Total Pageviews

Monday, August 01, 2011

San Ignazio, 2011. Azpeitia






Azpeitiko parroko Kepa Susperregi adiskidea, eta apaiz elkarmeza-emaile adiskideok; hemen zaudeten Loiolako Santutegiko arduradun eta Jesusen Lagundiko apaiz adiskideok; azpeitiar eta San Ignazio maite duzuen adiskideok; herri-agintari agurgarriok:

San Ignazioren jaiegun hau haren jaioterrian eta hura bataiatua izan zen pontearen aurrean ospatzeak, halako ñabardura eta oihartzun berezi-bereziak ditu… Lehenengo eta behin, hau aitortzetik hasi beharko genuke: santuak ez direla santu jaiotzen, baizik eta egin egiten direla santu. Elizak Ignazio santu aitortu eta Eliza Unibertsalarentzat eredu imitagarri proposatu zuenean, garbi dago ez zuela Iñigo txikia aitortu santu, Azpeitian jaio eta bere bizitzako lehen-urteak bere jaioterrian igaro zituen Iñigo txikia, alegia. Ez: Loiolako Dorretxean jaiotako haur hura ez zen artean santu; bide luzea zuen ibili beharra; bizitzako ibilbide horretan zehar garbitu eta eraberritu beharra zeukan Jainkoak Ignazioren bihotza… Elizak bere seme-alabetako norbait santu aitortzen duenean, haren bizitzako une gailurra aztertuz egiten du hori, ez beraren lehenengo pausoei begira… Ez litzateke eredu imitagarria izango guretzat, bizitzako lehenengo urteetan izugarrizko ontasun- eta perfekzio-maila lortu izanik, gerora, heldutasunera iristean, Jainkoaren bidetik aldendutako norbait. Alderantziz, hainbat santurengan gertatzen da, beren bizitzako aldi batean Jainkoaren asmoetatik gutxi-asko aldenduta ibili ondoren, gero, heldutasunean, santutasun-bidean sartzen direla erabaki sendoz.

Baina, honek ez du esan nahi, Iñigok izan zuen jaiotzak eta bizi izan zuen haurtzaroak eta gaztetxoaldiak ez zutela zerikusirik eta garrantzirik izan haren santutasun-bidean. Santuen bizitza ezagutzera hurbiltzen garenean, ikusten dugu, hasiera-hasieratik aritu dela Jainkoa arduraz haiek eratzen eta moldatzen. Esaera zaharrak dioena gogoratuz esango genuke, “Jainkoa ez dela jostorratzan haria jarri gabe josten aritzen”. Beraz, erraz kontura gintezke, geure haurtazarotik, nerabezarotik eta gaztarotik hasita prestatu dizkigula Jainkoak santutasunerako bideak.

Gogoan izango duzue, nola ospatu dugun, duela gutxi, Joan Paulo II.aren dohatsu aitortzea. Garbi dago, Elizak Karol Wojtyla aldareetara jaso duenean, ez duela hori hark Polonian bizi izandako haurtzaroari begiratuz egin; Aita Santu bezala haren azken urteek izan duten oihartzunagatik baizik. Baina haren historia pertsonalera hurbiltzean, konturatzen gara, haren bizitzako lehen urteetatik ari zela Jainkoa santu izango zenaren etorkizuna prestatzen.

Esate baterako, harrigarria gertatzen da zein ingurumari oso zailetan bizi izan zuen Karol Wojtylak bere haurtzaroa eta gaztaroa. Bederatzi urte zituen ama hil zitzaionean, eta nerabe gaztetxoa zen bere anaia bakarra hil zenean. Aita, berriz, alemanen okupaziopean zeudela hil zen, Karolek hogeita bat urte zituela. Apaizgaialdia klandestinitatean egin behar izan zuen, nazien okupazioaren kontrako erresistentzia kulturalean parte hartuz. Alemanak menperatuak izan zirenean, sobietarren okupazioa etorri zen, eta aurrera jarraitu zuen Eliza Katolikoaren kontrako pertsekuzioak. Karol gaztearen apaiz ordenaziora ez zuen bere senitarteko inork joaterik izan. Bakardade osoan aurkitzen zen mundu honetan, lagun-taldetxo bat izan ezik. Erraz uler daiteke nolako eragina izango zuten gertaera hauek guztiek Joan Paulo II.arengan haren nortasun sendoa eta adoretsua eratzekoan! Bakoitzarentzat Jainkoak pentsatu duen santutasun-eredua sutan bigunduta moldatzen da bizitzan zehar…

Antzeko zerbait esan genezake Loiolako Iñigori buruz ere. Haren arima landu zuten garai, leku eta ingurumari jakin batzuetan jaio zen gure Zaindari Santua. Jaio zen leku fisikoa –Loiolako Dorretxea, alegia–, eta leinuak edo jatorriak jartzen duen tartea ere gogoan izanik, nahiko haur bakartia izan zen Iñigo…

Garai hartan, gaur egun ikusten dugun baino askoz bakartiago zegoen Dorretxea… Mila bostehun eta berrogeita hamaikako idazki batek dioenez, baso itxi batez inguratua zegoen Dorretxea. Honela dio: “Toda cercada de una floresta y árboles de muchas maneras de frutas, tan espesos, que casi no se ve la casa hasta que están a la puerta”. Fruta-arbolaz eta bestelako zuhaitzez gordea bezala zegoela dio idazkiak. Etxe noble bateko seme izateak ere asko baldintzatuko zuen, dudarik gabe, mutiko hura; baita hamahiru senideetan txikiena izateak ere. Gurasoak ezkondu eta hogeita lau urtera jaioa zen Iñigo eta, itxura guztien arabera, oso txikia zela galdu izango zuen ama. Agian ez zuen ezagutu ere izango, edo behintzat ezin zion aurpegia jarri bere amaren oroipenari. Kontua da, San Ignaziok ez duela inon, guk dakigunez, amaren aipamenik egiten. Hamasei urte zituenean hil zitzaion aita; beste bi anaia, bera baino zaharragoak, berriz, lehenago hilak ziren Napolesen, “Gran Capitán” zeritzanaren gerratean. Gertaera honek eta aitonaren gerra-historiak ametsez bete izango zuten Iñigo gaztea, garai hartako nobleen ohiturei jarraituz (ez dago “Amadís de Gaula”-ren eleberri edo nobela gogoratu besterik).

Iritsi zen, azkenean, Martin anaia nagusiak ahaleginak egin zituen eguna, Iñigok, norabide jakinik gabe, Dorretxea utzi ez zezan, abenturazale baten antzera… Baina Ignaziok heziketa sendoz eratua zuen arima; harentzat, gauza bat zen familiaren sustraiak maite izatea, eta bestea sustrai horiei lotuta gelditzea; hark era sendoan, askean eta asmo handien arabera landua zuen bihotza.

Iñigok ez zuen haurtzaroan amaren zaintzarik eta goxotasunik izan; hor dago, agian, Ama Birjinarenganako izan zuen debozio handiaren arrazoia; hor, Iruñea babesteko guduan hartutako zauriak sendatzealdian zegoela, Dorretxean izandako gertaera bereziaren esanhia ere. Andre Maria, betiere ama, berarengana etorri zen, bihotza garbitu zion, eta Iñigok bere garaiko etxe oneko damaren batengan jarriak zituen ametsak, Zeruko Amaren edertasun paregabearengana bideratu zituen.

Urola Erdiko Bailara honetako Maria Garin izeneko emakume batek hazi zuen Iñigo, inude gisa bularra emanez. Auzoko baserri batean biziko zen emakume harekin oso harreman bizia izango zuen, eta emakume honek lagundu izango zion bere nobletasuna galdu gabe, bailarako jendearekin hurbileko harremanak izaten. Geroago, Loiolako Dorretxeko senitartean txikienaren inude izandako Maria Garin emakume hari esker finkatu ahal izan zuten zehatz lehenengo jesulagunek, Ignazio hil eta gero, beraren jaiotzako data. Emakume harentzat ohore handia izan izango zen, bere bizitzan eta hil ondoren ere Jainkoari halako aintza handia emango zion Iñigori bularra eman eta lehenengo pausoetan berari lagundu izana.

Iñigoren koinata ere, bere senide maiorazgoaren emaztea, Magdalena Araozkoa Andrea, baliabide izan zen Jainkoaren eskuetan, Loiolatarren senide txikienaren gorputza eta arima zaintzeko. Emakume jainkozalea zen; haren liburutegian ez zen Iñigorentzat bidelagun izan zitekeen mundu-giroko libururik; santuen bizitzak eta hura jainkozaletasunera eramango zuten liburuak baizik. Ikusia dago, Jainkoak prestatu eta zaintzen duela pertsona bakoitzaren bidea, hainbat giza baliabide eta bitarteko erabiliz; baina guri dagokigu, hor tartean Jainkoaren esku arduratsua ikusten jakitea…

Azpeitiar adiskideok: ez ahaztu, Iñigo bere familiarekin Azpeitiko eliza honetara etorri ohi zela igandero, Loiolako Dorretxetik, Meza Santua entzutera. Ekintza honek edukia ematen zion Jaunaren egunari eta elkartu egiten zuen familia osoa. Irudika dezakegu Loiolako Jauna, bere familia ugariarekin batera, Azpeitiara bidean. Loiolako familiak bazuen Azpeitian “Jantzi-etxe” esaten zitzaiona, txukun jarri eta elizara joateko, bera zen, hain zuzen, eliza hartako patroi edo nagusia. Baina etorri behar zuen, Ignaziok bere zaldun-jantziak erantzi eta Montserraten eskale bati trukatu zizkion eguna. Baina, gauza bakoitza bere garaian… Artean ez zen iritsi horretarako garaia!

Orain, ordea, senide maiteok, Ignazioren historia honetatik geure historia pertsonalera pasatu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar, gutako bakoitza santu izateko gai garela; gehiago oraindik: Jainkoak gugandik espero duen santutasunera iristen ez bagara, gure bizitzak porrot egin duela pentsatu beharko genuke. Santu izan nahi izatea ez da “extra” edo gehigarri bat kristauarentzat; Jesusek berak eskatzen digu Liburu Santuan: “Izan zaitezte santuak, zeruko zuen Aita santua den bezala” (Mt 5, 48). Santu izateko jaio gara, eta santutasunera ez daraman gure bizitzako beste edozein jomuga, oker egindako planteamendua izango litzateke.

Gaurko egun honetan, bizitzako bideetan Jainkoak nola eraman izan gaituen gogoratzea dagokigu geuri ere, kontura gaitezen, lehenengo pausoetatik hasita, maitasun arduratsuz, santutasunerako bidean jarri gaituela. Aurten gure Zaindari Santuaren egun honetan, asmo hau proposatzen dizuet: geure bizitzaren irakurketa berri bat egitea, haurtzarotik hasi eta gaurdaino, jomugaraino eraman nahi gaituen Jainkoaren maitasunaren hari etengabea ikusiz. Ez dezagun eten hari hori; baizik eta jarrai diezaiogun leialtasun osoz!

“Berak aukeratu gaitu santu eta errugabe izan gaitezen beraren aurrean, maitasunez” (Ef 1, 4). Zoriontsu igaro dezazuela denok San Ignazioren egun

Próximo encuentro de 2.500 miles de jóvenes en Loiola con el Prepósito de la Compañía de Jesús

Dentro de las iniciativas para la Jornada Mundial de la Juventud, se anuncia desde Magis la Compañía de Jesús reunirá a más de 2.500 jóvenes de todo el mundo en el Santuario de Loiola del 5 al 7 de agosto.

El encuentro que comienza en Loiola se encuadra en el evento MAGIS 2011 bajo el lema: “Con Cristo en el corazón del mundo

El domingo 7 de agosto, el Prepósito General de la Compañía de Jesús Adolfo Nicolás presidirá la Eucaristía que se celebrará en el exterior del Santuario.

Después se distribuirán por grupos y participarán en 100 experiencias por toda España y Portugal. El día 15 de agosto se reunirán en Madrid para sumarse a la JMJ.

La Compañía de Jesús comenzó a organizar actividades en torno a la JMJ en 1997, y así lo hicieron en Roma, Toronto, Colonia y Sidney. MAGIS agrupa a varis congregaciones religiosas que se inspiran en la espiritualidad ignaciana.

Con la Eucaristía presidida por Mons. Munilla en Loiola culminan los actos que comenzaron el 22 de julio.

Link para acceder a los audios de las Homilías durante la Novena a San Ignacio. La primera fue pronunciada por el Obispo de Donostia-San Sebastián: http://www.jesuitasdeloyola.org/noticias-es/audio-novena-bederatziurrena.html

No comments: