ETAren dokumentua irakurri nuela esan nuen nire aurreko agerraldi batean.
Orain beste kontu bati erreparatu nahi diot.
Talde armatu horretako kideak ez dira inondik inora euskal herritarron ordezkariak. Sistema demokratikotik kanpo daude eta "bidezidor" bat hartu nahi dute, bozkekin lortuko ez luketena lortzeko. Bide batez esan dezadan, argi dago, "sistema demokratiko" guztiek dauzkatela beren akatsak, batzuk beste batzuk baino larriagoak, baina bestelako ordenamendu batzuk baino hobetzat hartzen dut nik demokrazia, eta nirekin batera Europako biztanle gehien-gehienok (nazismo edota marxismoaren nostalgikoek izan ezik, jakina).
Bozken bidez, oraintsura arte ezker abertzaleak izan du nortzuk ordezkatzen dituen adierazteko aukera.
Alderdien legearengatik hori kendu egin zaio.
Nik uste dut alderdien lege hori akats handia izan zela, besteak beste, "bidezidorren" tentaldia areagotzen duelako askorengan edota "sistema demokratikotik kanpo" daudenei ateak ixten zaizkielako bertan parte hartzeko.
Baina bueltatu gaitezen dokumentura.
ETAkoek gainontzeko guztiok ikusten ez ditugun gauzak "ikusten" ei dituzte, eta guri, ezjakinak garen hauei, "helarazi".
Beren atentatuarekin (eta beren hildakoekin) lortutako protagonismoa aprobetxatuz, egoera politikoaren inguruan erakunde armatu horrek "egiten duen irakurketaren berri" helarazi nahi omen die euskal herritarrei.
Ezker abertzaleak zenbat eraso jasan dituen aipatzen dira. Nortzuk diren blokeoaren errudunak ere bai.
Analisi horrek, baina, ez du erakusten eztabaidatua izateko aukerarik. Euren analisia da, euren "egia".
Eurek ikusten dituzte gainontzeko guztiek egin dituzten akatsak eta ankerkeriak: PSOEk egindakoak eta "Imazen PNVk" egiten dituenak. 800 hildako (tartean emakumeak eta haurrak) eragin dituen talde armatu batek politikari bat aipatzea ez da txantxetako gauza. Mafiak ez luke hobeto adieraziko. Baina tira, eurak, politikariak dira errudunak.
"PP-UPN eta Espainiar Estatuko eskuin faxista alboratu " egin beharko litzatekeela ere, problemarik gabe esaten du dokumentuak, benetako "demokrazia" bat lortze aldera, "bota piñue!" (azkeneko hau, nirea, barka).
Baina desbideratu naiz, berriro ere.
Demagun, hala ere, "ezker abertzaleak" eta ETAkideek sufritu duten guztia, komunikatu horretan kontatzen den bezalaxe izan dela (kale-borrokarik edo bestelako erasorik ere ez dela izan ere irudika dezagun): konforme, erasotuak izan dira, galtzaileen bandoan (ei) daude.
Hori omen da, besteei ere sufriarazteko, besteei ere jazarpena eta indarkeria idazteko arrazoia.
Berbaldi horretan, ETAkoen logika edota ezker abertzaleko askoren logika hauxe da: "Guk galtzen dugu, zuek ere galdu behar duzue. Gu izorratzen gaituzte, guk haiek izorratuko ditugu.
Gu erasotuak, guk haiei 500 kiloko bonba jarri aireportu batean".
Jarrera posibleen artean, hauxe da antzuena eta geroko itxaropenari aterik gehien ixten dizkiena. Jakin beharko lukete/ genuke.
Jakina, "nik galdu - zuk irabazi" jarrera ere ez da ona. Horretan edozein legoke ados. Hemen inori ez zaio eskatzen totoarena egiteko.
Baina horren konponbidea ez da "nik galdu - zuk ere galdu".
Izan beharko litzatekeen jarrera hauxe da: Saia gaitezen bilatzen honelako konponbidea: "guk irabazi - zuek irabazi = zuek irabazi - guk irabazi".
Sinetsita nago badagoela gune bat non hori posiblea den.
Sinetsita nago baita ere, horrek irudimena, sormena eta kreatibitate handia eskatzen dizkiela alderdi eta "bando" guztiei. Guzti-guztiei.
Horretan dago konbonbidea.
Hasteko, argi dago, ezker abertzaleak (hain erasotua ba omen dagoen arren) ez duela ezer irabazten atentatuekin. Alderantziz. Beraz, atentaturik bat ere ez egitea bera jada garaipen bat litzateke ezker abertzalearentzat. Bestelakoak lortzen ere ahalegindu beharko lirateke.
Baina ahaztu gabe, "nik irabazi - zuk irabazi" gune hori bilatu behar dela. Bilatu behar dugula.
No comments:
Post a Comment