Total Pageviews

Monday, July 31, 2006

Afektibitatea heztea (XIII)


Ematen uztea

Garizuma bateko leloa hauxe izan zen: “zoriontasun gehiago dago ematean jasotzean baino”. Hala da, eta Ebanjelioan honela diosku Jaunak: “Gizonaren Semea ere ez baita etorri besteen zerbitzuak hartzera, besteak zerbitzatzera baizik, eta bere bizi askoren erospen-sari ematera” (Mt 20, 28). Jakina, kristau bat bertzeen zerbitzaria da, bere bizitza baliotsua da baldin eta bertzeen alde eskaintzen badu maitasunak gidatuta. Jauntxokeriak ez du lekurik kristau baten bizitzan.
Baina baten batek galdera hau egin lezake: Eta ematekorik deusik ez duena?, ez da zoriontsua izango? Kezka hori normala da, izan ere eman ahal izateko, zerbait ukan behar da. Daukagun guztia, egia erranta, maileguan –prestamuan- daukagu. Hala ere, ematea pozgarria da eskaintza edo maitasunaren keinu bat delako. Eta gu maitatzeko jaio gara. Maitasun handi, garbi eta benetako bat aurkitu ezean, ordezko maitakeria batzuetara joko dugu. Baina maitasunak norabide bi dauzka: eman eta jasotzekoa.
Maitasun istorio baten, maitale biak emateko eta jasotzeko kapazak izan behar dira. Emateko eskuzabaltasuna behar da. Jasotzeko, ordea, apaltasuna da beharrezko, bertzearen maitasuna edota laguntza behar dugula aitortzea. Maitale batek ez badaki jasotzen, ematea bertzerik ez badu egiten, orduan maitasun horretan zerbait ez doa ondo. Nork ez du jaso nahi? Autosufizientea denak, bere burua aski duenak. Bertzalde, emate horretan batzutan nolabaiteko banitatea sartzen ahal da: mesedeak etengabe egiteko premia sentitzen da, baina geure buruari “hobeak” garela demostratzeko. Horregatik, batzutan eman behar da, eta bertzeetan ematen utzi behar zaio bertzeari. Anitzendako hau zailagoa da, norberaren urguiluak uzten ez digulako; aditu Pedrori bertzela: “Jauna, Zuk niri oinak garbitu? (...) Zuk ez didazu niri behinere oinik garbituko!” (Jn 13, 6).
Deusik ez duenak badu zerbait “emateko”: bertzeen maitasuna eskaintzen uztea. Eta Aste Santuan gogoratzen denez, hil eta berpiztu zen gure Jesusi badugu zerbait “emateko”: Bere maitasuna gure bizitzaren jabe izaten uztea. Elizak Pazkoan aitortu eta Jaunartzera animatzen gaitu. Ze modu hoberik Jaunari gu besarkatzeko aukera “emateko”?

No comments: