Total Pageviews

Monday, July 17, 2006

Afektibitatea heztea (XII)


Urguiluaren traba


Bada gauza bat zenbait animalirekin konpartitzen duguna: afektua. Hala da, txakur batek bere jabeari afektua dio, eta batzuetan afektu handia, baina txakurrak ez du bere jabea "maitatzen". Maitatu, gizakiok egin dezakegu soilik. Jakina, gizakion maitasuna ez da espiritual hutsa: agerpen fisiko-afektiboak ere baditu. Hala ere, horietan geratzea, bertze zerbait handiago baterako jauzia ez egitea edota degradazioa litzateke. Bertzela, berrogeitaka urteko emakume txakurdunei begiratzea bertzerik ez dago: txakurrarekin solasten, hizketaldi luze eta arrazoiketan sartuta, animali horiengandik afektua bilatzen, agian gizakiengan aurkitu ez duten afektua, edo izan ez duten seme/alaba txikitxo batengandik jasoko ez dutena.
Baina maitasunaren oztopo bat urguilua da. Eta urguilua askotan defentsa mekanismoa da: galdutako duintasuna berreskuratu nahia. Haur bat, nerabe bat, edadeko bat ez bada bere duintasunaz konturatzen –Jainkoaren seme-alabak garela, Jaunak banan-banan eta izugarri estimatzen gaituela–, bere duintasuna bertzeengan bilatuko du: bertzeen gainetik izan nahiko du, arrogantzia zein harropuzkeri zaratatsu baten bidez edo barnerakoia izanez (bertzeen ukapenaren beldurrez).
Horregatik konturatu behar gara santutasuna, Jaunarengandik hurbil egotea ez dela perfekziokeria, pertsona osatua izatea. Askotan saiatzen gara Jaunarekiko hartzekodun ez izaten, berarekin zorrik ez izaten. Baina Jaunaren maitale izatea gure hutsuneak ezagutzea eta poztea da: zergatik? Gure Jesusek bere grazia bertan isuriko duelako. Berak ez digu eskatzen maila ona ematea. Bere maitasuna onartzea bertzerik ez du nahi. Dena dauka, munduaren sortzailea da, baina zerbait “falta” zaio: zure, nire maitasuna, pobrea bai, baina errepikaezina.
Berriro ere Eric Clapton-en abesti batera joko dut: “All our past times” izenekoa. Badirudi Jaunari hitz batzuk lapurtu dizkiola: “I don’t care how much it costs, cause I don’t count the loss, as long as I can see your face again” (berdin zait zenbat balio duen, ze galera ez dut kontutan hartzen, zure aurpegia berriro ikusten ahal dudan bidartean). Hala da, Jesusek askatasuna ematen digu gure bizitzarekin nahi duguna egiteko. Arrisku handia da bai, baina ez du axola, baldin eta gure akatsetatik damututa Harengana bueltatzen bagara behin eta berriz. Ez da nekatzen bere barkamena eta bere besarkada behin eta berriro guri eskaintzen. Eta urguiliak ez du lekurik izanen aitortza sakramentuaren bidez Harengana hurbiltzen bagara.

No comments: