Total Pageviews

Tuesday, December 13, 2005

Mezatara, zer dela eta? (IV)




―Ulertzen ez dudana da nola Jainko Aitak nahi izan duen sakrifizio hori errepika dadin, horrenbeste sufritu bazuen.
―Berez sakrifizio berbera izan arren, Mezan Jesukristo beste modu batera eskaintzen duk. Kalbario mendian Jesukristo sufritu eta hil egin zian, baina Mezan orain dagoen bezala agertzen da, loriotsu, eta ezin dik ez sufritu ezta hil ere, sakrifizio berbera errepikatzen den arren. Gainera, beste ñabardurak ere badituk. Euretariko bat: Jesukristo bere apaizen bidez eskaintzen duk, Bera izan arren eskaintzen dena. Kontsagrazioan apaizak in persona Christi, Kristoren izenenean dihardu. Horregatik “hau nire gorputza da” eta “hau nire odolaren kaliza da” esaten dik. Ez dik esaten Kristoren gorputz eta odola direnik, Bereak direla baizik. Beste desberdintasuna duk Kristoren oparigai legez eskaintzeko modua. Kalbarioan begi bistakoa zen bere eskaintza. Aldarean ordea, oparigai izan arren, ogi eta ardoaren antzirudiarekin eskaintzen duk, Azken Afarian ezarrita izan zuan moduan.
―Beraz, Meza bakoitzean Gurutzearen sakrifizioa berritzen da? Hau da, hau!
―Halaxe duk, bai. Horregatik duk hain garrantzitsua zertan datzan deskubritu dezazun. Begiekin ez ikusi arren esandakoa guztiz erreala duk. Katolikook sinismena daukagulako hori bazekiagu; izan ere, besteek jakin ezin ditzaketen gauzak bazekizkiagu, bertute hau dela medio. Hik sinisten duk, eztuk?
― Baietz uste dut. Baina ez nekien Mezan hori gertatzen zenik.
―Izan ere, Sinismen gehiago izateko beharrezkoa duk kristau ikasbidea hobeto ezagutzea. Bestela erlojua oparitu zioten dantzariari jazo zitzaiona gerta zitekean.
― Zer gertatu zen ba?
― Ez al dakik ala? Aspaldi Errusian gertatu zuan. Ba omen zuan neskatxa dantzari ospetsu bat orduko Zar ospetsuaren aurrean dantzatu zuena. Hainbeste gustatu zitzaioan Zarri ezen jauregian zeukan erloju bat hartu eta bere otsein bati eman baitzion dantzariari emateko esanez. Honek pentsatu zian urrezko erlojua baliotsuegia zela dantzari bati emateko. Zilarrezko baten ordez trukatu eta Jeneral bati eman zioan dantzariari emateko aginduz. Jeneralak ere pentsatu zian zilarrezko erlojua baliotsuegia zela dantzari bati emateko eta kapitain bati erloju merkeago bat eros zezala eskatu zioan. Azkenik, dantzariak erloju arrunt bat jaso zian Zarren partetik. Esan nahi diat, kristauok bitxi baliotsu bat jaso diagula, Jainkoak berak emana. Meza Santua altxor handia duk. Jainkoak gizonekin egindako Itun Berria duk, aldarean berritzen dena. Gu ordea, ohitu egiten gaituk batzuetan Mezatara behin eta berriz joatearen poderioz eta batzutan pentsatzen diagu bilera erlijiotsu bat besterik ez dela, apaiz batek deitua.

Birigarro

No comments: