Total Pageviews

Monday, October 23, 2006

Felipe Arrese Beitia: bizitzaren arrosak eta arantzak (II)





Felipe Arrese Beitia egile oparoa izan zen, euskarak izan dituen langile fin, isil eta izugarri langile horietako bat.
Herioak, egin zizkion bisitak, nola ez, bere familiari. Eta bisita horien gainean jarri zituen bere olerkitxoak. Aurreko atal batean bera alabatxoaren heriotzari jarritako poematxoa iruzkindu nuen. Bere emazte Anjela ere, zahartzarora ailegatu aurretik hil zitzaion. Eta bere amari ere egin zion agur-olerki bat.
Ama on baten bertuteak eta onurak goraipatzen ditu bertan. Ahapaldi bat baino ez dut aipatuko:
Umeetan, Amaren kantuak,
Aiñ dira aiñ gogokuak,
Oraintxe gizaldi erdi bat
Nik bere entzunikuak;
Alperrik sortzen dauz indarrez
Itz onak nire buruak,
Bein bere ez dira Amaren
Berbakaz bardintzekuak,
Arenak zergaitik eurenez
Zirean urtenukuak;
Erraien errai ta erditik,
Errezto, eroso, ernetakuak.

Berriro ere, bertsolaritzaren ahozko tradizioaren iturritik edaten duela ageri da, formari dagokionez behintzat. Sei puntuko ahapaldiak, hori bai, oso gutxitan erabiltzen dira, bat-batean. Gainontzekoan, hoskidetza eta silaba kopuruari dagokienez, herriak hain ondo ezagutzen zuen bertsolaritzakoak dira.
Gaia ere, herrikoia eta arrunta da oso. Amatasuna, gure kulturan olerki eta, batez ere, bertsoetarako gai oparoa izan dugu. Honetan amarengandik ikasitako kantuak eta hitz ederrak etortzen zaizkio burura, esker onez, txikitan ikasten diren amaren hitzak betiko iltzatuta geratzen baitira. Bera idazlea izan arren, aitortu beharrean aurkitzen da bere amaren hitzek zeukaten xamurtasuna ez direla berdintzekoak. Gizon letratua eta ikasia izateak ez dio galarazi herriak eta, batez ere, gizatasunak maiuskulaz idatzitako kulturatik kanpo duela batzuetan aterpe. Ideia erromantiko batekin elkartzen da baieztapen hau: jatortasuna, pertsona sinpleengan dago, ipuin zaharrak edo antzinako denboretako kantak kontatzen dizkigun ama batengan, adibidez.
Ezaguna da Otxandioko olerkari honek euskal hizkuntza pertsonifikatu egin zuela “Ama Euskera” izenaren pean eta “Ama Euskeriari azken agurrak” konposizioa eskaini ziola. Bere benetako amari zion maitasuna ezagututa, ulertzekoa da hain maite zuen beste kontzeptu hura “amatzat” ere hartzea. Honelako pertsonifikazioa egiten, hizkuntzaren pertsonifikazioa esan nahi dut, lehenengoa izan zen bera. Ordutik aurrera segizio handia izango zuen irudi horrek beste bertsolari eta olerkari askoren produkzioetan.
Eta emakumeei buruz ari garela, bere emazte hil berriari bideratutako ahozko loreak aipatuz eta hona ekarriz bukatzen dut:

Bera, izan zan gure etxeko ondragarria,
Bera izan zan ni gordetako gaztelua,
Bera izan zan ekatx mueta guztien kontra,
Buru gañean jarriten jatan ezkudua.
Bera, izan zan neu legez arte-eder zalea,
Bera liburu asko ebana irakurten;
Nire lumeak eskribietan ebazan letrak,
Berak zituzan borrau ta asko obetuten.
Bera, izan zan egia garbi, kantau nai badot,
Gauza askotan ni zuzentzeko irakasla;
Bera, izan zan tantai bat legez aretx motzetan,
Anjela, andra askotan buruz jaso zana.

Errepikapenaren bidez eta hirukoiztasuna lagun zuela, modu solemnean azpimarratu nahi izan zituen bere emaztearen balioak eta berari zion maitasuna. Estilo erretoriko zaharkitua irudi dakiguke agian, gaur egungo usadioetan, honelakoak barrokotzat hartzen baitira, baina bihotzez egindakoak izan zirela ezin da ukatu, emotibotasunaren bidetik ibili baitzen beti Otxandioko santugina. Ama zein emazte zintzo eta kristau guztien omenez beude hor.

No comments: