek jakin izan du garaiz estrategiaz aldatzen. Haurren irakaskuntzan bezala, moldaketa afektiboan norberaren parte hartzea erabakigarria da. Jakina, badira joera batzuk biologikoki edo hezkuntzaren bidez ailegatu zaizkigunak, eta haiekin kontatu behar dugu. Batzuk baikorrak dira, bertze batzuk ezkorrak. Batzuk lotsatiak, bertzeak kanporakoiak. Batzuk isilak, bertzeak berritsu edo hitzontziak. Batzuk sentiberak, bertzeak hotzak. Guztiok ditugu gure alde on eta ez hain onak. Baina egia da baita ere, gizakiak garen aldetik, geure bizitzaren estiloa modelatzen ahal dugula.
Adibideen zerrenda infinitua izan daiteke baina bat jar dezagun. Zerbaiten aurrean beldurra edo lotsa da normalean sentitzen duguna. Ba, ahalegintzen ahal gara lotsa hori gainditzen, behin eta berriz: eskatzeko lotsa ematen digun hori eskatzen, edo pertsona horrekin hitz egiten, edo pixka bat gehiago hitz egiten (isiltzeko joera dugunean). Azkenean, ausardiazko joera edo ohitura bat nagusituko da, eta lotsazko sentimendu paralizante hura desagertuko da. Lisieuxeko Teresatxoak kontatzen zuen korua errezatzen zegoela, bertze moja batek hortzekin egiten zuen krok-krok zaratatxo bat izugarrizko nazka ematen ziola. Hari begirada zorrotz bat bota beharrean, edo hori ez egiteko esan beharrean, sakrifizio hori eskaini nahi izan zion Jesusi. Gainera, saiatzen zen imajinatzen soinu hori Jainkoari atsegina ematen zion orkestra bat zela. Ba egun batzuen buruan, soinu horrekiko zuen nazka, benetako atsegina bilakatu zen. Beharbada, Jainkoak guri ez digu eskatzen horrela jokatzeko, eta normalagoa izango da honelako pertsona bati mesedez, krok-krok soinua ez egiteko eskatzea. Baina, argigarria da ikusteko afektua hezten ahal dugula.

No comments: