Total Pageviews

Saturday, November 04, 2006

Felipe Arrese Beitia: bizitzaren arrosak eta arantzak (III)




Aurreko batean Jose Maria Iparragirreren “Gernikako arbola” konposizioari buruz esan genuen zerbait. Foruak deuseztatuak izan ziren ostean, euskaldun askorengan halako kezka bat sortu zen gure nortasun ezaugarri guztiak (ordenamendu zibilari zegozkionak eta kultura zein hizkuntzarik zegozkionak) desagertuko ote ziren benetako beldurrez. Giro hori lur joria izan zen “Gernikako arbola” izeneko abestiaren mezuak arrakasta izan zezan.
Gainera, tankeraz kanta nahiko herrikoia zenez, dezente hedatu zen, asko eta askoren gogo-bihotzean sartzeraino. Galera hori jasan zuen Felipe Arrese Beitiak ere mezu hori jaso eta bihotzean hausnartu zuen, gero bere konposizio berriak sortzeko.
Tematika bati ere ekin zitzaion. Berorren barruan, euskaldunez osatutako herria Jainkoaren herria zen Israelekin konparatzen zen, erbestean, basamortuan, “Agindutako lurraren” bila zebiltzana. Testuinguru horretan eta “Jaungoikoa eta fueroak” izeneko konposizioan honelako eskaerak egiten dizkio Felipe Arrese Beitiak Jaungoikoari:

Asaba zarren Jaungoiko ona
Arren eiguzu lagundu,
Erri oni gaur biguntasunez
Begira arren egiozu,
Zugan ustea jarri dabenik
Bein bere al da lotsatu?
Noz Erri onek zure izenik
Egin dau barriz ukatu?

Beronek beti, beti deitu dau
Jaungoiko euskerazkua,
Zeiñez egape artan nai daben
Billau osasun dontsua;
Zeiñegan daukan jaio ezkero
Itxaropen os-osua,
Eta nok bestek osatu leio
Zauritutako egua?

Biurtu Jauna, egiozu gaur
Len eukan al izatea,
Biurtu Jauna, zuk egiozu
Euskeldun bizierea,
Biurtu Jauna, arren eiozu
Euskeldun zarren bakea,
Biurtu Jauna nai dogulako
Gorde geuk euren fedea.

Zortziko nagusiak ditugu oraingo honetan, ondo neurtu eta errimatuak, herriak gustuko zuen (eta duen?) moduan: herri xehearengan pentsatuz egindako bertsoak baitira, haiek kontzientziatu nahian. Egitura paralelistikoak ditu gogoko, azken bertso honetan bertan ikus daitekeenez. Bertso eta ahapaldi anitzeko konposizioak egiten zituenez, ahapaldi asko eta asko paralelismoz josiko ditu ideiaren bati enfasia eman nahian.
Konparazio honekiko koherentzian eta Jainkoari egindako eskari beteko zela sinistuz, bertso-ondorio batzuk jaulkiko ditu. Hona hemen horietako bat:

Alperrik bere etorriko da
Faraon armaz jantzia,
Damuz beterik Israeleri
Libre joaten itxia;
Baña jaristen noz ondo daben
Itxaso erdi erdia,
Ur biak trilla eginda deutse
Illgo amorru guztia.

Ez dakit foruak eta horrelakoak beharrezkoak ditugun ala ez (edo ez dagokit orain eta hemen horretan sartzea), baina “euskaldun zarren bakea” eta “haien fedea” gaur egun izatea ez litzaiguke batere gaizki etorriko. Domu Santuen eguna igaro berri dugu, eta gure arbasoez gogoratu gara. Gure gaurko fedea ere operatiboa izan dadin eskatzen ahal diegu: eurek poz-pozik beteko baitute bitartekari-lan hori.

No comments: