Total Pageviews

Monday, August 30, 2021

Pandemiaren inguruko eztabaida bertsotan

 

Ondorentan Berrian ateratako artikulu batean agertzen da. Ez nuen uste, orain azaltzera ez noan arrazoiengatik, Xabier Silveiraren jarrera txalotzera ailegatuko nintzatekeenik. Baina  hemen agertzen diren bertsoekin %100ean ados egoteaz gain, txalotu ere egiten ditut bertsook. Besteak beste, nolabaiteko "damua" agertzen duelako "txakur" hitza erabiltzearren eta benetako eztabaida bati bidea irekitzen diolako. Hain zuzen ere eitb-en, Diario de Noticias-en eta Berrian ukatua izan den eztabaida. Bertsoen bizitasunak asmatu du sistema zurrunaren pitzadura probesten "ixilduak" diren ahotsei hitza jartzeko. 

Silveira ezkerrean, autengo Bertso Egunean, Iruñean. Eskuinean, Zubia, Donostia Ospitalean.
Silveira ezkerrean, autengo Bertso Egunean, Iruñean. Eskuinean, Zubia, Donostia Ospitalean. IÑIGO URIZ / FOKU - BERRIA 
2021eko abuztuak 13 09:34

«Lesakan bada gizon handi bat, bertsotan aritzen dena, pandemiaren gorabeherekin 'Txakurra' deitu nauena», kantatu zuen Felix Zubiak aurrekoan. Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitateko arduradun eta bertsozaleak ez zuen izenez aipatu, baina Xabier Silveira bertsolariari buruz ari zen. Izan ere, azken horrek irain egin zion Facebooken, hitz hori erabilita.

Zubiaren bertsoak bolo-bolo zabaldu dira, eta gaur ere horren inguruko albistea gehien irakurrien artean dago BERRIAren webgunean.

Orain, erantzuna plazaratu du Silveirak, Ni naiz 'txakurra' deitu zizuna izenburuko sortan.

NI NAIZ 'TXAKURRA' DEITU ZIZUNA

Kaixo Felix ni naiz lesakarra
txakurra deitu zizuna
modu polita ez zela aldez
aurretikan jakituna
baña lortu dut bai lortu ere
horrrekin bilatzen nuna
eztabaidari bide eginez
hona nere erantzuna.

Dena ez dela ongi egina
ez da hausnarketa txarra.
Kazetariek zabaldu duten
bertsio bat ta bakarra
zalantzan jarri ezina bera
ez al da bitxi xamarra
zertara dator ados ez dena
ixilarazi beharra?

Zuk telebistan, irratietan
eta egunkarietan
lau haizetara zabaldu duzu
beldurra modu denetan
sentiaraziz bizitza bera
beldurgarria benetan
eta iaz hil ziren adina
hil zen aurreko urtetan

Donostiako ospitaleko
ZIUek nolako sona
hartu duten zu zaren ezkero
bertan buru den gizona
bapatean uy, gogoratu dut
han larri gaixo dagona
eta zu niri bertsoak jartzen
ze gusto txarreko broma

‘Burua martxan ipini eta
errespetuan hitzegin’
erabat ados naukazu Felix
zuk botatako hitzekin.
Antolatu zen eztabaida bat
euskal zientzilariekin
zu gonbidatu ta azaldu ez
eta hori gu ezjakin.

Negazionista diozunean
argudiotan urria
gelditzen zara, nahiz ta iraina
ez den taktika berria
gaitza inorrek ez du ukatzen
baina bere jatorria
isolatu ez den birus bat da?
ze igerlek igerria?

PCR-a diagnosian
erabiltzeko hautua
nik bezain ongi dela dakizu
maltzurkeriz gauzatua
hola nahieran darabilzue
intzidentzi metatua
egoera bat marrazteraino
arras manipulatua

Gorritu gabe aipatze hutsa
asintomatikoena
lehen algara ta gero datoz
haserrea eta pena
mediku batek ez ote daki
ume batek dakiena
ez dela inoiz gaixoa izan
sintomarik ez duena

Txerto esaten diozun horrek
zer du? barruan zer dakar?
ez du sendatzen, ez du babesten
ta hainbat ondorio txar
sortzen ari da
nik ez dut sartu
baña hartu zure bizkar
-idatziz noski- ardura oro
ta txertatuko naiz bihar

Zuk badakizu farmakogintzak
gutxi daukala ‘santa’tik…
iaz Espainian 600 miloi
medikuek hauengandik
jaso zituzten —publikoa da—
nik horrexegatik dakit
Euskal Herrira zenbat iritsi
ote dira hoietatik.

Nahiz ni ez naizen zientzilaria
bertsolariak bagara
entzuten ez den ahotsarentzat
bozgorailu eta aba.
Juanjo Martinez mediku eta
zirujau sonatua da
bion arteko eztabaidara
animatuko al zara?

Hitzak zer duen helburu, haren
baitan da edo ez irain
noski ni ez naiz nere burua
zuritzen hasiko orain.
Ulertzeko gai bazara xapo!
ta bertzela ere bikain
gaizki esanak barkatu eta
zure erantzunaren zain

P.D.

Komunikabideetan jangoikoa zara
ni berriz leproso bat
bertso erronka're bada
jeisteko prest bazaude
zerutik plazara
jokatu genezake
ehun bertsotara



Hau guztiaren aurretik, Bizitza plataformak deituta, Donostian uztailaren 24an manifestazio bat egin zen bizitza eta osasunaren alde, "haurrak ez ikutu" lelopean. Bertan Xabier Silveira eta Mikel Altzuart betsolari nafarrak aritu ziren. 



Gerora, 2021eko irailaren 4an, Santiagoko Zubian Iparraldekoak eta Hegoaldekoak elkartu ostean, Irungo Ficoba eraikinaren aurrean, Mikel Altzuartek bertso hauek kantatu zituen: 






 

No comments: