Duela gutxi, 2006ko azaroaren 23an, hain zuzen, Epainiako Apezpiku Batzarrak Instrukzio bat argitaratu berri du eta bertan zenbait aholku eta orientazio moral aurkezten dira Espainiako egungo egoera kontuan hartuta.
Dokumentuak hiru zati nagusi ditu, sarrera baten ostean garatzen direnak. Hona hemen eskema orokorra:
Sarrera
I. Egoera berria: laizismoaren oldar bortitza
II. Elizaren eta katolikoon erantzunkizuna
III. Argitu eta orientau beharreko kontuak, moralaren ikuspegitik
Ondorioa
Oso dokumentu mamitsu, landua eta, era berean, ulerterraza da. Edozein kristauk, edozein gizakik, edozein intelektualek kontuan hartu beharreko dokumentua, bertan ageri den gure gertuko gizartearen analisia benetan saiatua eta landua delako.
Ulertzen dut egonen direla batzuk, irakurri ostean, guztiz ados ez daudenak bertan ageri den azterketarekin. Baina gotzainen lanketa hau ez da beroaldi batek eraginda burututakoa. Benetan sakona, serioa eta zorrotza da, ondorioak ondorio.
Egin dezagun atal bakoitzaren laburpentxo bana.
Sarrera
Apezpikuek gogorarazten digute kristauok (gehienak, behintzat) mundu erdian bizi garela eta, horregatik, mundua hobetu ulertzeko ahaleginak egin behar ditugula, gaurko gizartearen desioak, asmoak, itxaropena eta norabideak zehatz-mehatz zeintzuk diren argituz.
Zentzu horretan, geure hizkera edota espresabidea hobetu behar dugu, hain zuzen gure Jaunaren agintzariak iragartzeko gai izan gaitezen.
I. Egoera berria: laizismoaren oldar bortitza
Gizartearen egoera berri honetan kristauok ahalegina egin behar dugu geure mundua hobeto ulertzeko.
Bestalde, Elizak ez du lehengo garaien nostalgiarik. Are gehiago, trantsizio garaian demokraziaren alde egin zuen apustu Espainian eta biztanleen artean errekontziliazioan edo berradiskidetzean ere zeregin garrantzitsua izan zuen. Beraz, ez dauka ez zentzurik ez arrazoirik Eliza "demokraziarako arrisku bat dela" esateak (azkenaldion noiz edo noiz esan izan den moduan).
"Memoria historikoa" aitzakiatzat hartuta, gizartean ondo errotuta zeuden bakea eta elkarbizitza arriskuan jar ditzaketen kanpainiak abiatu dira.
Atal honen barruan "mentalitate laizista" nola hadatu den azaltzen digute apezpikuek. Prozesu horretan ongizate materiala askotan balio absolutotzat hartzen da eta nihilismoa zein etika erlatibista bat bultzatzen ari dira. Gure kulturak badu kultura- eta espiritualtasun-ondare bat metalitate laizista batek suntsitu nahi duena.
Atal honetan gotzainak saiatzen dira argitzen zeintzuk izan daitezkeen egoera "berri" honen arrazoiak. Zenbait eragile biltzen dira:
- Gizartea oso azkar aberastu da eta gizakiongan ongizate materialarekiko lilura zabaldu da azken hamarkadotan.
- Kristau formazio eskasa jaso dugu sarri askotan eta horrek Jainkoaeren, erlijioaren eta Elizaren irudi desitxuratuak izatera eraman gaitu.
- Zenbaitetan kristauok, batez ere eredu egoki bat erakutsi behar luketenok/ genukeenok, eredu txarrak edo erdipurdikoak eskaini ditugu, guregan argia aurkitu behar zuten fedegabeengan nahasmena sortuz.
- Eskola publikoaren curriculumean eta zenbait komunikabideetan gizakiaren edota ezkontzaren irudi aldrebestuak eskaini dituzte sarritan. Dibortzio azkarra, genero bereko gizakien arteko ezkontzak, edota bestelako ideiak sutsuki bultzatu dira botere-guneetatik.
Honek guztiak kontzientzia morala makaldu edota iluntzera eraman ditu hainbat herritar.
- Hala ere, ezin dira gizartearen alderdi positiboak aipatu gabe utzi. Beharrizanean daudenekiko elkartasuna edota emakumearen, haurren, gaixoen eta zaharren eskubideekiko sentiberatasuna aipatzen ahal dira zentzu honetan. Natura zaintzeko eta babesteko kezka ere areagotu da zorionez, azken hamarkadetan.
Azkenik, gotzainek gizarte honetan erakunde demokratikoak errespetatu eta gizartean elkarbizitzan leialtasunez jokatzeko desioa adierazten dute. Bakoitza bere uste sendo eta sinesmenekin bizitzea posiblea den gizarte bat bilatu behar dugu, elkar errespetatuz.
II. Elizaren eta katolikoon erantzunkizuna
Gogoratu behar da zein den Elizaren eginkizun nagusiena: jendeari, gizaki orori Jesusekin topatzeko aukera erraztea. Horregatik kristau guztiok deituta gaude Jesukristoren misterio salbatzailea iragartzera. Berak argi dezake gure bizitza eta argi horrekin gure gaurko gizartearen arazo sakonenak konpontzen ahal ditugu.
