Irakurri, hausnartu eta gero "erabaki" ados zauden ala ez, baina informazio osoa izanda, zure erabakia askeagoa izan dadin. Izan ere, ados egonen zara honekin, irakurle maitea, ezjakintasuna da askatasunaren etsairik handiena.
Hara hemen homilia osoa euskaraz (Donostiako Gotzaindegiaren webean eskuragarri):
Loiola, 2014ko abuztuaren 1a
Jesusen Lagundiko kide maiteok,
apaiz elkarmeza-emaileok eta fededun guztiok; jaso ezazue nire agur berezia
hemen aurkitzen zareten herri-agintariok:
Senideok,
ba al zenekiten Loiolako San Ignaziok bere santu-eguna Antiokiako San
Ignazioren egunean ospatzen zuela? Lehenengo mendeko Elizaren martiri
handietako bat izan zen Antiokiako San Ignazio. Guk geure Ignazio –Loiolakoa–
dugu eredu; Loiolakoak, aldiz, Antiokiako Ignaziori egiten zion dei eta otoitz…
Hau pasadizo bat besterik ez da, baina esanguratsua iruditzen zait hemen
gogoratzea, gure zaindariaren ospakizunak duen esanahia ulertzeko; gure
ospakizun honek, hain zuzen, denborari eta lekuari dagozkion mugak eta
erreferentziak gainditzen lagundu behar digu, eta Elizaren misterioan eta
biziaren beraren misterioan ere sakontzera eraman. Bidean aurkitzen ditugun
seinaleak dira santuak, eta gure begirada urrutirago luzatzen laguntzen digute,
Jainkoarekin bat egitea den gure bizitzako helburua lortu ahal izateko. Bada
esaldi bat honela dioena: “Behatzak zerua
erakusten digunean, tentela behatzari begira gelditzen da”. Hau da, guk,
fededunok, Kristoren jarraitzaileei jarraitzen diegu, eragile eta laguntzaile
gertatzen zaizkigulako, guk ere, bizitzea dagokigun geure garai, leku eta
egoeran, haiek egin zuten gauza bera egin dezagun. Jakina, San Ignazioren
jai-ospakizunean ez dugu ikusle huts izan behar, etxe-barrutik euria nola
egiten ari den begira dagoenaren antzera. San Ignaziok utzi zigun lekukoa
hartzera, eta era erabakigarrian hartzera, egiten zaigun deia entzun behar
dugu, eta egun bakoitzean ibili beharreko bide-tartea geure ahalegin guztiz
ibiltzen saiatu…
San
Ignazio liluraturik gelditu zen, eriondoko susperraldian Loiolako Dorretxean
eskura izan zituen santuen bizitzak irakurrita. Beren bizitzan Kristorekin
maiteminduta bizi izan ziren pertsona haiek eragin berezia izan zuten
Ignazioren bihotzean, eta bihotz-berritzeko eta haiek imitatzeko gogo bizia
sortu zioten: “San Frantziskok hori egin
bazuen, nik ere egin behar dut. Domingo santuak hori egin bazuen, nik ere egin
behar dut”… Baina, bihotz-berritzea ez da liburu bati buruz egiten, liburu
horrek agerian jartzen duenari buruz baizik. Eta zer da liburu elizkoi haiek
Ignaziori agerian jarri ziotena? Betikoa den Erregeari bakarrik merezi duela
bizitza erabat eskaintzea, Jainkoari, alegia; hori da liburu haiek agerian
jarri ziotena. Bizitza hizki larriz idatzitako Egiari bakarrik eskain dakioke,
beraren Ontasunaz maitemindua eta beraren Edertasun neurrigabeaz liluratua
dagoelako.
Hala
ere, gure Ignaziok mezu hau santuen bizitza hurbiletik ezaguturik jasotzea
lortu bazuen, bere arimaren bikaintasunari esker izan zen. Hain zuzen,
eskuarki, bilatzen eta irrikatzen duzun hura da jasotzen eta lortzen duzuna.
