Joxe Antonio Artze (Usurbil,
1939) egilea sano ezaguna da euskal kulturaren berri ñimiño bat duen
ororendako. “Ez dok amairu” mugimenduarekin egin zuen bat 60ko hamarkadaren
bukaeran eta kontrakultura, konpromisoa eta esperimentazioa izan zituen ardatz
garai hartan. Hainbat poesia-liburu, poema musikatu, ikuskizun artistiko eta
bestelako lanen artetik, oso ezaguna da, esaterako, “Txoria txori” izena duen
kantaren letra, berak konposatua delako. Galzorian zegoen txalaparta ere
berreskuratu egin zuen bere anaia Jesus Marirekin batera.
Laurogeiko
hamarkadaren bukaeran sinesmenera itzuli zen, prozesu baten ostean.
Duela gutxi, bere
sinesmen-bizipen askotan oinarrituta bi liburu mardul argitaratu ditu eta
haiekin, zenbait sari irabazi ere (2014ko kritika saria, adibidez).
· Bizitzaren
atea dukegu heriotza (2013, Elkar).
· Heriotzaren ataria dugu bizitza (2013,
Elkar).
Errealitate
berberaren ifrentzu biak islatuta daude izenburuetan eta, aho bizarrik gabe,
gure gizartean hain baztertuta dauden heriotzari eta heriotzaren osteko
transzendentziari ekiten die liburuotan, bere sinesmen-esperientzia lagun
duela.
Egileak berak esan
duenez, “barrutik kanpora” ikusten ikasi du sinesmenera itzuli zenetik eta
halaxe egiten du liburu mamitsu bezain interesagarriotan... esperimentazioari
laga gabe, betiere, letra-, idazkera- eta tamainu-motarekin egiten duen bezala,
adibidez.
Barrutik kanpora
ikusten ikasi duenez, ixiltasuna ez da oztopo Jainkoarekin intimitatea izateko,
alderantziz, orduantxe du Hitza entzuteko paradarik onena:
Eder zait, Jauna,
zure erantzuna
zure ixiltasuna,
zure Hitzak gure
artean kantatu diguna;
hitzik argitsuenak
baino argitzenago baikaitu
zure Ixiltasunaz
baizik mintzo ez zaigun Hitzak...
Jesusi zuzentzen
ahal zaion olerki honetan, Adiskide onenarekin egoteko desioa erakusten du
Artzek, euskararen doinuekin, esanahi eta musikalitatearekin jolasteari utzi ez
diola erakutsiz:
O, adiskide min,
min egiteraino min;
zure hatsik gabe
bizi ezin,
zure hitzik gabe,
zeri ekin!
Gure gaurko
gizarteak ilustratutzat dauka bere burua eta “Goitikoaren” jakituria bazterrean
utzita, jakituria postmodernoan jarduten du harro, mesfidati eta trufalari.
Horren aurrean, garai bateko bere “kontrako” jarrera erakusten du, oraingoan
fedea eta jakituriaren Jabea defendatzeko:
Dakienak bakarrik
daki.
Dakienak daki,
ez dakigunok
bageneki ez dakigula,
dakigula uste
beharrean,
zentzuz jokatuko
genuke behingoz:
Dakienari utziko
genioke gugan jakin dezan.
Dakienak lekike
orduan gugan,
eta ez guk, ez
dakigunok, Dakienaren ordez.
Dakienak lekike
orduan gugan, Dakienak dakiena genekike,
guztia jakingo,
ez dakigula
bageneki
dakigula uste dugun
ez dakigunok.
Izan ere, gizakiok
apalak izateko hainbat zailtasun ditugu: harropuzkeria oso txertatuta daukagu
gure zainetan, jatorrizko bekatua batez ere harrokeriazkoa izan zelako. Baina,
Joxan Artzek ondotxo daki nora... edo Nori begiratu behar diogun:
Apala izan gabe
ezinezkoa zaio inori bere burua ezagutzea, orduan ezagutzen du ez dela ezer
berez: den
duen,
dezakeen,
dezagun,
dakusan,
dakien,
dagien guztia
Dagienagandik dagiela,
Dakienagandik
dakiela
Dakusanagandik
dakusala,
Dazagunagandik
dazagula,
Dezakeenagandik
dezakeela,
Duanagandik duela,
Denagandik dela den
guztia.
No comments:
Post a Comment