A. Etsipena, menpekotasuna eta aurkakotasuna gainditu
Konponbide okerrak saihestu behar dira, jakina. Honen haritik eta gaurko egoeran honakook dira saihestu beharreko joerak:
1. Etsipena, itxaropenik eza. Tentaldia edo mehatxua da hori. Jainkoak maite gaitu eta Berak gauza txarretatik gauza onak ateratzen ditu beti.
2. Aurkakotasuna. Gogoratu behar da demokrazia modernoa kultura kristauaren eremuan jaio zela eta demokraziaren balio handienetako bat elkarbizitza errazteko kapaza dela. Kristau-morala eta antropologian errotu ziren gizakiaren duintasuna errespetatzeko irizpideei esker gizakia errespetatzen da gizarte zibilean.
3. Amore ematea edota gure kristau-nortasuna galtzea. Ebanjelioaren indarrarekiko mesfidantza litzateke hori.
B. Jainkoak gizatasunari emandako "baietza" iragarri
Benetako konponbideak ez daude geure inguruan ikusten ditugun jarreretan: Elizaren baitatik sortzen dira; izan ere, Jesukristo da Elizaren egitasmo bakarra eta betierekoa.
Benedikto XVI.a Aita Santuaren hitzak gogora ekarriz, gotzainek gogorarazten digute Jesukristok baietza eman ziola gizakiari, bere bizitzari, bere giza-maitasunari, bere adimen eta askatasunari. Jainkoarengan dugun sinismenak aurpegi gizakorra dauka eta alaitasuna ekartzera dator. Kristautasuna beti egon da irekita justu eta egizale den orori. Horregatik katolikook gertu gaude gure garaiko kulturak jadetsitako lorpenak onartzeko eta baloratzeko. Bestalde, jakitun gara gizakia oso hauskorra dela eta Jainkoaren errebelazioa dugu lagun benetako progresorantz abiatzeko. Sinismena bera kultura- eta gizarte-ondare askoren iturburua izan da eta da.
III. Argitu eta orientatu beharreko kontuak, moralaren ikuspegitik
Ziurtasun hauetan oinarrituta, gotzainek beren "bereizketa" edo "hausnarketaren" ondorioak helarazten dizkigute.
a) Nortasun katoliko sendoa
Elizarekin bat eginda soilik posible da Jainkoaren Maitasunaren testigantza ematea. Gure Elizan bereizketa larregi dago, taldeen eta kongregazioen artean, zenbait txokokoeria edo errezelu sortuaz.
Kristoren berpizkundea da geure testigantzaren gunea. Kristorengan bat izan behar dugu, eta horrela izango gara mundua eraldatzeko gai. Horrela, modu positiboan, gaurko kulturarekin alderatu behar ditugu gure balioak, eta bizitza sozialean nola eragin antzeman. Izan ere, kristau-kulutra kapaza da edozein kultura ebanjelizatzeko. Hori guztia ondorengo hiru helburu zehatzetan gauzatzen ahal da:
1. Sinismenean eratuak izatea.
2. Ezkontza eta familiaren ebanjelioa iragartzea.
3. Igandeko eukaristia zaintzea.
b) Gizartean karitatea bizitzea, bizitza publikoan morala indartu dadin.
b.a. Eliza eta gizarte zibila
Eliza munduan bizi da, baina bere oinarria Kristorengan dago. Kristauak bataio eta sinesmenaren bidez Elizan txertatzen dira eta Espiritu Santuaren eraginez berriztatuak izaten gara eta kapaz egiten gara munduan modu zuzenean jokatzeko. Beste herkideekin zuzenak izateko beharrezkoa zaigu gure ekarpena egitea gure kultura-ondare eta balio moralekin. Izan ere, sinesmena ez da esparru pribatura soilik mugatu behar. Erantzunkizun hori laikoengan jausten da modu berezian, Elizaren irakaspenek eta sinesmenak gidatuta. Laikoak libre dira eurek egokien ikusten dituzten erakunde eta baliabideak aukeratzeko. Elizaren Doktrina Sozialak ez du inposatzen batasun bat baliabide politikoetan.
b.b. Argitu beharreko zenbait kontu
Moral kristaua eta Elizaren Doktrina Soziala kontuan hartuz, egoki da zenbait kontu argitzea.
(Ondoren zazpi gai jorratzen dituzte gotzainek. Hau atal handienetakoa da eta arreta berezia merezi duelakoan gaude. Horregatik orain aipatu baino ez ditugu egingo. Geroagoko zenbaki batean eskainiko zaie garrantzi berezia hemen aipatzen diren gaiei).
1. Demokrazia eta morala
2. Guztien ongiari zerbitzatzea
3. Demokrazia hobetzea
4. Erlijio-askatasunari errespetua
5. Terrorismoa
6. Nazionalismoak eta beren betebehar moralak
7. Karitatea praktikan jartzea
Ondorioa
Gotzainek Instrukzio honi bukaera ematen diote esanez katolikook gizartean leialtasunez eta geure betebehar zibikoak beteaz bizi nahi dugula. Beste modu batez pentsatzen dutenekiko errespetua adierazten dute. Hauxe eskatzen dute soil-soilik: sinesdunok geure fedearekin bat eginez bizi ahal izatea, uste izan gabe geure irizpideak edota geure presentzia besteen askatasunaren arriskua dela.
Gustatuko litzaiguke -esaten dute- denek Jainko bizia aitortzea. Sinesmenak herriak biltzen ditu eta historian zehar ibiltzeko argia ematen.
Espainiako oraina eta etorkizuna Ama Birjinaren zaintza pean jartzen dituzte, azkenik.
No comments:
Post a Comment