Total Pageviews

Wednesday, February 11, 2015

Gaixoaren XXIII. Jardunaldi nazioartekoa






Gaur, otsailak 11, Lourdesko Ama Birjinaren eguna izateaz gain, gaixoaren eguna ere bada, Gaixoaren XXIII. Jardunaldi nazioartekoa, hain zuzen. Horren kariaz, Elizaren Urtekari Estatistikoak zenbait datu kaleratu ditu. Kristau guzion jakingarri dira datu horiek, Elizak munduan egiten dituen onurak jakitun izan gaitezen, zehaztasunez jakitun izan ere.
Elizak 5.167 ospitale kudeatzen ditu, gehienak Amerika eta Afrikan; 17.322 dispentsario edo anbulatorio, gehienak Afrika, Amerika eta Asian; legenardunentzat 648 ospitale, nagusiki Asian eta Afrikan; atso-agure, gabezidun eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako 15.699 etxe, gehienak Europa eta Ameriketan; 10.126 umezurtz-etxe, bereziki Asian eta Ameriketan; 11.596 haurtzaindegi, gehienak Amerika eta Asian; 14.744 ezkontza-aholkulari Amerika eta Europan banatuta gehienak; 3.663 hezkuntza eta berreziketa zentro eta 36.389 erakunde beste eratakoak.


Joxe Antonio Artze: bizitza eta heriotza, bata bestearen atea






Joxe Antonio Artze (Usurbil, 1939) egilea sano ezaguna da euskal kulturaren berri ñimiño bat duen ororendako. “Ez dok amairu” mugimenduarekin egin zuen bat 60ko hamarkadaren bukaeran eta kontrakultura, konpromisoa eta esperimentazioa izan zituen ardatz garai hartan. Hainbat poesia-liburu, poema musikatu, ikuskizun artistiko eta bestelako lanen artetik, oso ezaguna da, esaterako, “Txoria txori” izena duen kantaren letra, berak konposatua delako. Galzorian zegoen txalaparta ere berreskuratu egin zuen bere anaia Jesus Marirekin batera.
Laurogeiko hamarkadaren bukaeran sinesmenera itzuli zen, prozesu baten ostean.
Duela gutxi, bere sinesmen-bizipen askotan oinarrituta bi liburu mardul argitaratu ditu eta haiekin, zenbait sari irabazi ere (2014ko kritika saria, adibidez).
·  Bizitzaren atea dukegu heriotza (2013, Elkar).
·  Heriotzaren ataria dugu bizitza (2013, Elkar).

Errealitate berberaren ifrentzu biak islatuta daude izenburuetan eta, aho bizarrik gabe, gure gizartean hain baztertuta dauden heriotzari eta heriotzaren osteko transzendentziari ekiten die liburuotan, bere sinesmen-esperientzia lagun duela.

Egileak berak esan duenez, “barrutik kanpora” ikusten ikasi du sinesmenera itzuli zenetik eta halaxe egiten du liburu mamitsu bezain interesagarriotan... esperimentazioari laga gabe, betiere, letra-, idazkera- eta tamainu-motarekin egiten duen bezala, adibidez.
Barrutik kanpora ikusten ikasi duenez, ixiltasuna ez da oztopo Jainkoarekin intimitatea izateko, alderantziz, orduantxe du Hitza entzuteko paradarik onena:

Eder zait, Jauna, zure erantzuna
zure ixiltasuna,
zure Hitzak gure artean kantatu diguna;
hitzik argitsuenak baino argitzenago baikaitu
zure Ixiltasunaz baizik mintzo ez zaigun Hitzak...

Jesusi zuzentzen ahal zaion olerki honetan, Adiskide onenarekin egoteko desioa erakusten du Artzek, euskararen doinuekin, esanahi eta musikalitatearekin jolasteari utzi ez diola erakutsiz:

O, adiskide min,
min egiteraino min;
zure hatsik gabe bizi ezin,
zure hitzik gabe, zeri ekin!

Gure gaurko gizarteak ilustratutzat dauka bere burua eta “Goitikoaren” jakituria bazterrean utzita, jakituria postmodernoan jarduten du harro, mesfidati eta trufalari. Horren aurrean, garai bateko bere “kontrako” jarrera erakusten du, oraingoan fedea eta jakituriaren Jabea defendatzeko:

Dakienak bakarrik daki.

Dakienak daki,
ez dakigunok bageneki ez dakigula,
dakigula uste beharrean,
zentzuz jokatuko genuke behingoz:
Dakienari utziko genioke gugan jakin dezan.
Dakienak lekike orduan gugan,
eta ez guk, ez dakigunok, Dakienaren ordez.

Dakienak lekike orduan gugan, Dakienak dakiena genekike,
guztia jakingo,
ez dakigula bageneki
dakigula uste dugun ez dakigunok.

Izan ere, gizakiok apalak izateko hainbat zailtasun ditugu: harropuzkeria oso txertatuta daukagu gure zainetan, jatorrizko bekatua batez ere harrokeriazkoa izan zelako. Baina, Joxan Artzek ondotxo daki nora... edo Nori begiratu behar diogun:

Apala izan gabe ezinezkoa zaio inori bere burua ezagutzea, orduan ezagutzen du ez dela ezer berez: den
duen,
dezakeen,
dezagun,
dakusan,
dakien,
dagien guztia Dagienagandik dagiela,
Dakienagandik dakiela
Dakusanagandik dakusala,
Dazagunagandik dazagula,
Dezakeenagandik dezakeela,
Duanagandik duela,
Denagandik dela den guztia.