Izan ere, Erdiarotik Errenazimendurako ibilbidean aurkitzen zen mundu-giroan
bizi izan zen Ignazio, eta kristau-idealismoaren oinordeko dugu. Mundu honetako
ikuspegitik bada ere, Ignaziok sinesten zuen ideal handietan. Norbaitek esana
da, Loiolako San Ignazioren arimak Cervantesen Don Kixoteren antz handiagoa
duela Tirso de Molinaren Don Joan Tenoriorena baino: Don Kixotek behartsuenei
laguntzeko zeregin bezala ulertu zuen handiki izatea; Don Joanek, alderantziz,
bere onura eta probetxurako eskubide bezala ulertu zuen. Don Kixoteri justizia
egiteko erantzukizuna ezartzen zion handiki izate horrek; Don Joanentzat,
ordea, berari zegokion pribilegioa zen. Don Kixotek Jainkoarenganako begirunea
irakatsi zion Santxori, hori zelako jakinduriaren oinarria; Don Joanek, berriz,
beharrezko jotzen zuen Jainkoaganako begirunerik ez izatea, askatasun osoa
izateko. Don Kixote Mantxakoa ohorezko eta hitzeko gizon ona zen; Don Joan
Tenoriok, alderantziz, bere inguruko guztiak bere zerbitzura jartzen dituen
alproja hutsa zen, bere emakumezaletasuna eta gutiziak ase ahal izateko.
Egia
da, Ignazio gazteak ere izan izango zituela berekoikeriara bultzako zioten bere
grinak; egia da, baita ere, Don Kixote Mantxakoa eleberri edo nobela bateko
pertsonaia dela. Baina, garbi dago, Loiolakoa sustrai kristau sakonak zituen
bizitzako ikuspegiaren oinordeko dela… San Ignazioren konbertsioa ez zen izan
axolagabekeriatik, zinismotik edota “pasotismotik” ideal handietan sinesten
hastera igarotzea. Ignazio, hain zuzen, idealista zen Loiolan gertatutako
konbertsiaren aurretik ere. Haren kasuan, konbertsioa egiazko iparra aurkitzea
izan zen, gehienbat, bizitzako bere irrika guztia horretara zuzentzeko eta
ideal handi horien arabera bere bizitza egoki antolatzeko.
Zer
dela-eta ari naiz Loiolako Ignazio gure Zaindari santuaren alderdi berezi hauek
azpimarratzen? Sinesturik nagoelako, Elizak Ebanjelioaren predikazioan duen
erronka bikoitza delako: alde batetik, eta hau da lehentasuna duena, kerigma
aldarrikatzea da; hau da, aditzera ematea, gizakiak bere askatasuna biziaren
Sortzaileari –Jainkoari, alegia– eskaintzen dionean bakarrik lortu ahal izango
duela zoriontasuna. (Hau da San Ignaziok Betikoa den Erregeari buruzko gogoeta
egitean azpimarratzen duena).
Baina,
honekin batera, beharrezko da iritzi kritikoa adieraztea gure kultura
materialistak eta kapitalistak dituen oinarriei buruz. Gure kultura
sekularizatuak duen mundu-ikuskerak bizkarra eman die idealismo guztiei, eta,
beraz, askoz hurbilago aurkitzen gara Don Joan Tenorioren pentsaeratik, Don
Kixote Mantxakoaren pentsaeratik baino.
Ez
dago esan beharrik, ez idealismo kristaua bakarrik, baizik eta idealismo oro
bateraezina dela egia objektiboa ukatzen duten nihilismoarekin eta
eszeptizismoarekin. Hau da gure egunotako dogma berria: ez dagoela egia
unibertsalik, baizik eta gizaki bezainbat egia dagoela. Gure kultura honetako
egia unibertsal bakarra “askatasuna” da, norberak egiten duen hautaketa alegia,
edozer gauza eta noiznahi aukeratu ahal izateko eskubidea. Kristautasunak
esaten du libre egiten gaituena egia dela; erlatibismoak, alderantziz, uste du
norberaren hautaketa dela, inolako interferentziarik gabe, irizpide moral
bakarra. Hau da, kristautasunak adierazten du ez dagoela demokraziarik
kontzientziarik gabe; sekularismoak, aldiz, esaten du norberaren demokrazia
dela kontzientzia.
Kulturak
idealen krisia nozitzen duenean, ez du hori aitortu ohi, baizik eta askotan,
ustezko balio batzuk goraipatzen ditu; hori gertatzen da, esate baterako, gure
egunotan, “erabakitzeko eskubidea” deritzanarekin. “Erabakitzeko eskubide” hau
bihurtu da egia unibertsal eta objektibo bakarra: pertsonak bizitzen jarraitu
nahi duen ala bere buruaz beste egin nahiago duen erabakitzeko eskubidea;
haurdunaldia aurrera eraman edota abortatu nahi duen erabakitzeko eskubidea;
nork bere izaera onartzen duen edota bere nahierara diseinatu nahi duen
erabakitzeko eskubidea; gure elkarbizitza sozialaren lokarriak onartzeko nahiz
hausteko eskubidea… Hau da, ideal objektiborik ez denean, norberaren askatasuna
sasijainko bihurtu ohi da. Eta, Viktor Frankek zioen bezala: “Estatu Batuetako Ekialdeko Kostaldean dagoen
askatasunaren irudiak beste irudi bat beharko luke osagarri Mendebaldeko
Kostaldean: erantzukizunaren irudia”. Ez gara gizabanako huts, pertsona
gara. Ez gara izaki bakarti, izaki sozialak gara. Horrek esan nahi du,
“erabakitzeko eskubide” hori ontasun objektibo batekin –ahaztezina den ontasun
objektibo batekin– topo egiten dugunean bukatzen dela.
Inoiz
baino gaurkotasun handiagoa dute agian Loiolako Ignaziok Xabierko Frantziskori,
bere askatasuna iparra galduta bizi zuen Xabierko Frantziskori, esandako hitz haiek –Ebanjeliotik hartuak
diren hitzak, hain zuzen–: “Zertako duzu
mundu guztia irabaztea, zeure bizia galtzen baduzu?” Horrek, gure hizkerara
itzulita, hau esan nahi du: “Zertako duzu askatasuna, amildegira eramaten
bazaitu?
Ezaguna
dugun salmo batekin eman nahi nioke bukaera hitzaldi honi: “Kriseilu da zure hitza nire oinentzako, argi
nire biderako. Zin egin dut eta baiesten, zure erabaki zuzenak gordeko ditudala”
(119. Salmoa, 105-106). Bizitzako urratsak argitzen dizkigu San Ignaziok, hari
beste santu batzuek argitu zizkioten bezala. Gure bizitzako urratsak ere izan
daitezela argigarri gure ondoren etorriko direnentzat! Hain zuzen, gure
askatasuna ez da erabatekoa, ezta guztiz autonomoa ere. Jainkoak berari aintza
emateko sortu gaituenon askatasuna da gurea, eta salbamen-historiaren zati
gara. Hau da, Jainkoaren seme-alaben askatasuna da.
Zein
ona izango litzatekeen gu Loiolako San Ignazioren gogo-jardunen altxorrera
hurbiltzea! Gure Zaindariaren jai hau egokiera izan dadila zuetako batzuentzat
–edota, hobeto oraindik, zuetako askorentzat–, Jainkoak San Ignazioren
gogo-jardunen esperientzia bizitzera egiten digun deia onartzeko. Gure bizitzaren
“oinarria eta funtsa” non jartzen dugun galdera da lehenengo egiten duena, eta
“maitasuna lortu ahal izateko gogoeta” eginez bukatzen du. Jainkoak bedeinka
zaitzatela!
No comments:
Post a Comment