Total Pageviews

Wednesday, December 21, 2005

"Jainkoa mundua sortu eta sortzen ari da. Eta munduaren sortze ebolutibo honetan ingenieroak Jainkoaren laguntzaile eta lagun dira"

INGENIARIEN GOI MAILAKO ESKOLAKO IKASLE BAT AZKOITIAN APAIZTU DA


Xabier Murua Bereziartua Donostian 1974ko, maiatzaren 8an jaio zen. 1992an Nafarroko Unibertsitateko Ingeniaritzako eskolan sartu zen eta ingeniaritza mekanikoa egin zuen 81ko planean. 1997-1998 kurtsoan bukatu zituen bere ikasketak. Hurrengo urtean bere anaia ere etorri zen ikastera.

Duela gutxi, abenduaren 3an Azkoitian apaiztu zen, eta hor bertan apaiz laguntzailea izango da.

- Zer izan zen ingeniaritza, gizartean hain baloratuta dagoen lana, uztera apaiza izateko?

Jainkoaren deiak. Eta ez uste borrokarik izan gabe izan denik. Asko kostatu zitzaidan. Hala ere ez dut guztiz abandonatua izan den zerbait kontsideratzen ingeniaritza. Jainkoak gizartearen zerbitzura deitzen nau eta ingeniaritza nere izaeraren konformatzaile izango da betirako. Jainkoak hori nahi duela seguru nago. Noski era desberdinean izango da baina seguru nago Elizarentzat eta Jainkoarentzat nere ingeniaritza onuragarria izan daitekeela. Gizarteak ez du ingeniero bat galdu, apaiz bat irabazi du. Uste dut denen onerako izango dela. Apaiz bezala gizartearen zerbitzari izango naiz munduaren erdian, Kristoren mezulari, ebanjelizatzaile eta berri onaren gizona. Eta honek merezi du. Horrelako deiagatik merezi du bai apaiz izatea.

- Zein izan zen zure familiaren jarrera zuk Jesusi jarraitzea erabaki zenuenean?

Oso jarrera ona izan dute. Prozesua ez da erreza izan baina gurasoak beti ondoan eta laguntzen izan ditut. Oso kristau fededunak dira eta beraientzat semea apaiz izatea erregali handia izan da. Nere bokazioa eta ibilbidea ondo irtetea hein handi batean gurasoei zor diet. Zentzu horretan Jainkoak erabili dituen bitartekari egokiak izan dira.

- Eskolako zein oroitzapenak gordetzen dituzu? Zure ustez lagundu zintuen kristau zintzoa izaten eta zure fedea sendotzen?

Ikasketak nahiko ondo eraman nituen, baina noski lan askorekin. Horregatik eskolako urteak lan jarrerarekin erlazionatzen ditut. Bertan nire izaera asko konformatu da. Kristau aldetik erlijioko klaseak eta onuragarriak izan direlakoan nago. Beste fakultate batean horrelakorik ez zen gertatuko. Egia da nere eguneroko meza eta otoitza Donostiako eliz batean egiten nituela baina eskolan dagoen kutsu erlijiosoa noski egokia izan da eta lagundu egin zuen. Hori ere eskertu beharrean nago.


Joan Maria Uriarte gotzainarekin, diakonotza hartu zuen egunean

- Uste duzu zure intelektual eta teknikari prestakuntzak zerbaiten lagunduko zaituela zure apaiz zereginetan?

Nik baietz uste dut. Niregan ingeniaritza ez da akzidente soil bat, nere izakeran sustraitua dagoen zerbait baizik. Nere izaera konformatu egiten du. Gizon praktikoagoa, pragmatikoagoa bihurtu nau. Beste apaizengan teorizaziorako tendentzia nabarmenagoa dela uste dut. Espero dut alde horretatik gizon praktikoa eta ingenioroa izatean eliz munduan aurkituko ditudan arazoekin eta nere Azkotiko destinoan eta Gipuzkoako eliz barrutiaren onerako izatea. Agian elizak ere behar du ingeniaritzaren alderdi praktiko eta pragmatikoa. Eta bukatzeko teknika beharrezkoa da. Gizarte tekniko batean bizi gara. Instrumentu guztiak ezagutzea eta erabiltzea egokia da. Jainkoaren nahia da. Noski beti Jainkoaren nahia eta gizartearen onerako erabiliz.

Xabier Murua, ingeniaritza ikasten ari zenean


- Zein mezu bidaliko zenieke zure ikasketako adiskideri eta ingeniaritza ikasten ari diren gazteei?

Jainkoaren aurpegi kreatzailearen laguntzaileak direla. Jainkoa mundua sortu eta sortzen ari da. Eta munduaren sortze ebolutibo honetan ingenieroak Jainkoaren laguntzaile eta lagun dira. Ingenieroak teknikaren bitartez materia bera transformatu, egokitu eta aldatu egiten duzue. Honekin zera esan nahi dizuet Jainkoaren aurpegi kreatzailearen, gizonaren eta gizartearen alde duen aurpegi kreatzaile horren laguntzaile zaretela. Guk ingenierook zorte handia izan dugu materia beraren estruktura eta funtzionamendua ezagutzean. Ziur inork ez bezala ezagutzen dugula munduaren edertasuna.

Ez dezazuela sekula ahaztu edertasun honen atzean Jainkoaren edertasuna dagoela. Disfrutatu ezazue izan duzue aukera horretaz. Eta azkenik, ez dezazuela sekula ahaztu zuen lana zeinentzako eta zertarako den. Gizartearen zerbitzurako, gizon guztien onerako, batik bat txiro eta bizi baldintza gutxituenak dituztenen aldekoa izan dadila. Zuen teknikaren bitartez gizonaren ona bilatuz, Jainkoaren bihotza alaitzen jakin dezazuela. Gizonaren onerako den zuen teknika izan dadila Jainkoaren bihotza alaituko duen sinfonia.



No comments: