Total Pageviews

Saturday, May 20, 2006

Barkamena eta errekontziliazioa Euskal Herrirako



Lehengo maiatzaren 17an Bilboko gotzaina eta Espainiako apezpiku batzarraren lehendakaria den Ricardo Blázquezek oso adierazpen interesgarriak egin zituen zabaldu berri den bake prozesuaren inguruan.
Interesgarriak, nire ustez, zeren orain arte inork ez du eskaini ikuspegi hori, nahiz eta prozesu honetaz jada milioika orrialde idatzi diren eta milioika hitz aireratu diren. Bere diskurtsoaren marko bezala, esan dezagun “barkamena” aldarrikatzen duela ETAren bortizkeriak eragindako zauriak sendatu daitezen. Adierazpen hauek bere gotzaina-izaeratik egindakoak dira, jakina; izan ere, prentsa aurrean adierazi zuenez, apezpikuen zeregina pastoraltzatik ahal duten neurrian laguntzea da. Fórum Nueva Economía delakoak antolatutako ekitaldi batean gonbidatua izan zen Ricardo Blázquez gotzaina. Hainbat giltzarri eskaini zituen prozesu honetan erabilgarriak izan daitezkeenak:
BAT: Baketze prozesuak herritar guztiak bakean bizi ahal izatea eskatzen du, inolako mehatxurik gabe bizi ahal izatea, alegia. Horretarako, jakina, ETAk hiltzeari eta estortsioa egiteari utzi behar dio.
BI: Blázquez gotzainak esan zuenez, zauri asko sendatu gabe daude oraindik, hildako asko izan direlako eta familia asko sufritzen ari direlako: "Horregatik biktimekin dialogoan edota elkarrizketan ari gara, nahi dutenekin, jakina; izan ere, badira batzuk nahi ez dutenak. Eta, Jainkoari eskerrak! batzuek barkatu dute jada. Ulertzen dut, bai, gizartean ezin da barkamena inposatu, baina badira batzuk jada barkatu dutenak".
HIRU: "Barkamena kategoria kristau bat da, gizartean eragina jakin batzuk dituena eta espero dugu barkamena eskatua izan dadila, barkamena eskainia eta jasoa izan dadila, gizartean errekontziliazio edo berradiskidetze sakon bat gerta dadin".
Bake bide honetan badaukagu zer hausnartua, hizketan eta kalakan hasi aitzin.

No comments: