Total Pageviews

Friday, August 12, 2011

“Eskerrik asko!” UNIVen bideo-omenaldia Aita Santuari

“Eskerrik asko!”. Horixe da UNIVen parte hartzen duen unibertsitate ikasle bakoitzak Joan Paulo II.ari esango liokeena. Horregatik egin dute bideo hau non nazio desberdinetako neska eta mutil gazteek beren eskerrona agertzen duten (02’04’’)

KLIKATU IZENBURUAN!

Benedikto XVI Aitasantua, lau zertzeladetan

Do you know Benedict XVI? Ezagutzen al duzu Benedikto XVI Aitasantua? Nafarroako Mendaur Ikastetxe Nagusian bizi diren ikasle batzuen artean egindako bideoa. Lau zertzeladetan Aita Santuaren bizitza azaltzen dute. Klikatu izenburuan.

Eskerrik asko, Jutta!


Jutta Burggraf (Hildesheim, 1952). Alemanian jaiotako teologa, Iruñean hil da. Koloniako Unibertsitatean Psikopedagogian doktore izateaz gain (1979), Nafarroako Unibertsitatean Teologian doktore izan da (1984) . Fakultateko irakaslea zenez, aspalditik Iruñean bizi zen.

2010ko azaroa 16a

Opus Dei - Jutta Nafarroako Unibertsitatean klaseak hartzen (1984)
Jutta Nafarroako Unibertsitatean klaseak hartzen (1984)
Ostiralean, azaroaren 5ean, goizeko 8tan, joan zaigu Jutta Burggraf, Unibertsitateko Teologia irakaslea. Klinikan hil da, aurtengo -2010eko- apirilean Teologia Sinposioaren buru zela aurkitu zioten leuzemia larri baten kontra bere indar guztiz eta Jaunagan uste osoa jarriz borrokatu ondoren. Sinposioa, konbertsioaren gaiari eskainia, goi-mailako teologo espezializatuak eta, haiekin batera, konbertsioaren lekuko izanak bildu zituen.

Gaitzak ahulduta eta indargabetuta dagoeneko, berarekin igaro genituen jardunaldi haiek eta hunkiturik gelditu ginen Mariqui Dueñas, Paola Benetti eta Etsuro Sotooen, Familia Santuaren eskultorearen narrazioekin, Jutta jasaten ari zen gaitzaren sintomak ohartu gabe. Alderantziz, berak ohi zuen bezala, beti irribarre zabal batez eta arreta handiz hartzen zuen gure edozein zalantza edo iradokizun, baita gogoz mintzatzen zen jardunaldiek sortzen zituzten gogoetei buruz. Eskerrik asko, Jutta, eskaini zenigun azken ahalegin horregatik, zure ingurukoen alde eman duzun bizi emankorraren luzapena, hain zuzen!

Teologoa, aspertu gabe Egia bilatzen zuena eta Ongiaren jarraitzaile sutsu, bere zereginak eta bere biziak askatasuna zuten buru. Bilatu, hautatu eta bere indar guztiak hartu zuen helburua lortzen jartzen zituen. Halako aisetasuna ematen zion bere gogoz egindako hautapen honek, ez zuela ematen aurrera eramatea kosta zitzaionik. Horrela eman zituen eskolak. Horrela idatzi zituen bere liburuak, ideia erakargarriz eta kutsu berri batez beteak. Arretaz irakurtzen zituenak jarrerak ikasi eta bertuteak lantzen ikasten zuen.

Opus Dei - 1997an egindako argazkia
1997an egindako argazkia
Bere adiskideen adiskide, bihotza mundu zabalera irekita, Juttarentzat, pertsonak zeuden beste gauza guztien aurretik. Hauxe, esaera ezagun bat badirudi ere, beragan egunero bizi ohi zuen errealitatea zen. Teologia Fakultateko unibertsitario guztiek baiezta dezakegu: Lankideek, ikasleek, hainbat zerbitzuetan lan egiten dutenek, Fakultatearen bizitza aurrera joan dadila posible egiten dutenek: denen asmo, lan, oinaze eta aldi pozgarrietan parte hartzen zuen Juttak.

Ezeren ez inoren aurrean ez zen axolagabe agertzen. Pertsona bakoitzaz arduratzen zen. Ahul eta behartsuenen alde zuen joera berezia. Bere bulegoaren atea zabalik zegoen denontzat. Baina, norbaitek lehentasuna izatekotan, ikasleak ziren horiek: norbaitek deitzen bazion, Juttak begirada batez adierazten zion aurrean zeukan lankideari, lekua utzi behar ziola Fakultatera laguntza eske etorri berria zenari, edota orientazioa behar zuen doktoregaiari.

Esan bezala, Juttak askatasuna maite zuen, eta bera ere askatasun sendoko pertsona zen, beraz, ona. Izenondo hau letra larriz idazteko gogoz nago: ez dut egingo. Irakur dezala bakoitzak nahi bezala. Horregatik ez nau harritzen teologo alemaniar honek utzi badigu, teologo eta alemaniarra den Aita Santu batek Espainiara etorri behar zuen egunaren bezperan uztea: berari bidea prestatzeko zerbitzu bailitzan. Horrela ikusten dut nik.

Opus Dei - Azken urte hauetan hitzaldi bat ematen
Azken urte hauetan hitzaldi bat ematen
Klinikako beilatokian emandako meza batean, gorpua aurrean zegoela, apaizak esan zuen Juttaren ikasle asko zeuden nazioarteko Seminario batean bizi zela. Azaroaren 4an, gauez, Jutta egoera larrian zegoela jakin zutenean, eta hilaren lehenengo ostiral bezpera zenez, Sakramentu Santuaren aurrean egin zuten gaueko beila, Juttarengatik eskatuz Jaunari. Hil zen egunean, agian, berak “itzuli” egin die mesedea: haietako ikasle bat bizikletan Teologia Fakultatera zetorrela, auto batek harrapatu zuen, eta hamar metro gora egotzi zuen. Ez zitzaion ezer gertatu. Eskerrik asko, Jutta, mesede honengatik ere. (Nafarroako Unibertsitatea)

Monday, August 01, 2011

San Ignazio, 2011. Azpeitia






Azpeitiko parroko Kepa Susperregi adiskidea, eta apaiz elkarmeza-emaile adiskideok; hemen zaudeten Loiolako Santutegiko arduradun eta Jesusen Lagundiko apaiz adiskideok; azpeitiar eta San Ignazio maite duzuen adiskideok; herri-agintari agurgarriok:

San Ignazioren jaiegun hau haren jaioterrian eta hura bataiatua izan zen pontearen aurrean ospatzeak, halako ñabardura eta oihartzun berezi-bereziak ditu… Lehenengo eta behin, hau aitortzetik hasi beharko genuke: santuak ez direla santu jaiotzen, baizik eta egin egiten direla santu. Elizak Ignazio santu aitortu eta Eliza Unibertsalarentzat eredu imitagarri proposatu zuenean, garbi dago ez zuela Iñigo txikia aitortu santu, Azpeitian jaio eta bere bizitzako lehen-urteak bere jaioterrian igaro zituen Iñigo txikia, alegia. Ez: Loiolako Dorretxean jaiotako haur hura ez zen artean santu; bide luzea zuen ibili beharra; bizitzako ibilbide horretan zehar garbitu eta eraberritu beharra zeukan Jainkoak Ignazioren bihotza… Elizak bere seme-alabetako norbait santu aitortzen duenean, haren bizitzako une gailurra aztertuz egiten du hori, ez beraren lehenengo pausoei begira… Ez litzateke eredu imitagarria izango guretzat, bizitzako lehenengo urteetan izugarrizko ontasun- eta perfekzio-maila lortu izanik, gerora, heldutasunera iristean, Jainkoaren bidetik aldendutako norbait. Alderantziz, hainbat santurengan gertatzen da, beren bizitzako aldi batean Jainkoaren asmoetatik gutxi-asko aldenduta ibili ondoren, gero, heldutasunean, santutasun-bidean sartzen direla erabaki sendoz.

Baina, honek ez du esan nahi, Iñigok izan zuen jaiotzak eta bizi izan zuen haurtzaroak eta gaztetxoaldiak ez zutela zerikusirik eta garrantzirik izan haren santutasun-bidean. Santuen bizitza ezagutzera hurbiltzen garenean, ikusten dugu, hasiera-hasieratik aritu dela Jainkoa arduraz haiek eratzen eta moldatzen. Esaera zaharrak dioena gogoratuz esango genuke, “Jainkoa ez dela jostorratzan haria jarri gabe josten aritzen”. Beraz, erraz kontura gintezke, geure haurtazarotik, nerabezarotik eta gaztarotik hasita prestatu dizkigula Jainkoak santutasunerako bideak.

Gogoan izango duzue, nola ospatu dugun, duela gutxi, Joan Paulo II.aren dohatsu aitortzea. Garbi dago, Elizak Karol Wojtyla aldareetara jaso duenean, ez duela hori hark Polonian bizi izandako haurtzaroari begiratuz egin; Aita Santu bezala haren azken urteek izan duten oihartzunagatik baizik. Baina haren historia pertsonalera hurbiltzean, konturatzen gara, haren bizitzako lehen urteetatik ari zela Jainkoa santu izango zenaren etorkizuna prestatzen.

Esate baterako, harrigarria gertatzen da zein ingurumari oso zailetan bizi izan zuen Karol Wojtylak bere haurtzaroa eta gaztaroa. Bederatzi urte zituen ama hil zitzaionean, eta nerabe gaztetxoa zen bere anaia bakarra hil zenean. Aita, berriz, alemanen okupaziopean zeudela hil zen, Karolek hogeita bat urte zituela. Apaizgaialdia klandestinitatean egin behar izan zuen, nazien okupazioaren kontrako erresistentzia kulturalean parte hartuz. Alemanak menperatuak izan zirenean, sobietarren okupazioa etorri zen, eta aurrera jarraitu zuen Eliza Katolikoaren kontrako pertsekuzioak. Karol gaztearen apaiz ordenaziora ez zuen bere senitarteko inork joaterik izan. Bakardade osoan aurkitzen zen mundu honetan, lagun-taldetxo bat izan ezik. Erraz uler daiteke nolako eragina izango zuten gertaera hauek guztiek Joan Paulo II.arengan haren nortasun sendoa eta adoretsua eratzekoan! Bakoitzarentzat Jainkoak pentsatu duen santutasun-eredua sutan bigunduta moldatzen da bizitzan zehar…

Antzeko zerbait esan genezake Loiolako Iñigori buruz ere. Haren arima landu zuten garai, leku eta ingurumari jakin batzuetan jaio zen gure Zaindari Santua. Jaio zen leku fisikoa –Loiolako Dorretxea, alegia–, eta leinuak edo jatorriak jartzen duen tartea ere gogoan izanik, nahiko haur bakartia izan zen Iñigo…

Garai hartan, gaur egun ikusten dugun baino askoz bakartiago zegoen Dorretxea… Mila bostehun eta berrogeita hamaikako idazki batek dioenez, baso itxi batez inguratua zegoen Dorretxea. Honela dio: “Toda cercada de una floresta y árboles de muchas maneras de frutas, tan espesos, que casi no se ve la casa hasta que están a la puerta”. Fruta-arbolaz eta bestelako zuhaitzez gordea bezala zegoela dio idazkiak. Etxe noble bateko seme izateak ere asko baldintzatuko zuen, dudarik gabe, mutiko hura; baita hamahiru senideetan txikiena izateak ere. Gurasoak ezkondu eta hogeita lau urtera jaioa zen Iñigo eta, itxura guztien arabera, oso txikia zela galdu izango zuen ama. Agian ez zuen ezagutu ere izango, edo behintzat ezin zion aurpegia jarri bere amaren oroipenari. Kontua da, San Ignaziok ez duela inon, guk dakigunez, amaren aipamenik egiten. Hamasei urte zituenean hil zitzaion aita; beste bi anaia, bera baino zaharragoak, berriz, lehenago hilak ziren Napolesen, “Gran Capitán” zeritzanaren gerratean. Gertaera honek eta aitonaren gerra-historiak ametsez bete izango zuten Iñigo gaztea, garai hartako nobleen ohiturei jarraituz (ez dago “Amadís de Gaula”-ren eleberri edo nobela gogoratu besterik).

Iritsi zen, azkenean, Martin anaia nagusiak ahaleginak egin zituen eguna, Iñigok, norabide jakinik gabe, Dorretxea utzi ez zezan, abenturazale baten antzera… Baina Ignaziok heziketa sendoz eratua zuen arima; harentzat, gauza bat zen familiaren sustraiak maite izatea, eta bestea sustrai horiei lotuta gelditzea; hark era sendoan, askean eta asmo handien arabera landua zuen bihotza.

Iñigok ez zuen haurtzaroan amaren zaintzarik eta goxotasunik izan; hor dago, agian, Ama Birjinarenganako izan zuen debozio handiaren arrazoia; hor, Iruñea babesteko guduan hartutako zauriak sendatzealdian zegoela, Dorretxean izandako gertaera bereziaren esanhia ere. Andre Maria, betiere ama, berarengana etorri zen, bihotza garbitu zion, eta Iñigok bere garaiko etxe oneko damaren batengan jarriak zituen ametsak, Zeruko Amaren edertasun paregabearengana bideratu zituen.

Urola Erdiko Bailara honetako Maria Garin izeneko emakume batek hazi zuen Iñigo, inude gisa bularra emanez. Auzoko baserri batean biziko zen emakume harekin oso harreman bizia izango zuen, eta emakume honek lagundu izango zion bere nobletasuna galdu gabe, bailarako jendearekin hurbileko harremanak izaten. Geroago, Loiolako Dorretxeko senitartean txikienaren inude izandako Maria Garin emakume hari esker finkatu ahal izan zuten zehatz lehenengo jesulagunek, Ignazio hil eta gero, beraren jaiotzako data. Emakume harentzat ohore handia izan izango zen, bere bizitzan eta hil ondoren ere Jainkoari halako aintza handia emango zion Iñigori bularra eman eta lehenengo pausoetan berari lagundu izana.

Iñigoren koinata ere, bere senide maiorazgoaren emaztea, Magdalena Araozkoa Andrea, baliabide izan zen Jainkoaren eskuetan, Loiolatarren senide txikienaren gorputza eta arima zaintzeko. Emakume jainkozalea zen; haren liburutegian ez zen Iñigorentzat bidelagun izan zitekeen mundu-giroko libururik; santuen bizitzak eta hura jainkozaletasunera eramango zuten liburuak baizik. Ikusia dago, Jainkoak prestatu eta zaintzen duela pertsona bakoitzaren bidea, hainbat giza baliabide eta bitarteko erabiliz; baina guri dagokigu, hor tartean Jainkoaren esku arduratsua ikusten jakitea…

Azpeitiar adiskideok: ez ahaztu, Iñigo bere familiarekin Azpeitiko eliza honetara etorri ohi zela igandero, Loiolako Dorretxetik, Meza Santua entzutera. Ekintza honek edukia ematen zion Jaunaren egunari eta elkartu egiten zuen familia osoa. Irudika dezakegu Loiolako Jauna, bere familia ugariarekin batera, Azpeitiara bidean. Loiolako familiak bazuen Azpeitian “Jantzi-etxe” esaten zitzaiona, txukun jarri eta elizara joateko, bera zen, hain zuzen, eliza hartako patroi edo nagusia. Baina etorri behar zuen, Ignaziok bere zaldun-jantziak erantzi eta Montserraten eskale bati trukatu zizkion eguna. Baina, gauza bakoitza bere garaian… Artean ez zen iritsi horretarako garaia!

Orain, ordea, senide maiteok, Ignazioren historia honetatik geure historia pertsonalera pasatu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar, gutako bakoitza santu izateko gai garela; gehiago oraindik: Jainkoak gugandik espero duen santutasunera iristen ez bagara, gure bizitzak porrot egin duela pentsatu beharko genuke. Santu izan nahi izatea ez da “extra” edo gehigarri bat kristauarentzat; Jesusek berak eskatzen digu Liburu Santuan: “Izan zaitezte santuak, zeruko zuen Aita santua den bezala” (Mt 5, 48). Santu izateko jaio gara, eta santutasunera ez daraman gure bizitzako beste edozein jomuga, oker egindako planteamendua izango litzateke.

Gaurko egun honetan, bizitzako bideetan Jainkoak nola eraman izan gaituen gogoratzea dagokigu geuri ere, kontura gaitezen, lehenengo pausoetatik hasita, maitasun arduratsuz, santutasunerako bidean jarri gaituela. Aurten gure Zaindari Santuaren egun honetan, asmo hau proposatzen dizuet: geure bizitzaren irakurketa berri bat egitea, haurtzarotik hasi eta gaurdaino, jomugaraino eraman nahi gaituen Jainkoaren maitasunaren hari etengabea ikusiz. Ez dezagun eten hari hori; baizik eta jarrai diezaiogun leialtasun osoz!

“Berak aukeratu gaitu santu eta errugabe izan gaitezen beraren aurrean, maitasunez” (Ef 1, 4). Zoriontsu igaro dezazuela denok San Ignazioren egun

Próximo encuentro de 2.500 miles de jóvenes en Loiola con el Prepósito de la Compañía de Jesús

Dentro de las iniciativas para la Jornada Mundial de la Juventud, se anuncia desde Magis la Compañía de Jesús reunirá a más de 2.500 jóvenes de todo el mundo en el Santuario de Loiola del 5 al 7 de agosto.

El encuentro que comienza en Loiola se encuadra en el evento MAGIS 2011 bajo el lema: “Con Cristo en el corazón del mundo

El domingo 7 de agosto, el Prepósito General de la Compañía de Jesús Adolfo Nicolás presidirá la Eucaristía que se celebrará en el exterior del Santuario.

Después se distribuirán por grupos y participarán en 100 experiencias por toda España y Portugal. El día 15 de agosto se reunirán en Madrid para sumarse a la JMJ.

La Compañía de Jesús comenzó a organizar actividades en torno a la JMJ en 1997, y así lo hicieron en Roma, Toronto, Colonia y Sidney. MAGIS agrupa a varis congregaciones religiosas que se inspiran en la espiritualidad ignaciana.

Con la Eucaristía presidida por Mons. Munilla en Loiola culminan los actos que comenzaron el 22 de julio.

Link para acceder a los audios de las Homilías durante la Novena a San Ignacio. La primera fue pronunciada por el Obispo de Donostia-San Sebastián: http://www.jesuitasdeloyola.org/noticias-es/audio-novena-bederatziurrena.html

Tuesday, July 26, 2011

Baztango mutildantza ala neska-mutildantza?


Eta polemikak eztanda egin du berriz. Badira urteak -hamarkadak!- Hondarribian Alardearen kontuarekin kalapita bizian jarduki direla. Eta orain, Bildu Elizondoko udaletxean sartzearekin batera, mutildantzarekin berpiztu da sua.
Ni arazo hauek herri-kontsulta batekin konpondu behar direlakoan nago: bertan erroldatuta daudenek erabaki dezatela. Nahiago dutela modu batez egin? Horrela egin dezatela: ni ez naiz herri horietakoa eta ez naiz nor zer egin behar duten esateko. Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua ere ez dira nor hor esku-hartzeko, nire ustez (Emakunde sailaren bidez, dagoeneko eskua barruraino sartua duten arren). Mutildantza bertako ohitura da eta bertakoek erabaki behar dute ze itxura eman behar zaion hemendik aitzina.
Estonatu egiten nauena hauxe da: Bildu (oraingoz) ez dagoela, kasu horretan, herri-kontsulta egitearen alde. Beste gauzetarako, bai, ezker abertzalea demokraziaren aldekoa omen da, herriari galdetzearen aldekoa (AHT, kasurako). Gai honen inguruan, oraingoz, hitzik ez. Ea bada, laster ikusiko da beren "izaera demokratikoa" zertan den. Esperoan gaude.

Monday, July 18, 2011

Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: euren bertsogintzaren iturriak

Makina bat bertsolari ezagun dira gaur egun. Baten bati jokoz kanpokoa irudituko zaio Kepa Enbeita (1878-1942) eta Balendin Enbeita (1906-1986) bezalako bertsolariei erreparatzea milurteko berri honen hastapenetan.
Agian ez da hain burugabekeria handia lanbide horri ekitea jakinik bertsolari-familia hauxe izan dela Bizkaian, neurri handi baten (handienean agian), beste euskal lurraldeetan garatu zen bertsolaritza-eredu formalen sartzailea. Hau esanda, bete-betean sartu gara kontu formal batean: ahapaldiari dagokion arloan. Enbeitatarren bertsogintzak aipatu beharreko ezaugarri nabarmen bat dauka hasiera-hasieratik: zortzikoa hartzen duela eredu eta neurri estrofiko nagusitzat. Hau egiaren konstatazioa izateaz gain, eta bertsolari batzuengan espero litekeena izateaz gain, bada ezaugarri esanguratsua; izan ere, Bizkaia aldeko bertsogintzan zortzikoaren nagusitasuna ez zegoen horren garbi. Horren haritik, zortzi lerroko bertsoetan koplen lorratza ikus zitekeen, bai Enbeitatarrengan, bai Bizkaiko beste bertsolarirengan ere; izan ere, ohitura zen ahapaldi berean hoskidetza eredu bi erabiltzea: lehenengo eredua aurreneko bi puntuetan (kopla bat bailitzan) eta bigarrena hurrengo bi puntuetan (bigarren kopla bailitzan).
Erdaldun haserreak
ez ebala uste
zugatz bat jatsi jakun
orain hainbat urte
zeruetatik hona
Jaunan borondatez
gure onerako ta
erdaldunen kaltez.
Zugatz on hau hazteko
zan lez egokia
jaunak izentau eban
Gernikako huria
zeinetan hartu eban
sustraia behingoan
orain Batzer-Etxea
dagoan ondoan.
(AMURIZA, 1998, 584)
Argazkia
Enbeitatarren jaiotetxea.
Ohitura hau bat-bateko bertsogintzan dokumentatzen da XX. mendean dezente sartuta ere1. Enbeitatarrek, ordea, ahapaldiari dagokionez betiere, zortzikoaren ereduari eusten diote XX. mendearen hasiera-hasieratik (nahiz eta kopla sekula ez zuten laga). Joera hau euren bertsolari-izaeraren ezaugarri aipagarria dugu, XX. mendearen hastapenetan tradizio bat ezarri eta sendotu zuena (Muxika inguruan bederen).
Berriatua aldean, lau puntuko ahapaldiaren aldeko apustua XX. mendearen bigarren erdialdean sendotzen da Azpillaga, Mugartegi eta Arregi bertsolariekin2.
Orokorrean, Bizkaian bertso tradizioa uste baino ugariagoa izan arren, Enbeitatarrak (Kepa Enbeita “Urretxindorrarengandik” hasita) dira bertsolaritza Bizkaian “indarrez, ospez eta duintasunez plazaratu”3 zuten lehenengoak.
Argazkia
Juan Antonio Enbeita "Txotxo -jeuri".
Familia enbor horrek fruitu asko eskaini dizkio bertsolaritzari. Hona hemen koadro bat, zehatz-zehatza izateko asmorik ez duena4:

Juan Antonio Enbeita bera, nire azterketatxoan lehenengo belaunaldikotzat jotzen dudana5, jatorrizko adarra dugu. Haren bertso-sorta bakar bat gorde da, eta bat-bateko bertsoren bat edo beste6. Harengandik jaiotakoak Imanol eta Kepa ditugu, besteak beste. Imanolek goiz utzi zion bat-bateko bertsogintzari (eztarriz ez zen osasuntsua)7 eta ezagutzen diren bertsoak idatzitakoak dira, idazle baten jite eta ospea izatera ailegatu zelarik. Prosaz ere idazki ugari argitaratu zituen. Egile honen lanaz egin den deskripzio zabalena eta lan bibliografiko osoena Julen Urkizak eta Luis Baraiazarrak egindakoa da8.
Argazkia
Kepa Enbeita "Urretxindorra" eta emaztea.
Nire doktorego tesian9 bigarren belaunaldiko Kepa Enbeita “Urretxindorra”10 (1878-1942) eta hirugarren belaunaldiko Balendin Enbeita (1906-1986) hartzen dira kontutan.
Bertsolaritza ez-tradiziozko jeneroa izan arren, Kepa eta Balendin aita-semeak tradizioa ezartzen duten bertsogintza baten bi kate-begi ditugu. Tradizioan barrena luzatzen den katea osatzen dute eta, era berean, kate-begi desberdin bi dira: lotuta egon arren, bakoitzak bere nortasuna du.
Iturriak
Bakoitzaren iturriak ez dira berdinak zenbait kasutan, baina tradizio bat izatea arrazoi giltzarri bezain sinple batek ahalbideratzen du: aita-semeak izateak. Balendin bertsotan (bat-batean eta publiko aurrean) hasi zenerako (1928) bere aita Urretxindorra bertsolari egina zen. Beraz, Balendinek bere bertsolari hezkuntzan oso eredu hurbilekoa izango du: bere aita. Harekin dituen batasun afektiboak eta ideologikoak eragin hau erraztuko dute.
Argazkia
Kepa Enbeita.
Badakigu Kepa Enbeita bat-batean aritzen zen bertsolaria zena. Sarritan bera bakarrik aritzen zen luzaro ekitaldi politiko eta kulturaletan. Hala ere, guregana heldu zaigun corpusa idatzizkoa da batez ere, baina hori bai, ahozko estiloaren oihartzuna bertso idatzietan askotan nabarmena da.
Kepa Enbeitaren bertsogintza aztertuta, konturatzen gara, idazkera ezagutzeaz gain, bere erregistroak idatzizko iturrietatik edan zituela.
a) Batetik bertso jarrien iturritik edan zuen, Gipuzkoa aldetik Bizkaia aldera joaten ziren bertso-jarriak bereziki (bere aita Juan Antoniok ere jenero hori jorratu zuen, ale bakanen bat besterik ailegatu ez zaigun arren). Haien eragina garai “herrikoian” nabaritzen da lexikoan, bertso-sorten egituran eta egileak hartzailearekiko duen jarreran.
b) Iparragirre eta, batez ere, Felipe Arrese Beitiaren berri bazuela ikusten da11. Arrese Beitiari dagokionez, ez dakigu ezaguera hori ahoz edo irakurriz ote zetorkion. Zenbait bertso, tematika aldetik, arrazoiketaren kateaduraren aldetik edota motibo zein sinboloen aldetik, haren oihartzun argi eta garbiak izaten dira. Esate baterako, Arrese-Beitiaren Ama Euskerea Ama Euzkadi bilakatuko da Urretxindorraren bertsoetan, ezaugarri berdinak gorderik: bere seme-alabek abandonaturik eta hil zorian:
Atsekabiak gure almenak
Ipiñi dauskuz lotuta,
Ama Euzkadi daukogulako
Motzen azpijan aulduta.
Seme ustelak, barriz, lo dagoz
Ezaueria galduta.
Ta orain, zeñek itxartuko dauz,
Irakaslia il da-ta? (K035b)
Ija illian aurkitzen zala
Ama Euzkadi laztana, […] (K048l)
Sabino Aranaren ideologiari dagokionez, susmoa daukagu Lecciones de ortografía del euskera bizkaíno eta Bizkaya por su independencia liburuxkak ezagutuko zituela, eta ondorioz, bere ahozko zein idatzizko jardunek idazkeraren eragina izango luketela: erdi-ahozkotasunean murgilduta dago.
Argazkia
Imanol Enbeita eta emaztea.
Gure asabak gaurko egunez
Arrigorria’n Ordoño
Betu ta jaurti eben indarrez
Mugatik bestalderaño:
“Or konpon zeuek, guk ez dou ba nai,
Geuria bakarrik baño;
Zuek zeuekaz, ta gu geuriaz.”
Edestiak alan diño. (Euzkadi, 1930-XI-30)
Bizkaya por su independencia lantxoan, Sabino Aranak euskaldunen lau garaipen militar ekarri nahi izan zituen gogora. Horietako batean Ordoño izeneko pertsonaia bat aipatzen du, Don Alfonso III.a Asturias eta Leongo erregearen anaia. Ordoño hau tropa espainiarrekin euskal lurraldeetara ailegatu omen zen (bere anaiaren erregetzapean jartzearren). Arrigorriagan euskaldunak matxinatu eta espainiar gudarostea garaitu omen zuten. Felipe Arrese Beitiak ere bazeukan honen berri eta 1901ean argitaratutako bertso batean haren aipamena egiten du:
Osterantzean esan daiela
Gaur Padurako mendiak,
Zirelako euran an izan
Orduan ikuslariak,
Burua arro ekarri arren
Ordoño bildurgarriak,
Ez etziran bere odolaz
Gorritu ango arriak. (Urrutia, 1999, 397)
Argazkia
Kepa Enbeita Carlos Elguezuaren eskulturaren arabera.
Kepa Enbeitaren idazkerak, neurri handi batean, batzuetan erabat, Sabino Aranak proposatu zuen ortografia sistema jarraitzen du. Horren jabe izateko, une jakin batean (edo batzuetan) arau horien berri idazkeraren bidez (esan nahi baita, testu idatziak irakurriz) jaso zuelako ustea dugu. Bestalde, zenbait bertso-sortetan Aranaren irakaspen historikoak ezagutzen zituela aditzera ematen du, eta ezagutza hori, ematen zituen zertzeladekin, beraiek irakurtzearen ondorioz izan zitekeen. Beste norbaitek irakurri ondoren azalduta ere izan zitekeen12, baina kasu horretan ere erdi-ahozkotasunaren adibide baten aurrean geundeke.
Erlijio kontzeptuak edota aipamenak ahozko transmisioaren bidez jaso izana, ostera, normala izango zen, batez ere Urretxindorraren kasuan ingurune kulturala kontutan hartuta eta bera elizkoia zela jakinik. Bere erlijiotasuna herriko iruditegi honetan enborturik dago, bere formula eta epitetoetan antzeman daitekeenez:
[...] Agur, Josu'ren ta geure Ama
Eta Zaindari bakarra;
Agur zeruko eguzki eder,
Agur, goxeko ixarra; [...] (K034b)
Goikoan agertzen zaigun bertso-zatia Euzkadi egunkarian agertu zen 1913an, Lourdesera egindako pelegrinazio bat gogoratuz. Agian 1909n egin zen hura da: “1909’an ibildeun edo peregriñaziño eder bat egin zan Euskalerri’tik Lurdes’era. Ona emen, andik alde egikeran, Andra Maria’ri abestu eutsoen kanta, Kirikiño’k osotua:
Agur, Josu’ren ama,
Neskuts maitetsuba,
Agur, Itxasoko izar,
Gure jabolia.
Agur, Donoki-euzki,
Poz-pozez betia,
Agur obendijoen
Lior ta abarua.
Baiña Zeu’ganadik alde
Bijotzak ezin dau;
Nogana juango da?
Zeu’gan bixi nai dau.
Neskutz bardinbakua,
Onetsi gagixu;
Agur, Ama maitia,
Agur, agur, agur.
(ONAINDIA, 1966, 14)
Kontua da kanta hau oso herrikoia dela eta gaur egun oraindik ere kantatzen dela, neologismoak saihestuta (Donoki, obendi, Neskutz…).
Arestian aipatuaz gain, abertzaletasunaren hainbat topiko, arrazoiketa eta diskurtso ildoak ahozko transmisioaz jasoko zituela ere ez litzateke harritzekoa izango, bere lagun min asko abertzaleak baitziren eta euretarik kopuru garrantzitsu bat hizlariak eta mintzakideak mitinetan.
Argazkia
Balendin Enbeita.
Balendin Enbeitaren iturri idatziak antzematen pixka bat zailagoa da, agian gutxiago izan zirelako. Hala ere, bistan da Felipe Arrese Beitiaren bertsogintza idatziak bere itzala utzi duela Balendinengan, zenbait bertsotan antzeman daitekeenez.
Euskera maite, gaxorik zagoz
eta osakairik ez dozu,
zeure semiak itxi zaituez,
errukarria zara zu.
Ene, euskera, ilgo al zara?
Arren erantzun eidazu!
Zu il ezkero ez dot nai bizi,
zeugaz eruan nagizu! (B088c)
Antzekotasun nabarmena dago formula eta gaiari oratzeko moduan. Horren erakusgarri, hona hemen Felipe Arrese Beitiaren bertso ospetsu bat:
Euskaldun jaio nintzan
Ta euskalduna hazi,
Euskaraz eustalako
Amak erakutsi;
Euskara laztan maite,
zabiltz nigaz beti,
Euskara ill ezkero
ez dot gura bizi
(Urrutia, 221)
Argazkia
Balendin Enbeita bertsotan.
Pedro María Otaño Barriola ere (1857-1910) nabarmentzeko modukoa da euskararen goraipatze honetan eta balitekeen gauza da bai Kepa Enbeita bai Balendin Enbeita haren eraginpean egotea. Bera izango da Ama Euskera irudia era poetiko batez bultzatuko duen egileetako bat. “Amets bat” eta “Ama Euskera” bertso-sortetan irudi pertsonifikatu hau izango da gaiaren muina:
Ama Euskera naiz, Pello Mari,
etzaiteztela bildurtu;
kezketan nator beste aldera
ote zeraden biurtu.
Hainbeste semek iges egin dit,
iya naiz negarrez urtu!
Ez ote dezu zuk ere naiko
nere malkorik legortu? (ZAVALA, 1993, 345)
Hainbat eta hainbat ezaugarritan bere aitaren bertsogintzaren eragina sumatzen da. Eragin hori, noski, ahozko transmisioaren bidez ailegatuko zitzaion, baina ezin da baztertu bere aitaren bertsoak irakurtzeaz ere iritsi zitzaionik.
Argazkia
Balendin Enbeita, Bilbo 1959.
Eta nola ez, batzuetan, bertsolari askorengan gertatu zen bezala, Jean Batista Elizanbururen (1828-1891) oihartzuna sumatzen da zenbait ezaugarri direla medio:
- Ahapaldiaren neurria “Nere etxea edo laboraria” izeneko sortaren berbera erabiltzen du Balendinek. Adibidetzat “Neure baserriko bizitza” bertso-sortatik hartzen dugu ahapalditxo bat:
Goizean ogetik jagi,
gelako leioa edegi
eta jartzen naz ni adi:
Etxe ondoko intzaur gaiñian
txantxangorria kantari,
eguzkia dizdizari,
nere baserritxuari
bake gozoan geznari. (B138a)
- Horrelakoetan gaia ere antzerakoa izaten da: baserritar bizitzaren goraipamena. Bertan gizakiak zoriontsu izateko ez duela ondasunik asko eduki behar aldarrikatzen da. Bizimodu tradizionalaren balioak goraipatzen dira: familiako betebeharrak ondo burutzea, lana maitatzea, familiako beste kideak dagokien duintasunez tratatzea. Horrela Jainkoaren bedeinkapenak etorriko dira gizaki horrengana, kasu honetan laborariarengana. Era berean laborari edo baserritarraren bizitza egokiena dela frogatzen da13 gizatasuna modurik onenean bizitzeko14. Ideia hau Iparraldeko egile askorengan biziki errotuta zegoen, agian Hegoaldekoengan baino trinkoago. Esaterako, Jean Pierre Duvoisinen Laborantzako liburuan, hara zer dioen pertsonaia batek larorarien bizitzaz: “Ikhusten dut orai haina dela ofiziorik hobeena, zeinak ere uzten baitu bihotzean gozorik gehiena, eta bertze guzietan ohartzen naiz badela gogo eri gehiago ezenetz laborarietan” (in Laborantzako liburua, 1858an argitaratutakoa).
Argazkia
Balendin Enbeita emaztearekin.
Balendinen bertsogintzan Urretxindorrarenean ikusten ez den bertsokera bat ikusten da. Gipuzkoako bertsolarien eragina agerikoa da: oinetan, oinen sareetan, lexikoan, gaietan eta abarretan. Bertsolari garaikideen eragina ere hortxe dago, era bitara izan zitekeena:
- bat-bateko jardunean haiengandik ikasitakoa;
- haien bertsoak han, hor, hemen irakurrita.
Batez ere, bat-batean, bertsoak konposatzeko estrategiak islatzen dira bertso egikera berri horretan, nahiz eta gehienak bertso idatziak izan. Beraz, guk aurkitu ahal dugun erdi-ahozkotasuna bertso idatzietan aurkitzen dugu batez ere.
Aitarengandik semearenganako transmisioa bermatu duen alderdia, edo alderdi nagusia nahiago bada, ahozkotasuna izan da, familian halakoxea baita transmisioa. Eta ahozko jenero berdina jorratzen dutenez, bat-bateko (eta idatzizko) bertsogintza hain zuzen, ikasleei ezinbestekoa zaie erregistroen almazena betetzea. Betetze lan horretan entzumenaz baliatzen dira neurri handi baten, eta hasieran erabat.
Zalantzarik ez dago (berak aitortua gainera15), bere
Argazkia
Enbeitatarrak gaur.
aitaren bertsozko jarduna entzungo zuela sarritan eta orduantxe betetzen joango zela bere ganbara. Jakina, Balendinek bere estilo berezia erabiliko zuen, ganbara horretatik egoki zetozkion aleak aukeratzean, eta hala frogatzen ahalegindu naiz azterketa honetan.
Laburdurak
Adibidez:
(K048l): Gure Urretxindorra liburutik hartutako bertsoa, 48. orrialdean dagoena eta “l” horrek orrialde horretan zenbatgarren bertsoa den adierazten digu.
(B125b): Nere apurra liburutik hartutako bertsoa, 125. orrialdean dagoena eta “b” horrek orrialde horretan bigarren bertsoa dela adierazten digu.

Bibliografia
AMURIZA, Xabier: Bizkaiko Bertsogintza II. Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Bilbo, 1998.
__ Bertsolaritzaren historia. Orain, Donostia, 1996.
BARANDIARAN, Asier: Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita: bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian. Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbao, 2003.
ENBEITA, Balendin: Nere apurra. Auspoa, Tolosa, 1974.
__ Bizitzaren joanean. Elkar, Donostia, 1986.
ENBEITA, Jon. Enbeitatarrak I. Sendoa, Oiartzun, 1999.
ONAINDIA, Santi: Gure Urretxindorra: Enbeita’tar Kepa’ren bertso-lanak osorik. Ekin, Buenos Aires, 1971.
UGARTEBURU, Angel: “Bertsolaritza Berriatua inguran” in Bertsolari. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Donostia, 1992, 8. zenbakia, 33-40 orr.
URKIZA, Julen eta BARAIAZARRA, Luis: “Imanol Enbeita (1884-1946), <>ren anaia” in Karmel. Markina, 1997-4, 220. zenbakia, 3-49 orr.
URRUTIA ZORROZUA, Itziar: Felipe Arrese ta Beitia. Bizkaiko Foru Aldundia & Ontxandioko Udala, Bilbao, 1999.
ZAVALA, Antonio: Pedro M. Otaño eta bere ingurua (I eta II). Sendoa, Oiartzun, 1993.
1Deunoro Sardui Muxikarrari, elkarrizketa bat egin diot duela gutxi. Deunoro 1959ko Bizakaiko txapelketan parte hartu zuen lehenengo aldiz. Txorierrin (Leioa, Mungia eta inguru horretako herrietan) egiten omen zen horrela XX. mendeko bigarren erdialdean sartuta ere. Horrela dirausku Deunorok berrogeita hamarreko bertsolaritzari buruz: “Txorierrin bertsolari asko agertu ziren, Kastrejana, “Zozoa”, Laurosko beste bat, gero Ormaetxe “Taket”, […] ta orreek egieeben koplaka, zortxiko nagusixe lelengo amai bixek bardiñek ta gero beste bi bardiñek ostera be, koplaka edo esaten jaken moduen, baia neiko ondo egiteeben ta gu lelengo arrituta gelditzen giñan, “aiba! au erratu de puntuegaz edo! ze lelengo puntu bi bardiñek da gero beste puntu bi”, ta olan eiteeban ta gero beste bat “Zozoari” entzun neutsen segiduen ta arek be bardin, “aiba!” orduan emengo egikera bat ixengo da”, Txorierriko bertso egikera bat ixen zan.”
2 UGARTEBURU, 1992, 33-40.
3 AMURIZA, 1996, 102.
4Hemen bertsolaritzarekin nolabaiteko zerikusia izan duten Enbeitatarrak soilik agertzen dira. Familiako kide guztiak ez dira agertzen. Koadro honen datuak osatzeko Enbeitatarrak I liburua (ENBEITA, Jon, 1999, 7-28) kontsultatu behar da.
5Jon Enbeitak argitaratutako Enbeitatarrak I liburuan, Juan Antonio Enbeita Elgezabal “Txotxo-Jeuri” bigarren belaunaldikotzat jotzen du, izan ere haren aita Juan Antonio Enbeita Aranaz (1822an jaioa) koplaria omen zen, nahiz eta bat-bateko zein idatzizko bertsorik ez den ailegatu guregana. Gure azterketa honetan Enbeitatar bertsolarien leinuak bost belaunaldi izango ditu, eta Juan Antonio Enbeita Elgezabal (1848-1928) izango da lehenengoa. Hau erabakitzeko irizpidea hauxe da: harengandik zenbait bertso ailegatu zaizkigula. Barka biezadate honekin ados ez daudenek, irizpidea ez baita inor gutxiesteko asmoarekin ezarri.
6Haren berri zabala Gure Urretxindorra (Onaindia, 1971, 8-10), Nere apurra (ENBEITA, Balendin, 1974, 15) eta Bizitzaren joanean (ENBEITA, Balendin., 1986, 73-90) eta Enbeitatarrak I liburuetan (ENBEITA, Jon, 1999, 31-83) dugu.
7ENBEITA, Jon., 1999, 85.
8Honela esaten da aipatutako “Imanol Enbeita (1884-1946), “Urretxindorra”ren anaia” izeneko artikuluan: “Enbeitatarren ospea Euskal Herrian batez ere bertsolari diren aldetik izan da, eta ospe horren atal onentxoenetariko bat Imanoli dagokio. Imanol bertsolari eta bertso-olerki idazle izanez gainera, kazetaritzan ere lan interesgarria egindakoa dugu”, URKIZA, 1997, 5.
9BARANDIARAN, Asier. 2003.
10Kepa Enbeitak ez zuen bere burua Urretxindortzat, horri gehiegi baitzeritzon. Txindortzat zeukan bere burua. “Zu bai, Lugones, “Urrexinula”,/ Ta ni barriz, “Txindor” utsa;/ Zu Argentina aundi zidartsu,/ Ta ni baso txiki latza […]” (ONAINDIA, 1971, 145).
11Estiloan bertan ez ezik, aipamen esplizituetan ere ageri da Felipe Arrese Beitiaren itzala. Esate baterako, Euzkadi (1930-IX-20) egunkarian bertso sorta bat eskaini zion “Omengarrizko biotza” izenburupean (ONAINDIA, 1971, 142). Hona hemen bertso-sorta haren hasiera:
12“Arrospide’tar Jon, Muxika’ko osalari ernea, gustiz adiskide eban gaztetatik, eta onek –abertzale ta euzeltzale jatorra bait zan- erakutsi euston zelan bertsoak tayutu ta biribildu” (ONAINDIA, 1971, 13).
13Ideia hau Iparraldeko egile askorengan ondo errotuta zegoen, agian Hegoaldekoengan baino tinkoago.
14Mota honetako iritzien azpian, inplizituki bada ere, Jean-Jacques Rousseau (1712 - 1778) filosofo eta literatoaren eragina dagoela esan daiteke. Jean - Jacques Rousseauren filosofiak eragin handia izan zuen Erromantizismoan. "Basati onaren" goraipamena egiten den garaia dugu Erromantizismoa. Progresoa, Jean-Jacques Rosseauren ustez, gizakiaren jatorrira edo Naturara itzultzean zetzan; izan ere, gizartearen inposaketek gizakia usteldu egiten zuten, instintoa eta joera naturalak oztopatzen zituzten.
15“Hamazortzi urte inguru nebazala asi nintzan aitagaz, Gabonetan eta olako jai batzuetan […] Garai onetan, Espaiña’ko matxiñadara arte, erririk erri ibiltzen nintzan neure aita, Dima’ko Uritarte ta neure anai Sabin lagun izaten nituelarik”

Monday, June 27, 2011

Adoro te devote, euskaraz


San Tomas Aquinokoa (1224-1974) izan zen otoitza eta olerki eder honen egilea, Eukaristiari eskainia. Euskarazko bertsioa interneten jasotzea oso zaila egin zait. Egizue proba. Baina euskaratuta dago otoitza hori, bai. Eta merezi du ezagutzea. Itzulpen hoberik egin daitekeela? Hobetzen ahal dela zerbait ere? Agian. Baina nik uste dut orain daukagun bertsioa nahiko ondo eginda dagoela eta Jaunaren Gorputz Sakratua ospatu berri dugun honetan, hortxe daukazu, irakurle dastatu eta gure Jaunarekin solasteko.


ADORO TE DEVOTE

Eraspenaz maite zaitut, Jainko ezkutua,

egiazki gordeta hauen irudipean.

Zure aurrean zeharo menperatuta dago nire bihotza,

oso-osorik gurtzen ziatu zu ikustean.


Zutaz epaitzerakoan okertzen dira ikusmena, ukimena, dastamena;

baina zinez sinesteko entzumena da nahikoa;

Jainko Semeak esan duen guztia sinesten dut;

ezer ez da benetako hitz hau baino egiagoa.


Gurutzean jainkotasuna estalia zegoen,

baina hemen gizatasuna ere da ezkutu;

sinesten ditut eta aitortzen biak,

ezer ez da benetako hitz hau baino egiagoa.


Zauriak ez ditut ikusten Tomasek so egin zien bezala,

baina aitortzen dut nire Jainkoa zarela;

egizu zuengan gero eta gehiago sinets dezadan,

Zuregan itxaron, maite zaitzadala.


Oh, Jaunaren heriotzaren oroigarri!

Gizonari bizitza ematen dion Ogia!

Emaiozu nire arimari zutaz bizi dadila,

zure eztitasuna beti dezala dasta.


Jesus Jauna, pelikano ona!

garbi nazazu, ni zikin hau, zeure odolaz,

mundu osoaren hobenak

garbi ditzakeen ttanta-odolaz.


Jesus, orain ezkutua dakusdana,

irrikaz nahi dudana eskatzen dizut bete dadila,

zure aurpegia agerturik begiratzean,

zure aintza ikusiz, zoriontsu izan nadila. Halaxe.

Monday, June 13, 2011

Elorrio, ulertzen ahalegindu




Egun batzuk pasa nituen Elorrixon. Deskontektatzen, atseden pixka bat hartzen. ANV zegoen udalean nagusi.
Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka da ezker abertzalearen helburu-izar horietako bat, hori gauza jakina da.
Bada ANVko zinegotziei eta alkateari "herri galdeketa" bat egin behar zutela otu zitzaien domeka batean, herriko frontoian. Aurreko hiruzpalau egunetan auto bat (gutxienez) ibili zen goiz eta arratsaldez gora ta behera herriko kale eta estarta guztietatik AHTren aurka herritarrak bozkatzera joan zitezen. Ni ez naiz ez bataren bestearen oso aldekoa, baina hori ikusi eta gero argi daukat fijazio ia patologikoa dutela ezker abertzaleko batzuek kontu horrekin. Kontua da hiruzpalau egunez, "bozkaketa" egunean barne, nik -elorriotar ez naizen honek- tortura psikologiko bat jasan behar izan nuela. Elorriok herrialde komunista amorratua ematen zuen, bere propaganda komunista adoktrinarioa eta guzti. Goiz eta arratsaldez: oihuak bozgorailuetatik, mehatxuak kasi.
Duela gutxi EAJko emakume bat izendatu dute alkate Elorrion: Ana Otaduy. Bilduk bozka gehiago lortu ditu EAJk baino, baina zinegotzietan berdinduta dago EAJrekin. PPk zinegotzi bat atera du Elorrion: Carlos García. Eta horrek EAJri eman dio botoa. Udaletxean zirkoa. PPko zinegotzi horri txakurkeriak esan dizkiote, EAJko alkatesa berriari ere bai. Ez diote berba egiten utzi zenbait momentutan.
Tira, bideoa ikusi besterik ez dago (klikatu izenburuan).
Urizarrek, Bilduko arduradunak dio oihu, irain eta jarrera horiek ulertu behar direla.
Kontu txiki bat soilik aipatu nahi dut: noren botoekin lortu du PPko zinegotzi horrek bere postua? Elorriotar batzuen botoekin. Horiek ere "faxista" kriminalak ere badira? Agian "herri galdeketaren" propaganda jasateko prest ez zeuden batzuk ere izango ziren. Ni PPren ideologiarekin inondik inora bat ez etorri arren, neurri batean ulertzen ditut elorrixotar horiek.

Euskal Herriko Unibertsitateak master europar berria abiatuko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzaz

Aurtengo irailean Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarriko du Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master berri bat. Holandako Groningengo Unibertsitatearekin batera antolatu du EHUk masterra eta burutzen duten ikasleek doktoregoa egiteko aukera izango dute. Masterrak eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile kualifikatuak bihurtuko ditu ikasleak eta pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko ditu.


Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Eleaniztasuna eta Hezkuntzari buruzko master europarra (European Master in Multilingualism and Education - EMME) jarriko du abian 2011-2012 ikasturtean. Unibertsitateak jakinarazi duenez, masterrak irakaskuntza bikaina eta kalitate handiko ikerketa sustatzea du helburu eta programaren baitan pentsamendu kritikoa eta trebetasun analitikoak bultzatuko dira.

Masterreko ikasleek gaitasun hauek landuko dituzte eta helburu izango dute:

-Eleaniztasunaren alderdi psikolinguistiko, soziolinguistiko eta hezkuntzazkoei buruzko jarrera kritiko analitikoa garatzea
-Eleaniztasuna eta hezkuntzan goi mailako espezialista bihurtzea
-Eleaniztasuna eta heziketarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko gaitasuna lortzea
-Testuinguru soziolinguistikoarekin lotuta dauden hezkuntzako programa eleanitzak diseinatzeko gaitasuna lortzea
-Hezkuntza sisteman berrikuntza-prozesuak planifikatzeko eta ezartzeko gaitasuna lortzea
-Eleaniztasun eta hezkuntza arloan ikertzaile trebea eta kualifikatu bihurtzea

Programak hiru arlo desberdin ditu: ikastaroa (60 ECTS), Practicum-a (30 ECTS) eta ikerketa lana (30 ECTS). Eskolak irailean abiatuko dira.

-Informazio gehiago eskuratzeko hona jo: www.multilingualeducation.eu

-Arduradunekin zuzenean hitz egin eta informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, harremanetan jar zaitezke Xabier Etxaguekin (xabier.etxague@ehu.es, tel: 0034943015612); Jasone Cenozekin (jasone.cenoz@ehu.es) edo Durk Gorterekin (d.gorter@ikerbasque.org)

Tuesday, June 07, 2011

Hiroshima: orain arte ikusi gabeko argazkiak


Duela 66 urte gertatu zen. Bonba nuklear batek 140.000 mila pertsona hil zituen gau batean. AEBek berehala egin zituzten ahaleginak beren sarraskiaren irudiak argitaratu ez zitezen. Orain, 66 urte geroago, orduan argia ikusi ez zuten zebait irudi argitaratu berri dira (KLIKATU artikulu honen izenburuan). 140.000 mila pertsona: erraz esaten da. Zaurituak eta gerora erradiazioaren ondorioz gaixotasunez (minbizia) hilko zirenak beste milaka eta milaka. Ameriketako Estatu Batuek botatako bonba izan zela gogoratu behar da, baten bati ahaztu egin bazaio ere.
Barkamena eskatu al dute inoiz?
Elizak, adibidez, barkamena eskatu du askotan (Joan Paolo II.a Aita Santuak behin baino gehiagotan) XVI eta ondorengo mendeetan zenbait klerigok parte hartu zutelako zenbait epaiketetan, zenbait pertsona sutara bidali zutenak. Mundu "zibilizatu" honetan, berriz, modu basatian di-da batean 140.000 pertsona akatzen badira, ez ei dago arrazoirik barkamena eskatzeko.
Ni ez naiz yankee-ren aurkako horietako bat, baina argi daukat nazio horren arduradunek ardura handia dutela oraindik duela zenbait hamarkada gizatasunaren kontra egin diren zenbait fetxoria direla bide. Haien barkamen-eskaeraren zain gaude: eska dakieken gutxiena delakoan nago.

Monday, June 06, 2011

Komentarioak...



Blog hau inork gutxik irakurtzen duenez, zilegi zait kontatzea. Nire urrutiko eta gertuko haurride batzuekin bazkaltzea tokatu zitzaidan. Urrutiko haurride horiek ez dira gaiztoak, ez. Gauza on asko dituzte, baina gabezitxo batzuk ere bai: tartean kristau fedearen “praktika” utzia dutela. Jakina, badute sarritan errepikatzen dituzten zenbait lelo, koartada bezala. Adibidez, honakoa: “Vatikanoko “aberastasunak” salgai jarriko balituzte, berehala amaituko litzateke munduko gosea”. Sarritan entzun izan dudan komentarioa. Ez dakit zer imajinatzen duten: klerigo koadrilla bat han Vatikanoan, luxuz inguraturik, atsegin patsetan. Eta, jakina, irudi hori onartezina da, “beraz” nola nik fedea praktikatu? Gainera, eurek Eliza, gehien jota ere, ONG soil bat bezala ikusten dute: agian horixe izan delako azken hamarkadetan zenbait klerigorengandik entzun duten mezua.

Tira, badago azaltzea Vatikanoan dauden “aberastasunak” arte lanak direla, gehien gehienak kristautasunari lotutakoak. Zentzuzkoa da Jainkoa gurtzekoak diren lan horiek Elizaren egoitza nagusian egotea. Hala begitantzen zait, behintzat. Gainera, “aberastasun” horiek gastuak dakartzate: zaindu behar dira, konpondu, eta abar. Ez dakit oso errentagarria den horiek guztiak edukitzea.

Baina, zertarako horrelako azalpenetan sartu? Haurride horiek horrelako komentarioak egiten dituztenean, telebistan Aita Santu baten beatifikazioari buruzko zerbait entzuten dutelarik, ez dute errealitate hori aztertu nahi. Aitzakia bat aireratzen dute, eurak sinismen-bizitzatik urruti daudela-eta, beren egoera zuritzeko.

Ingalaterrako errege-ezkontza ikusten aritu direla, hori bai, eta ez zaie bururatzen ezkontza horretan zenbat diru xahutu den: desfileak, prestakuntzak, hedapen mediatikoa, jantziak, bertaratutako kazetariak, munduko agintariek egindako bidaiak eta erreserbatutako hotelak... Zer esanik ez gerrarako erabiltzen diren tramankuluak aipatzen hasten bagara: punta-puntako hegazkinak, gerra-itsasontziak, misilak... Beraietan xahututakoaren hamarren bat (ehunen bat!) nahikoa izango zen Vatikanoko “aberastasun” guztiak erosteko eta dirudun horien etxeetara (jauregietara) eramateko. Zer polita, ezta? Michelangeloren Pietatea Berlusconiren txalet batean, edo Caravaggioren lan bat Sarkozyren jauregi batean... bitartean kristauok lan eder eta erlijiozko horiek bertatik bertara ikusi ezinik...

Baina azalpen hau luzeegia irudituko litzaieke, eta bigarren segundoan arreta galduko lukete, edota txisteratik beste aitzakia bat aterako lukete. Kontua da sinesmenarekiko errefraktantea izatea, kontua da gu maite gaituen Jesusengandik “babesteko” aitzakiazko oskola bat jartzea.

Tira, ez ditut epaitu nahi. Denok gara ahulak. Nik, haien alde errezatzen jarraitzen dut, eta ahalik eta ondoen (kariñoz, ahal bada) tratatzen ditut. Ea noiz edo noiz oskola hori gastatu eta permeable bilakatzen diren, Jesusen maitasuna noiz edo noiz dasta dezaten eta bere Pizkundeaz, haiek ere, poztu gaitezen.

Erabaki, ez geroko utzi



Apalategian neukan, hautsa biltzen. 2006an argitaratua izan zen eta 2007tik jada eskuratua neukan, baina gerotik gerora ibili naiz liburua irakurtzeko erabakia atzeratzen, aitor dut. Baina azkenean irakurri dut. Propóntelo, propónselo. Evitar el SIDA liburuaz ari naiz hiru osagilek egindako liburuaz hain zuzen. Jokin de Irala, Matthew Hanley eta Cristina López dira egileak. Garai bateko kanpaina baten parafrasia eginez, egileak ederki azaltzen dute gaixotasun latz hori zertan den. Gaixotasunaren prebentzioaz munduan zehar hartu diren erabakiak eta estrategiak aztertzen dituzte eta modu pragmatiko eta non izan duten arrakasta eta non ez azaltzen digute. Harrigarria da gaixotasun honen tasak non jaitsi diren nabarmenen, datuek erakusten dutenez: “A, B eta C” direlako pausoak kontuan hartu diren lekuetan hain zuzen.

Zeintzuk dira pauso horiek? Hona hemen, labur esanda: “A” pausoa, gaztetxoen artean sexu harremanak Atzeratzea edota, komeni den kasuetan “Abstenitzea” litzateke. Arrisku taldean ez sartzeko begien bistako erabakia da, prentsa txarra duena, baina eraginkorrena. “B” pausoa, berriz, honetan datza: bikoteak elkarrekiko fidelak izan behar dira: ez da osasungarria (ezta etikoa ere) maitasun kontuetan eta sexu kontuetan batzuekin eta besteekin esperimentatzen aritzea, jolas inofentsioboa izanen bailitzan. “C” pausoak, azkenik, honela dio: aurreko pausoak (eraginkorrenak) emateko prest ez bazaude, gutxienez zure bikotea(k) ez kutsatu (zeren zu zeu ziurrenera kutsatu egingo zara) eta horretarako neurri batean preserbatiboak lagunduko dizu. Neurri batean, jakina: ehuneko ehunean ez du beti funtzionatzen eta, gainera ziurtasun faltsu bat ematen dizu: “bera erabilita edozein gauza egin daitekeenarena”.

Estudio honek erakusten duenez, SIDA edo IHESAren aurkako kanpainak preserbatiboaren promozioan soilik oinarritu direnean (“C” pausoan soilik), gaixotasun horrekin kutsatu direnak izugarri handitu dira. Afrika eta beste kontinenteetako hainbat herrialdetan izandako eboluzioak erakusten dizkigute egileek, modu dibulgatibo ulerterrazean. Ostera, “A eta B” pausoak azpimarratu diren herrialdeetan –Uganda izan zen kasu horietako bat, batez ere 90ko hamarkadan– kutsatutakoen portzentajeak nabarmen egin zuen behera.

Hainbat osasun erakundek hiru pauso hauek (A, B eta C) azpimarratzen dituzte, behin eta berriz, nahiz eta sarritan “C” pausoa soilik bultzatzen den, interes jakin batzuek bultzatuta eta herritarrei usteldutako informazioa ematen zaien bitartean, hainbat uzta penagarri bilduz. Horretaz guztiaz mintzo da liburu irakurterraz hau, hamaika datu zehatz emanez.

Eta bitxia da –hara kasualitatea!–, hain zuzen ere Eliza da “A eta B” pausoetan Maisu: kastitatearen balioa eta edertasuna aldarrikatzen eta irakasten duelako (A) eta ezkontzaren fideltasunaren bultzatzaile onena delako (B). Elizaren irakaspenei kasu egin zaien herrialde eta giroetan gaitz izugarri horrek ez du zabalpenik izan. Horregatik are eta harrigarriagoa da zenbait sektoretik Elizari egin dizkioten kritikak, kritika manipulatuak, esanez Bera dela gaitz horren zabalpenaren erruduna. Hori guztia deuseztatu egiten da liburu sinpatiko hau irakurtzen baduzu, irakurle. Ez egin nik bezala, eta ez gerotik gerora ibili: irakurri lasai lehenbailehen eta gozatzeaz gain zure kriterioa edo irizpidea aberastuko duzu hain garrantzitsua den alor batean. Ni damu naiz lehenago irakurri ez izanaz... edo, modu positiboan esanda, poztu naiz irakurri izanaz!