Total Pageviews
Tuesday, May 18, 2010
"Euskararen aldeko herri ekimen indartsuak nazioartean harridura sortzen du"
[ Perspektiba eskaintzen duen artikulu edota elkarrizketa interesgarria. Zorionak bere egileari, Amaia Alvarezi]
pamplona. Orain dela 27 urte izan zuen Hiromi Yoshidak euskararekin lehen kontaktua. Aurretik ez zekien existitzen zenik ere. Ez da harri-tzekoa, 50 urteko linguista japoniarrak ez baitzuen inolako loturarik Euskal Herriarekin. Orain, ordea, Azpeitiko euskalki perfektua erabiltzen du eta euskara Japoniako mundu akademikoan ezagutarazteko lanetan dabil Waseda eta Osakako unibertsitateetan. Duela egun batzuk Iruñean egon zen bere esperientzia kontatzen. Nafarroa Oinezen harira Paz de Ziganda ikastolak antolatutako mahai inguru batean hartu zuen parte. Euskara hutsean mintzatu zen, gaztelania ez baitu menperatzen.
Zer esan zizuten lagunek euskara ikasteko asmoa agertu zenienean?
"Baina, zer pentsatzen du neska honek?", zioten. Hala ere, linguistika munduan ibiltzen zirenek primeran ulertu zuten nire erabakia.
"Japonian euskal kultura gero eta gehiago ezagutzen da; pintxoak modan daude"
Zer dela eta ikasi zenuen euskara?
Hasiera batean, oso diferentea zelako. Gero, hasi eta gero, gustatu zitzaidalako. Linguistika eta Ingeles Filologia ikasi nuelarik izan nuen lehendabiziko kontaktua euskararekin, Waseda Unibertsitatean, Tokion. Hizkuntza ezberdin bat ikasi nahi nuen, besteekin alderatuz zerikusirik ez zuena. Kasualidadez, Wasedako irakasle batek euskara ikastaro labur bat antolatu zuen eta lau ikasle apuntatu ginen. Kantu tradizionalak ikasten genituen. Isil-isilik dago eta Hegoak ebaki banizkion, adibidez.
Eta ikasten jarraitu zenuen...
Oso lagun onak egin ginen ikastaro hartan, eta irakaslea ere oso trebea zen, horregatik izan nuen jarraitzeko gogoa. Karrera bukatu ondoren lanean nengoela, eszedentzia eskatu nuen Euskal Herrira etortzeko. Gero, Lazkaoko Maizpide barnetegian 14 hilabete pasa nituen euskara ikasten, 1989tik 1990era.
Zeintzuk dira euskararen berezitasunak?
Munduan sei edo zazpi mila hizkuntza daude, eta bakoitzak baditu bere aberastasunak. Euskarak ere berezitasun asko ditu. Adi-tzak, azentoak... Hala ere, hemen Euskal Herrian hizkuntzaren aldeko herri ekimen indartsua da gehien harritu ninduena, eta nazioartean ere harridura sortarazten du.
Zein da Japonian dituzun ikasleen profila?
Batzuk hikuntzalariak direlako eta beste batzuk arrazoi ezberdinengatik ikasten dute euskara. Askorendako, adibidez, futbola izaten da bidea. Espainiako ligan zaleak dira eta hortik ezagutzen dute Euskal Herria. Aurten badaude bi ikasle, adibidez, koroan kantatzen dutenak eta Javier Busto konpositore eta zuzendariaren bitartez ezagutu dute euskara. Beste askok turismoarengatik ikasten dute, Espainian eta Euskal Herrian egon direlako. Beste askok, berriz, gauza arraroa delako.
Orokorrean, Japonian badakite zer den euskara?
Uste dut gero eta gehiago ezagu-tzen dutela. Ni hasi nintzen garaian oso jende gutxik ezagutzen zuen, baina azken urteetan, Japoniako aldizkari askotan Euskal Herriari buruzko artikulu asko azaldu dira. Turismoari eta gastronomiari begira, batez ere. Euskal musika ere, gero eta ezagunagoa da han. Kepa Junkera, adibidez, askotan izan da Japonian, eta beti sarrerak segituan saltzen ditu. Ni hasi nintzen garaian jende gutxik ezagutzen zuen Euskal Herria, eta ezagutzen zuten horiek terrorismoari eta ETAri lotutako albisteengatik zen. Orain gauzak aldatu dira. Adibidez, pintxoak oso modan daude. Geroz eta jatetxe gehiagotan eskaintzen dituzte Tokion.
Zer aberastasun ematen dizu hizkuntza berri bat ikasteak?
Mundua gehiago zabaltzen zaizu, hizkuntzaren bitartez kultura eta herri baten pentsamendua ere ikasten duzulako. Ingelesa bakarrikan ikasten baldin baduzu, ingelesa dakitenen mundua soilik ezagutuko duzu. Hala ere, nire ustez, oraindik ez dira hizkuntza gutxituak behar bezala baloratzen mundu mailan. Lan handia dago egiteko.
PROTAGONISTA
· Adina. 50 urte.
· Jaioterria. Japoniako Akita izeneko probintzian jaiotakoa da.
· Ibilbide profesionala. Ingeles Filologian lizentziatua da. Tokioko Waseda Unibertsitatean linguistikan doktoratua egin zuen Azpeitiko euskararen aditz laguntzaile sistema izenburupean. Gaur egun, Wasedan euskara irakasten du eta ikertzailea ere bada. Bertan, urtero 35 irakasle izaten ditu eta Tokiotik 500 kilometrora dagoen Osaka Unibertsiatean, aldiz, 40 inguru.
"Japonian euskal kultura gero eta gehiago ezagutzen da; pintxoak modan daude"
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment