Total Pageviews

Monday, September 12, 2005

Joan Paulo II.ak irakatsia: zahartzaroa zelan bizi, heriotzea zelan hartu eta ospatu, harri ta zur egon dan mundu osoaren aurrean

KARMELO ETXENAGUSIA, BILBOKO GOTZAIN LAGUNTZAILEA




DEIA, 2005-04-06

"EZ, AITA SANTU hau etxuat nik, haren baten, barriro neure begiz hemen ikusiko": hauxe esan neutsan neure buruari, joan dan urtarrilean Joan Paulo II.a ikustetik urten nebanean (ad limina bisitatik). Eta enaz oker ibili. Igarle doa handirik etzan behar, egia esan, hori holan izango zala igartzeko. Askok itanduten euskuen orduan : "Eta Aita Santua, zelan aurkitu dozue?"

Eta D. Rikardok eta biok, aho batez, "geuk uste genduan baino hobeto: burua argi, arpegian kolore ona, begi urdin txikiak zorrotz, esaten jakona entzuteko adi, argibideak eskatzeko zuhur.. Berba gitxiko, baina atsegin eta hurreko. Maitegarri, benetan, bere zahartzaroan eta ezinean".

Aurtengoa nire bigarren bisitea izan da. Aurrekoa, orain dala 7 urte, orduan be Bilboko gotzaina dogun Rikardo Blazquez-egaz. Gure aurretik ikusi ebenak, Gastelgandolfon, triste etozan, Aita Santua egoera negargarrian aurkitu ebela eta. Baina, asteazken hartan, Boloniara joan zan, eta han gazteen jaialdi baten parte hartu eban (Bob Dylan kantari ospetsua eta Italiako beste kantari batzuk be han izan ziran, Joan Paulo II.aren aurrean kantatzen). Gazte jendeagaz egotea izan dau beti botikarik eraginkorrena, eta holantxe bihurtu zan Erromara, kemen eta adore barriz beteta.

Lehenengo bisita honetan hainbat aldiz egon ginan Aita Santuagaz: gotzain biok 15 minutu, beragaz bakarrik, gure Eleizearen barri emoten; gero, beste gotzain batzukaz, bere mezu idatzia hartzen eta baita bazkaiten be; eta, zelan ahaztuta utzi!, beragaz bere kapilla txiki dotorean egunsentiko mezea emoten. (Ikustekoa zan Aita Santua mezan murgilduta ikustea). Orduan be uste genduan etzala luzarorako: oinez ibilteko, zutik egoteko eta berba egiteko eragozpen handiak guztiz nabarmenak ziran.

Baina gure orduko usteak ustel: harrezkero zer eztau egin Aita Santua honek? Besteak beste, 2000garren urteko Jubileua gertatu eta ospatu, munduko hainbat herrialdetara joan, nazino barrietako ate gogorrak edegi, han-hor-hemen gazteen batzar entzutetsuak egin (Paris, Erroma, Madrid...), hirumilagarren barrirako bide ta egitarau zehatzak erakutsi Eleizeari. Eta, azkenean azkena. Nire ustez, bere bizitza luzeko irakatsirik ederrena: zahartzaroa zelan bizi, gaixoaren kurutzea zelan eroan, heriotzea zelan hartu eta ospatu, harri ta zur egon dan mundu osoaren aurrean eta begietan.


"Heriotzeak desegiten dau bizilekua munduan", kantatzen da euskeraz hilen liturgian. Gure Joan Paulo II be joan jaku; hobeto esateko, Jainkoagan hartu dau behin betiko atsedena. Gure olerkariaren antzera, esan eikean mendizale handi honek:
"Maite ditut gailurrak
argiak ez beste.
Oi, egaztia banintz,
gainik gain nenbilke!" (Lizardi).

Tatras, Alpes, Rocky Mountains, Apeninoak eta munduko beste mendi garai guztiak maite izan dituan mendigoizale honek beste gailur eta tontor batzuk izan ditu beti bere gurari bizi eta helmuga erakargarri: Errukian aberats danJaungoikoa, Espirituaren goratasuna, Jesukristo munduaren Eroslea, giza duintasuna, norberaren eta herrien askatasuna eta justizia, bakea, aurrerapidea, bizia jagotea beronen ibilpide osoan, herrien eta erlijinoen arteko anaitasuna eta alkar laguntza... Eta, bide horretatik bertatik, Jainkoak bere ume dan gizakiari jarritako helmuga gorengoa, hau da, santutasuna.

Alderdi hau, behar bada, ezta asko aitatuko egunotan, kanpoko eta azaleko beste gauza batzuk nabarmenago izan ohi dira eta. Baina fededunik zintzoenak beste edozein Aita Santuk baino askoz ugariago altarara jaso dituan honek hauxe da Eleizeari erakutsitako gailurra, bateatu guztion deia: santu izatea. Ez dau horretan ezer barririk asmatu (azken Kontzilioak ondo azpimarratuta utzi eban), baina hilbarri dogun Aita maitearen ondarea, herentzia, hartu gura badogu, ezin guk ahaztuta eta alboratuta utzi beronen azken borondatea. Eta ume umetarik hasita, bere bihotzeko eta bizitza guztiko izarra eta erregina, Andra Maria ("Totus tuus").

Behinolako arraunlari errime honek bere indar ugariak azkeneraino erre dauz Eleizea zuzentzen hainbeste ekatxen erdian, eta heldu da azken portura. Pazko astean hil jaku, hilaren lehenengo zapatuan, Errukiaren Domekako lehen bezperetan. Kristinauaren heriotzeak pazko usaina eroan behar badau beti, horrelakoxe usain gozoa izan dau Aita Santuarenak.

Bere etxean hil da -"hilteko, etxera!", esan ohi da-, bere maiteenak inguruan zituala (eta ez, ospitaleko gela hotzean). Eta gure etxeetan fededun askok erakutsi deuskuen lez, edozein kristinau zintzo lez hil da: Jesusen Pazko Misterioan sakramentuen bidez bat eginda, otoitz giro baketsuan, Jaunaren Berbea entzuten, lagun bakotxari azken agurra eginez.


Bere agolina luzean, mundurik erdia, maitasun handiz eta esker onez, bere ohe alboan izan dau, bai San Pedro plazan eta baita edozein bazterretan. Kurutzea zer dan ondo baino hobeto jakin izan dau bere bizitza guztian, eta, berariaz, azkeneko urte eta orduetan. Aste Santua kurutze-bide neketsuan Jesusegaz igaro ondoren, betiko Pazkoan sartu da. Eta gero gerokoak. Sinestu ez egitekoa heriotza honen oihartzuna mundu zabalean. Komunikabiderik gehienak alkarren lehian irudiak eta eritxiak emoten.

Goi mailako lagunak eta herrixehea Joan Paulo II.a goratzen (petral banaka bat, horraitino, gorpua lurperatu orduko kritika garratzak egiten!), kilometro luzeetan jendea zain, Aita Santuaren gorpuari azken agurra emoteko, mundu guztiko agintari nausiak hileta mezara joateko prest. lkusi ete da holakorik, mundua mundu dan artean? Eta gainean doguzan egunotan ikusiko doguna.

Behar bada, irakurle batek baino gehiagok nahiago leukean nik hemen neure eritxiak azaltzea, beste askok egin dabenez: zer eta zelakoa zan Joan Paulo II.a, zer egin eban ondo eta zer txarto, hurrengo Aita Santuak zelangoa izan behar dauan, eta beste horren antzeko zer batzuk. Baina, Aita maitea etxean gorpu, lurperatu barik dogun artean, ez dot nik joko horretan sartu nahi. Eneuke etxeko baten heriotzan be holakorik egingo. Etorriko dira horretarako egunak. Ez deioegun aurrerik hartu.

Olerkari izan dan Aita Santu honi euskal poeta biren olerkiz egin nahi neuskio agur. Lehenengoa, Pazko girokoa, Emauseko ikasle biena:
"...Bidazti deuna, / sar zaitez neurera,
bertan dozu, bada, / maitasunarrera.
Bekidat bizitza / zure itza...
Eta barru guztia / herotan dodala,
Argi biurtu bekit / eriotz-itzala.
Dana jat atsegin / Zuirekin"
("Lauaxeta").

Bigarrena, "Euskaldunak" poeman Orixe-k amona zaharrari egindako azken agur sakon ederra:
"Zeruan goien Irutasuna, /Jaungoiko andi ta maite,
besoak zabal, zuri begira / atsegin ederrez beite.
Bera izan zenun mundu onetan / izan guzien izaite.
Bere besotan menderen mande / atseginez gerta zaite"
(Orixe).

No comments: