Total Pageviews
Tuesday, December 20, 2005
Mezatara, zer dela eta? (V)
Zergatik igandeetan?
― Begira, On Bixente, nik ulertzen ez dudana da zergatik Elizak dioen Mezatara igandean joan behar dela. Beste egunen bat hobeto badatorkizu, zer? Esaterako, bihotzak ostegunean joatea eskatzen badizu, zer?
― Goazen pausoz pauso. Lehenengo eta behin, ba al dakik zergatik igandeari “domeka” ere esaten zaion?
― Bada, ez.
― Jaunaren eguna delako, “Dominica” latinez esaten denez. Judutarrendako larunbata duk gurtza eta atseden eguna, baina Jesukristo larunbataren biharamunean berpiztu zuan, eta horregatik Itun Berrian Kristautasunak egun horretan gurtza ematea nahi izan dik. Vatikanoko II. Kontzilioaren Dokumentu hauetan… Ia zer dioen…, Sacrosanctum Concilium izeneko Konstituzio bat duk, ezta sonatu ere egingo ez zaizuna… Hara!, hemen zegok. “Elizak, Kristoren Berpizkundean errotutako ohitura apostoliko bat dela kausa, zortzi egunetik zortzi egunera ospatzen du pazko-misterioa, “Jaunaren eguna” izenekoan edo igandean. Egun horretan sinestunak elkartu behar dira, Jainkoaren hitza entzunik eta Eukaristian parte harturik, Jesus Jaunaren Nekaldi, Berpizkunde eta aintza gogoratzeko asmoz”.
― Baina pertsona batek ezinezkoa badu igandean joatea?
― Bezperan joatea bazegok, igandeko Meza esaten den batera.
― Eta larunbatean ezin bada joan, gaixorik dagoelako?
― Orduan ez duk zertan joan. Ez dik “konbalidatu” behar beste egun baten ordez.
― Eta txango bat duela-eta, ezin bada joan?
― Hara! Eta txango-egun batean zerbait jateari uzten al zaiok?
― Ez.
― Hala duk. Normalean txangoetan norberak ateratzen dik astia almortzu, hamaiketako edo bazkaritxo bat egiteko. Bada gauza bera Mezatara joan ahal izateko. Agian bezperan joatea edo goizago jaikitzea duk konponbidea… edo txangora Meza emango duen apaiz bat eramatea. Edozein modutan, hori konpondu ezin baduk, ba ez duk txangoa egiten eta kito… edo larunbatean joan haiteke. Badituk gauza asko egitea gustatuko litzaizkigukeenak, baina ez dituk bateragarriak… Kontua duk Meza berez zer den ikustea, igandeko eginkizunik garrantzitsuena, eta ez gainditu beharreko “oztopo” bat.
― Jo! Baina asko da Elizak eskatzen duena… astero joan behar izatea ere!…
― Asko? Sobera gutxi duk eta! Zenbat ordu eskaintzen dizkiok jateari, lo egiteari, telebista ikusteari… aste batean? Ez esan asko denik ordu bat astean. Kontua duk gauza batean interesatuta ez zaudenean edozein ahalegin izugarria iruditzen zaizula. Konturatzen bahaiz Elizak gutxieneko gauza gutxi-gutxi agintzen zizkiek sinestunei: bataiatzea, Zuzenbide Kanonikoaren bidez ezkontzea, urtean behin aitortzea, urtean behin Jaunartzea… Ia-ia gutxien eskatzen duen erlijioa duk, gutxienei dagokienez, noski. Hori bai, astean behin Jainkoari gurtza publikoa eman behar zioagu.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment