Total Pageviews

Monday, May 29, 2006

Afektibitatea heztea (VII)



“Sentitzen dut seme, baina jadanik ez dut zure ama maite, “desenamoratu” egin naiz, ezin dugu aurrera segi”. “Aita –dio semetxoak–, gurekin “desenamoratuko” bazina, arrebatxo eta biok ere utziko gintuzkezu, amarekin egin duzun bezala?” Horrela zioen “Quedate a mi lado” pelikularen pertsonaiatxoak.
Sarritan, hainbat pelikula, aldizkari edota eleberritan maitasuna sentimendu huts batekin nahasten da. Horrela jarduten duenak, denboraldi baten buruan bere bikotea ez duela maite erranen du. Eta gainera aitzakia hau emanen du: “sentitzen dut, baina ez zaitut jada maite, ezin dut saihestu”.
Albert Cohen izeneko idazleak liburu batean bere amaren solasa transkribatzen du: “Seme, jakin nahiko nuke istorioetako maitale ero horiek maiteko ote duten beti gaixo den bere emaztetxoa, bere premia guztietan lagundu beharko lioketeen. Nik uste maitatzeari utziko lioketela. Begira, benetako maitasuna ohitura da, biok batera zahartzea. Tira... nola nahi dituzu albondigak, tomate ala ilarrekin?”
Hirurogeiko hamarkadan, agian lehenagoko hipokresia biktorianaoeta zurrunaren aurkako erreakzioz edo, sentimendutik zetorren oro jator eta benetakotzat hartua izan zen. Garai haietan era gartsuan “maitatzen” zen, eta era gartsuan baita ere “ahaztu” egiten zen. Gaur egun oraindik, askok eta askok uste dute maitasuna ez dela egiazkoa borondateak behartua bada. Maitalearen aldeko sakrifizioa (gogorik gabekoa, baina gustura eginda) ez dute ulertzen maitasuna desioarekin berdintzen dutenek.
Honen inguruan bada esaldi giltzarri bat: “Espiritu-maitasuna maite-garrezko maitasunean oinarritzen da eta... berori gainditu egiten du”. Bertze modutara erranda, erakarpen fisiko edota afektiboa maitasunaren pizgarri da, baina ez da maitasuna bere zentzu osoan. Giza-maitasunak, ezin da ukatu, karinoa du oinarri eta horren ondorioz, afektibitatea garatzea garrantzitsua da. Maitasunik garbi eta jasoenek ere (pertsona santuen maitasuna, adibidez) ez dute afektua baztertzen, hartaz elikatzen dira. Karinoak eskaintza errazten du. Giza-maitasuna erakarpen batekin hasten da, norbaitez edo zerbaitez jabetzeko gogoarekin, eta dohaintza borondate onez edota onginahiaz burutzen da. Onginahia izan dadin, erakarpenik izan behar du.
Beraz, heziketa afektiboa honetan datza: afektuak transzenditzen laguntzean. Afektuak onak dira baldin eta benetako maitasunera ailegatzeko oinarri badira. Sentimentalismoaren arriskuek ez gaituzte eraman behar afektuak gorrotatzera, eta alderantziz, afektu soiletan geratzea ez da aski.

No comments: