Total Pageviews
Tuesday, July 04, 2006
Afektibitatea heztea (XI)
Heziketa hitza aipatzen den bakoitzean haurrengan pentsatzen ohi dugu normalean. Baina agian gurasoak dira beren burua lehenbizi hezi behar dutenak hainbat eta hainbat arlotan. Are gehiago, gurasoak izan baino lehen, senar-emaztegai garaian, arreta eskaini behar zaio arlo honi.
Badira batzuk gutxi maitatzen dutenak eta hori gabezia bat da. Baina badira asko eta gaizki maitatzen dutenak. Gure helburua asko eta ondo maitatzea da. Jar dezagun adibide bat: gaztetan neskalagun batzuk oso maitekorrak dira, baina posesiboak ere bai. Hainbeste maite dute ezen beren bikotea itotzen dute. Izan ere, badirudi asko maitatzeak eskubide batzuk ematen dituela (maitale jeloskor haien arabera): bertzearen erantzuna, arreta, onespena... Xantaia afektiboaren aitzinean gaude.
Bertzalde “ama oilalokaren” sindromea dugu, oso hedatua mundu zabalean eta agian zertxobait gehiago gurean (?). Zertan datza sindrome hau? Gehiegizko babesean. Agerpen desberdinak izan ditzake. Batzuetan semea edo alaba edozein atsekabe edo sakrifiziotatik babesten da. Gutiziak betetzen zaizkio, gaizki ulerturiko maitasuna izaki. Bertze batzuetan (edo aldi berean) erabakitzeko aukerak murrizten zaizkio haurrari, gaizki aukeratuko duelakoan edo kaltegarria izanen delakoan. Horrela ez dago modurik heldutasunera iristeko. Bertze batzuetan seme edo alabak etxeko zulotik alde egitea (bidaia, kanpamentu, ikasketa aldietan edo bertzelakoetan) izugarrizko krisia edo trantzea izaten da: itzelezko beldurra dago zer gertatuko ote zaion. Askotan hori ere galarazten zaie. Ez diot haurren ziurtasuna zaindu behar ez denik, baina askotan guraso batzuen erreakzio horretan eskuzabaltasun falta nabari da. Ez da haurra soilik, lotura afektibo desorekatu eta berekoia egon liteke tartean.
Jaunaren maitasuna ez da horrelakoa. Berak izugarri maite gaitu baina bakoitzaren askatasuna ere errespetatzen du. Makina bat maitasun agerpen egin dit, baina ez ditu xantai legez erabiliko. Nire, zure maitasuna eskatzen du, baina xuxurlaz, eskale gizajo baten moduan. Berak dena dauka, ez du ezeren beharrik, baina gure maitasun pobrearekin gutiziatu da, zurekin, nirekin maitemindu da: “bulnerable” bilakatu nahi izan du. Badugu non ikasi.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment